Galdeketa, kiroldegiko proiektua egin edo ez erabakitzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 10a, 11:59

Ikaztegietako Udalak herritarrei erabakitzeko aukera emango die, igandean, goiz eta arratsalde, galdeketa eginez.

Ikaztegietako Udalak aurreko agintalditik lotua zuen kiroldegiko zelaian egin asmo duen proiektua. Berau gauzatzeko diru laguntza eskuratua izan arren, orain, herritarrei galdetuko diete proiektuarekin aurrera egitea nahi duten edo ez.

Udaletik jakinarazi dutenez, aurreko agintaldi amaieran «herritar batzuk beraien ezinegona» azaldu zieten proiektuaren gainean. Bi batzar ireki egin zituzten, eta zalantzak argituagatik ere, herritarrei hitza ematea erabaki dute. Igandean, hilak 13, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da bozkatzeko aukera, udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Herritarra izatea beharrezkoa izango da, eta 2003 urte aurretik jaiotakoek 2003 barne bozkatu ahalko dute. Bai edo ez baino ezingo da bozkatu.

5000 METRO KARRATU

Ikaztegietako Udalaren arabera, «herritarrengandik proposamenak jaso eta konturatu ginen umeek futbolean jolasteko behar bezalako eremurik ez dutela. Udalak, bere garaian, kirol ekipamenduetara bideratzeko asmoarekin bereganatu zuen kiroldegiaren ondoko zelaia, eta hori kontuan hartuta leku egokia iruditu zitzaigun», azaldu dute.

Ideiari tiraka, aisialdirako eta kiroletarako gune bat egokitzea pentsatu zuten, «eragin txikiena sortuko zuen esku-hartze bat eginez». Gaineratu dute, «pilotalekuaz gain, gaur egun, ez dago futbolerako edo saskibaloirako gune egokirik». Proiektu honekin, «adin guztietako herritarrei aisialdirako, kirolerako edo egonaldirako gune berdea eskaini nahi zaie».

Eremuak 5.000 metro karratu inguruko azalera du, eta «horietatik soilik 1.800 inguru urbanizatuko dira, eta gainerako azalera bere horretan geldituko da», argitu dute, eta azpimarratu, «gaur egun dauden jolas parkea eta aisialdirako mahai eta eserlekuak bere horretan mantenduko dira, herri parke moduko bat osatuz».

148.234 EUROKO LAGUNTZA

Bi gunetan bana daiteke proiektua. Alde batetik, 30x15 metroko neurriak izango dituen kirol askotarikorako jokalekua izango du, haur, gazte nahiz helduek erabiltzeko. Gunea egokitua izango da dagozkion argiztatze eta elementuekin, eta 588,44 metro karratu azalera izango du. Bestetik, kirol jarduera zein aisialdirako zirkuitu bat egingo da, paseatu, korrika egin edota bizikletaz ibiltzeko. «Aipagarria da zirkuituak, gaur egungo udalerriko beste eremuek ez bezala, errepidetik babestuta eta ingurune fisiko erakargarrian aisialdia eta kirola egitea ahalbideratuko dituela», nabarmendu dute. Bi metroko zabalera izango du ibilbideak.

Proiektu guztia gauzatzeak 228.053,04 euroko aurrekontua du, eta Eusko Jaurlaritzako Ereineko diru laguntzak 148.234,48 euroko laguntza du esleitua Ikaztegietarentzat: «Udalak 79.823,56 euro jarri beharko ditu, eta ezin da moldaketarik egin, proiektu horri lotutako diru laguntza baita; eta ezin da beste ezertara bideratu», diote udaletik. Errepidetik landarediaz babestuko da, eta barneko ibilbideak eserlekuak eta argiztapena izango ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!