Festa batzordean aritu izan da urte askoan Manex Saez de Egilaz. Orain, udalean sartu den arren, festei lotuta jarraituko du. Aurten ere, ahalik eta festa parekideenak lortzea izan dute helburu.
Festak antolatzen aritu zara orain arte eta aurten udalerako jauzia egin duzu. Festetan, lan desberdinak egingo al dituzu batean zein bestean?
Duela urte askotik festa batzordearen barruan egon naiz, orain dela aste batzuk sartu nintzen udaletxean eta kulturako kargua hartu nuen. Orain, beste ikuspuntu batetik ikusten dira festak, karga gehiagorekin bezala. Ardura gehiago edukiko ditut, baina lantalde polita daukagu festa batzordean eta ondo funtzionatzen dugu. Gainera, aurreko zinegotziak ere dezente laguntzen dit.
Udaleko zinegotzi izanda, nola biziko dituzu jaiak?
Udaleko zinegotzia izanda ere, lehen bezala biziko ditut festak. Ardurak dauzkagu, festa batzordean bezala. Hala ere, egia da ardurak ondo banatzen ditugula batzordeko kideen artean. Bakoitzaren lanak ondo zehazten ditugu eta horiek ondo betetzen baditugu, festak ondo joango direla pentsatzen dugu. Hala ere, beti geratzen zaizu barruan kezka moduko bat. Udalaren barruan edo kanpoan egonda, berdin-berdin biziko ditut festak, beste herritar batek bezala.
Kuadrillen Eguna eta San Lorentzo eguna batera ospatuko dituzue aurten.
Aurten hala tokatu da. Ostiraletik igandera izango dira festak eta San Lorentzo eguna larunbatean izango da. Kuadrilla Eguna ere larunbatean egiten saiatzen gara, jendeak jai edukitzeko. Nik uste dut festetako egun garrantzitsuena, San Lorentzoz aparte, Kuadrilla Eguna izaten dela. Jende gehiena ere hor elkartzen gara.
Lehen eguna, berriz, haurrei zuzendutakoa izango da.
Lehen ekitaldia txupinazoa izango da eta memoria tailerreko helduek botako dute aurten. Memoria tailerrean, adineko jendea elkartzen da astean bitan. Irakasle bat etortzen zaie eta ariketak egiten edo paseatzen ibiltzen dira. Erantzun polita izan du eta horregatik erabaki genuen beraiek botatzea txupinazoa.
Gainontzean, umeei zuzendutako eguna izango da lehenengoa. Goizean, zinta karrera izango dute, bazkaria, puzgarriak, merienda... Gainera, kontzertuak ere egongo dira.
Herritarrek nahiz kanpotarrek, zer da galdu behar ez dutena?
Nik uste dut, Kuadrilla Eguneko edozein. Bazkaria izaten da jendetsuena. Bestela, berritasun modura, futbol txapelketa ere antolatu dugu. Aurten, festa parekide batzuk antolatze aldera, udaletxetik lanketa berezi bat egin dugu. Kirola nahiko maskulinoa denez, berdintasun plan baten barruan, etxez etxe paperak banatu ditugu bereziki emakumeak gonbidatuz futbol txapelketan eta Kuadrilla Eguneko pilota txapelketan parte hartzeko.
Generoaren inguruko lanketa berezi bat egin duzue, beraz.
Bai. Aurreko urteetan ere egin izan dugu, eta lehengo urtean, indarkeriaren aurkako protokoloa martxan jarri zen. Aurten ere gainbegiratu bat eman eta hori aktibatzeko asmotan gaude. Aurreko urtera arte, gizonezkoen pilota partidak soilik izaten ziren eta orduan, saiakera bat egin zen bertso pilota mistoa egiteko. Aurten, berriz, gizonezkoen partida bat eta emakumezkoen beste bat jokatuko dira. Eskualdean maila oneko pilotari asko dauzkagunez, gizonezkoetan denak eskualdekoak izango dira eta emakumezkoetan, bi eskualdeko eta beste biak ingurukoak. Horregatik, bi partidak maila oso onekoak izango dira. Kirolean ere berdintasunaren inguruko saiakera bat egin dugu.
EGITARAUA:
ABUZTUAK 9, OSTIRALA
UMEEN EGUNA
12:00. Txupinazoa.
Ondoren. Herritarren dantza saioa eta buruhandiak.
12:30. Zinta lasterketa.
13:30. Umeen bazkaria.
15:00-18:00. Puzgarriak.
Ondoren. Merienda.
18:00. Futbol txapelketako finala.
19:15. Patata tortilla txapelketa.
Tartean. Toka txapelketa.
21:00. Afaria.
23:30. Ostabe eta Bedeinkatuak taldeak.
ABUZTUAK 10, LARUNBATA
SAN LORENTZO ETA KUADRILLEN EGUNA
11:30. Frontoi Txikiko Txapelketako finalak.
12:30. Kuadrillen arteko bazkari prestaketa.
14:30. Kuadrillen bazkaria.
Ondoren. Mus Txapelketa.
17:30. Trikipoteoa.
19:30.Tokan2 la polla.
Ondoren. Kuadrillen arteko afaria.
23:30. Fan&GO.
ABUZTUAK 11, IGANDEA
12:00. Txakolin dastaketa.
15:30. Pilota partidak: Labaka-Irazustabarrena / Urbieta-Telletxea. Larrarte-Mendizabal / Mendizabal-Orbegozo.
21:00. Herri afaria.
23:30. Elizagoien ahizpak.
Ondoren. AfterLontxa.