Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Herritarren ongizatea bilatuko dugu"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 18a, 07:58

Otegi alkateak «herri bizia izatea nahi badugu herritar guztiei begirako ekitaldiak antolatzea beharrezkoa ikusten dugu», dio.

Bakarne Otegi da Ikaztegietako EH Bilduko alkatea, hiru zinegotzi berrirekin bigarren agintaldia hasi du.

Nolakoa da Ikaztegietako alkate izatea?

Lana du, eta herritarrak gainean izaten ditut. Kalean asko ibiltzen naiz, eta edozein gerturatzen zait bere kezka, arazo edota iritzia ematera. Baina bakean uzten ere badakite.

Zinegotzi berriak dituzu alboan, lanak banatu dituzue?

Bai, kokatzen eta martxa hartu nahian gabiltza. Bakoitzak erosoen sentitzen den edo gertukoen dituen gaiak hartu ditu, eta alkate ni izanda pisu gehien neronek dut, baina talde bat gara.

Zer darabilkizue orain esku artean?

Ikasturte hasiera betea izan dugu. Hasteko, kaleko katuekin sortu zaigu arazoa. Asko ugaritu dira, eta horri irtenbide bat eman nahian gabiltza. Herritarren ezinegonari erantzuteko kiroldegiko zelaiaren proiektuaren gaineko galdeketa egin dugu, eta baietzak irabazi du. Beraz, horrekin hasiko gara.

Eta hurrengo lau urteei begira, zer?

Hasteko herri bizi bat izatea nahi dugu, eta orain arteko egitasmoak aurrera ateratzen ahaleginduko gara. Esaterako, adinekoei begirako Tipi Tapa ekimena bigarren urtez martxan jarria dugu. Herritarren ongizatea bilatuko dugu. Kulturari ere garrantzia eman nahi diogu. Herri bizia izatea nahi badugu herritar guztiei begirako ekitaldiak antolatzea beharrezkoa ikusten dugu. Gazteak herrian geratu daitezen saiatuko gara, eta hondakinen gaiari ere heldu nahiko genioke. Euskara ere gurea dugu, eta aurten herrian euskara ikasiko duen talde bat osatzea lortu dugu.

Aurreko agintaldiaren jarraipena izango da?

Bai, bide bertsutik jarraituko dugu. Herritarrek ekar ditzaketen arazoei eta proposamenei erantzuten saiatuko gara, ahalik eta txukunen.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa?

Ona, nahiko ona. Pare bat mailegu ditugu, baina ezin esan gaizki gaudenik.

Herria osasuntsu dago?

Bai, osasuntsu dago, baina egia da jaiotza tasak behera egin duela. Baina momentuz haur eskola irekita mantentzeko arazorik ez dugu. Eskolan ere haur asko daude, eta gazte dezente dago herrian. Eta nola ez, beharrezkoak ditugun adinekoak ere baditugu.

Nolakoak direla esango zenuke ikaztegietarrak?

Alde guztietan bezala, era guztietako jendea dago, baina jende ona dela esango nuke. Ondo hartu naute.

Zerbait eskatuko zenieke herritarrei?

Parte hartzeko. Jende bat ohituta dago kultura batzordean parte hartzera, eta batzorderik jendetsuena izan ohi da. Baina beste zenbait gaietan jendeari beldurrik gabe gerturatzeko eskatuko nioke udaletxera. Pentsaera ezberdineko jendea elkartuta gauza interesgarriagoak ateratzeko aukerak izango genituzke horrela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!