Ikaztegietako jaiak 2019

Paella, kuadrilla eguneko erregina

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abuztuaren 10a

Atzo hasi eta bihar bukatuko dira Ikaztegietako festak, eta gaur kuadrilla eguna ospatzen ari dira, plazan. 

Ikaztegietara errepidez hurbildu den orori abisua ezarri diote, lehen biribilgunean: Kontuz, festak. Bada, gaur, kontuak bikoitza beharko du izan, giroa ere halaxe izango delako, kuadrilla egunaren aitzakian.

Goizean pilota partidak izan dira eta, norbere bazkaria prestatzen hasi aurretik, 47ak herrian egitasmoari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute ikaztegietarrek. Ondoren piztu dituzte suak, prestatu barazki, haragi eta itsaskiak, eta bota arroza. Izan ere, paella izan da, gaur, Ikaztegietako kuadrilla eguneko erregina. 

Haur, gazte eta heldu, guztiek batera bazkaldu dute elizako aterpean, eta bazkalondoan trikipoteak altxatuko ditu mahaitik, gorputzak eusten dion bitarte. 

Oraindik orduak dituzte aurretik, baina, biharkoarekin, ikaztegietarrek hurrengo urtera arte agurtu beharko dituzte festak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!