«Nire obsesioa martetarrek iritsi behar zuten ordurako Zarauzko hondartzan egotea zen»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 20a, 19:59

50 urte bete dira Iñaki Zubeldia idazleak 'Euskaldun bat Marten' liburua idatzi zuenetik. Ikaztegietarrak Zertara datoz martetarrak? liburua argitaratu du orain. Trilogia bat osatu du, Euskaldun bat Marten eta Martetarrak Zarautzen liburuekin.

Lehen liburua idatzi zenuenetik 50 urte pasatu dira. Erraz esaten da?

Aspaldiko kontuak dira. Orduan 24 urte nituen, eta Zarautzen irakasle egon eta gero izan zen. Oso oroimen politak utzi dizkit buruan. Liburu horrek asko eman dit, irakurleen aldetik eta gero, bestalde, idazle izateko nolabaiteko gogoa piztu zidan. Idazle bezala, liburu hori, nolabait, nire bataioa izan zen. Nire aurrenekoa izan zen, eta Irun Saria eman zidaten. Garai hartan oso sari garrantzitsua zen, eta horrek bultzatu ninduen gehiago idaztera.

Pentsatua zenuen idazle izan nahi ote zenuen, edo saria izan zen zu idazle izateko pizgarria?

Bai, noski. Hori izan zen pizgarria. Ni irakasle normal bat nintzen, eta ez nuen sekula pentsatu «idazle izan behar dut». Suertea izan genuen eta, batez ere, beharra izan zen. Ikastoletako hasierako mundu hartan ez zegoen ezer, ez irakurtzeko, ezta testu libururik ere, ikasteko. Beharrak eraginda izan zen, eta inguruan tokatu zitzaidan Joxe Antonio Ormazabal. Idazle bikaina, inspirazio iturri izaten zen askotan, eta oso lagunak ginen. Garai hartan elkarri asko bultza izan genion, eta handik hasi ginen idazten.

Ibilbide luzea izan du zure lehen liburuak eta, orain, trilogiaren azken liburua argitaratu duzu: 'Zertara datoz martetarrak?'.

Imanol Agirre Garoa liburu dendakoa da, zarauztarra, eta nonbait berak umetan irakurri zuen Euskaldun bat Marten liburua. Bere burua identifikatua sentitzen zuen. Bera ere ibili zela martetarrekin Zarautzen, eta beti esaten zidan: «Hire libururik onena hori dek, eta noiz idatzi behar dek martetarren bigarren partea?». Nik beti erantzuten nion aspaldiko kontuak zirela eta ez zegoela bigarren parterik. Egun batean, ordea, Zarauzko malekoian paseatzen nenbilela, «laster 2019a» gogoratu nintzen. 50 urte martetarrak etorri zirela, beraz, idazteko motibo bakarra hori da: 50. urteurrena ospatu nahi dutela, eta martetar pila bat ekarri nahi dituztela Zarautzera.

10.000 bat martetar txiki, 500 bat espaziontzitan,... Baina, besterik gabe ezin zen izan. Bigarren liburu bat egitea pentsatu nuen, prestakuntzak egitera nola etortzen diren kontatuz, eta Zarauzko Udalarekin adosten dute. Eta gero dator hirugarrena.

Hori da, 2015ean, 'Martetarrak Zarautzen' argitaratu zenuen. Harrera ona izan du?

Bai, asko gustatu zaie umeei, eta grazia egiten die.

Azken liburuarekin istorioari amaiera eman diozu. Gustura geratu zara?

Bai. Egia esan, idazleok gauza arraroak egiten ditugu, eta abuztuaren 1ean etorri behar zuten martetarrek, noski. Kanpoan nenbilen erosketak egiten, eta nire obsesioa 11:30erako, hau da, martetarrak iritsi behar zuten ordurako, Zarauzko hondartzan egotea zen. Banekien ez zirela etorriko, baina aurretik, urtebete lehenago, harremanetan jarri nintzen Azti-Tecnaliakoekin. Marea baxua zehazki noiz izango zen jakin nahi nuen, 500 espaziontziak Zarauzko hondartzan lurreratu ahal izateko. Txintxo-txintxo erantzun zidaten, goizeko 11:20an izango zela. Ni terdietarako iritsi nintzen, eta marea 200 metro jaitsita zegoen. Izugarri baxu zegoen.



Guztiak sartzeko moduan izango ziren, beraz.

Bai, bai. Ondo asmatu zuten, eta martetar guztiak ondo sartzeko moduan izango ziren.

Lehen liburua irakurri zutenek, bigarrena irakurri duten badakizu?

