Ikastaroetako izen ematea ireki du Ikaztegietako Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ira. 12a, 13:00

Pilates eta zumba egiteko aukera jarri du udalak, eta adinekoei begira martxan jarriko ditu Tipi Tapa ekimena eta Memoria Tailerra.

Ikaztegietako Udalak herritarrak kirola egitera animatu nahi ditu ohitura osasuntsuak sustatuz. Pilates eta zumba eskainiko dira kiroldegiko gimnasioan.

Interesatuek izena hilaren 18a baino lehen eman beharko dute udaletxera joan eta matrikula orria betez. Izena ematen duenak ikasturte osorako konpromisoa hartzen du. Taldea aurrera ateratzeko gutxienez sei pertsonek eman beharko dute izena. Pilates astelehen eta asteazkenetan egingo da 09:30etik 10:30era, eta zumba, asteazken eta ostiraletan 15:00etatik 16:00etara. Prezioa taldeko kideen araberakoa izango da.

TIPI TAPA, OSTEGUNETAN

Iaz martxan jarri zen Ikaztegieta Tipi Tapa ekimenak arrakasta izan zuen, eta aurten ere herritarrak ariketa fisikoa egitera animatu nahi ditu udalak. Egun aldaketarekin hasiko dira, hilaren 19tik aurrera. Ostegunetan izango da, eta 09:45ean izen ematea egin ondoren, 10:00etan abiatuko dira bi ibilbidetan banatuta. Ondoren, hamaiketakoa izango da parte hartzaile guztientzat.

Tipi Tapan boluntario lanetan aritu nahi duenik bada herrian udaletxean izena eman beharko du, eta horretarako azken eguna biharkoa dela jakinarazi dute.

Bestetik, Memoria Tailerra ere martxan jarriko du udalak. Hilaren 17tik aurrera astearte eta ostegunetan elkartuko dira udaletxean. Bizi kalitatea hobetzea, eta etorkizunean eman daitezkeen nahasteak zaindu eta atzeratzea ditu helburuen artean tailerrak. Izena emateko eguna bihar amaitzen da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!