'Trans-formatzen' ikusteko aukera, gaur, Ikaztegietan

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 28a, 08:59

Transexualitateari buruzko dokumentala eskainiko dute gaur, 18:30ean, Ikaztegietan, udaletxe azpiko aretoan.

Gaur, LGTBIQ+ Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Hikiru taldeak ekoiztutako Trans-formatzen dokumentala ikusteko aukera izango da Ikaztegietan, udaletxe azpiko aretoan. 18:30ean izango da emanaldia, eta ondoren, Ekaitz Goikoetxea zuzendaria eta Naizen elkarteko Ederne Belamendia gurasoa izango dira bertan, bere semearen bizipenak kontatzen eta guraso bezala nola bizitu duen azaltzen.

Ekaitz Goikoetxea eta Garazi Zabaleta beasaindarrek eta Aitor Lanas iruindarrak egindako lan horrek transexualitatearen errealitatera gerturatzeko aukera eskaintzen du. Generoa, identitate sexuala, aniztasuna edo askatasuna bezalako gaiak jorratu dituzte trans begiradatik. «Herri mailako ekimenetan aurkeztu eta ikastetxeetan gaia lantzeko helburuarekin» ekoiztu dute filma.

40 minutu irauten ditu dokumentalak eta testigantza ugari jaso dituzte, egoera ezberdinak gertuagotik ezagutu ahal izateko. Batzuk lehen pertsonan kontatu dituzte bizipenak, baina badira gaian adituak direnen ahotsak ere. Besteak beste, honako kide hauek parte hartzen dute: Mikele Grandek eta bere gurasoek, Chrysalliseko Aingeru Mayorrek eta Edurne Kochek, Susana Asiain antropologoak, Erika Salvatierra sexologoak, Marijo eta Maddi Imazek, German Urteagak, Maria Amolategik eta Kai Etxanizek hartu dute parte.

Ekaitz Goikoetxeari elkarrizketa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!