Ez dut horrelako erreferentziarik, baina gaztetan irakurri zuten askok komentatu didate garai haietan liburuak beraiengan izan zuen eragina. Askori espaziontziek-eta inpaktua eragin zien. Eskoletara joaten naizenean anekdota bitxiak gertatzen zaizkit eta, esaterako, umeak liburu zahar-zaharrekin etortzen zaizkit, «ez dut erosi liburua, nire amak gordetzen zuen eta» esanez, eta polita da.

Marte eta martetarrek erakartzen dituzte haurrak?

Bai, asko oraindik. Badakite Marten ez omen dagoela bizitzarik, eta zaila dela bizitzea, baina interneten Boris edo Boriska jartzen baduzu, Marteko umea ikusiko duzu. Errusian jaio zen mutiko bat da, eta berez martetarra. Gerra gogorrak izan zituztela eta oraindik ere, gaur egun, bizi direla dio. Gordeta, lurrazpian bizi direla. Ez dakit zer den, eta egia den edo ez esatera ni ez noa. Ura azaldu da, eta bizi posibilitateak egon dira, eta gaur egun gizakiak begiak jarrita dauzka Marten. Kontu hauek kontatzen dizkiet, eta etxera joandakoan Boris interneten begiratzeko esaten diet. Jenio bat da, eta izugarri daki. Eta oso gai polita izan daiteke beraien artean eztabaida sortzeko, eta gai honi buruz gehiago jakiteko. Hipotesi asko daude, eta zuhurtasunez hitz egin behar da gaiaren inguruan.

Oraindik jarraitzen duzu eskoletara joaten?

Bai, eta indarra eta gaitasuna dudan bitartean jarraituko dut. Oso pozik joaten naiz, eta guretzat hori oxigenoa da. Nork irakurri duen eta ez duen ikusten duzu, zein sentsazio utzi dizkion, zein gai gustatzen zaizkion,... Eta oraindik badauzkat gai gehiago idazteko.

Galdera asko izaten dituzte?

Normalean galdera pila bat izaten dituzte, eta oso kuriosoa da umeen mundua. Liburuaz aparte, galdera filosofikoak ere izaten dituzte. Bakarren batek liburua ez zaiola batere gustatu esateko ere ez du arazorik, eta onartu egin behar duzu. Normalean iritzi positiboak jasotzen dituzu, baina negatiboa esan behar duenak ez du beldurrik eta lotsarik. Eta, alde batera, ona da hori, zuk gehiegi ez sinesteko.

Liburu mordoa argitaratu duzu. Kontatuta dituzu?

Azken hau ez nago seguru 41 edo 42.a den; 41.a izango dela uste dut. Beste bat ere badut idatzita, baina oraindik ez dago argitaratuta. Siberiako neskatxo baten istorio oso polita da, hunkigarria. Ibaizabal argitaletxean dago argitaratzeko zain. Arrikruzko gure galera helduentzako idatzi gabe neukan, eta horrekin ari naiz borrokan. Bukatu nuen, baina laburtzen ari naiz. Gaueko sentsazioak, haluzinazioak,... azalduko dira, eta Euskal Herriko espeleologiari buruzko begirada bat ere ematen diot. Tolosako Felix Ruiz de Arkaute azaltzen da, hemengo espeleologorik garrantzitsuenetako bat izan da.

Idazteko iturria ez zaizu agortu.

Oraindik ez, eta inspirazioa dagoen bitartean jarraituko dut. Adibidez, Euskaldun bat Marten ipuinarekin ez dakit zer gertatu zen, baina musa bereziren bat etorri zitzaidan orduan. Amerikarrak ilargira joan ziren orduantxe, uztailaren 21ean, eta nik uste dut abuztuaren 1erako ia ipuina idatzita neukala. Abuztuaren 1etik 5era, oso inspirazio azkarrarekin izan zen, eta ea jarraitzen duen pixka batean.

Eskolaz eskola ibiltzen zara, eta nola ikusten edo sentitzen duzu irakurzaletasuna haurren artean?

Asko ari da jaisten. Eskoletan ibiltzen garen idazleok oso argi nabarmentzen dugu. Alde batetik, eskolen artetik ere eskaera askoz gutxiago dago eta, bestetik, guztiok dakigun moduan, haurrei tabletek eta mugikorrek irakurtzeko gogoa eta denbora jaten die. Gauza azkarragoetara ohitu dira. Irudiak eta mugimenduak oso azkarrak dira; gerra txikiak eta dauden joko guztiak oso bizkorrak dira. Irakurketak modu pausatuan egitea eskatzen du; lasai, pentsatuz, sakonduz, arnastuz... Eta etsai handi samarra sortu zaigu hor. Irakurketa, ordea, beti izango da disfrutatuz eta patxadan egin beharreko gauza. Etxean ere bilobekin garbi ikusten dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!