"Izurriteak kontrolatzeko beste metodo bat planteatzen ari gara"

Ingurumen zientziak ikasi eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia sailean hasi zen lanean Beñat Diaz Yañez (Ikaztegieta, 1991). Orain, urte hasieratik Biobox proiektu pilotuan ari da lanean, Amilotxa eta Kaskabeltza hegaztiekin, eta Saguzarrekin. Proiektuak Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa du; Fundacion Biodiversidad erakundearen bitartez ari dira.

Amilotxa eta Kaskabeltza hegaztiekin, eta Saguzarrarekin ari zara lanean. Azalduko zenuke zertan?

Biobox izeneko proiektu berri bat jarri genuen martxan, urtarrilean. Bertan, Gipuzkoan garrantzia duten laborantza lur batzuk hartu ditugu, hau da, sagastiak eta mahastiak, eta betidanik egon diren izurriteak kontrolatzeko beste metodo bat planteatzen ari gara. Kontrol biologikoa izango litzateke. Hori da ideia.

Txakolindegiak eta sagardotegiak aukeratu dituzue, zergatik?

Gipuzkoan, behinik behin, nekazaritzara bideratzen diren lurretan garrantzia handienetakoa dutenak direlako. Ez bakarrik eremu zabalak hartzen dituztelako, baizik eta diru dezente produzitzen dutelako, eta interesgarriak direlako, sagardoa egiteko eta txakolina egiteko.

Zein tokitan jarri dituzuen esaterik bai?

Petritegi, Zapiain, Egiluze eta Ikaztegietako Begiristain sagardotegietan, eta txakolindegietan, berriz, Ameztoin, Talai Berrin, Arbelan eta K5-en.

Animalia horiek izurriteak kontrolatzeko balio omen dute. Zein da gaurko egoera?

Asteko, esan, intsektu dezente daudela izurritea eragin dezaketenak, baina garrantzitsuenak bi tximeleta dira: Carpocapsa deitzen zaiona, sagastietan, eta mahastietan, berriz, Lobesia botrana. Carpocapsak sagarrari eragiten dion harra jartzen du, eta Lobesia botranari, mahats mordoaren sitsa esaten zaio. Borroka gehien bi tximeleta hauen kontra egiten da, baina badaude beste hainbat intsektu kalteak eragiten dituztenak. Ikusi da, harrapakari naturalak direla txoriak eta saguzarrak. Txori asko daude, eta horien artean txori intsektu jaleak bereizi behar ditugu. Horien artean, besteak beste, Kaskabeltzak eta Amilotxak ditugu. Saguzarrak, berriz, esan dezakegu, ia denak direla intsektu jaleak.

Lehen baino izurrite gehiago daude orain?

Guri kontatu digutenagatik, ikusi da Carpocapsa ugaritzen ari dela. Izan daiteke sagasti gehiago daudelakoGipuzkoan ugaritzen ari dira, baina, gehienbat, esaten da gero eta argi kutsadura gehiago dugulako dela. Hiri eta herrietan geroz eta argi gehiago dago, eta horrek eragiten du tximeletaren aktibitatea ugaritzea. Hori uste da. Egoera da tximeleta gehiago daudela, eta dezenteko kaltea eragiten dutela. Tratatzen ez diren sagastietan, produkzioaren zati handi bat galdu egin daiteke.

Urtearen araberakoa ere izango da, ezta?

Bai. Carpocapsak hiru belaunaldi ditu urtean, gutxienez hirutan agertzen da tranpetan. Hiruretan egin behar da tratamendu sendo bat.

Animalien egoera zein da?

Datu zehatzak ez ditugu, baina ematen du gutxitu egin direla. Jarri ditugun kontrolatzaileekin ikusten duguna da, sagasti eta mahasti berrietan, zulo naturalak falta direla. Zuhaitza zaharrik ez dago eta, beraz, zulo naturalik ez dago. Zulo horiek habia egiteko edota babesleku gisa erabiltzen dituzte. Landaketa berriekin kentzen ari gara, txori hauentzako egoera naturalean aurki daitezkeen zulo horiek. Honenbestez, haien presentzia gutxitzen ari gara. Gure ideia, habia eta babes kutxak jarriz, fauna honen presentzia areagotzea da.

Hori izango litzateke proiektuaren helburua?

Bai, presentzia areagotuz, lehengoratzea izango litzateke helburua. Bestetik, animalia hauek nekazaritza ekoizpen hauetan zein zerbitzu betetzen duten ikusi nahi dugu. Eta zenbatu nahiko genuke, ea zenbateraino egiten duen kontrol biologiko bat, bi plaga hauen aurrean. Proiektu pilotu bat da, proba bat, baina, kontrol biologikoa egin nahi bada, metodologia bat ezartzeko erabilgarria izatea nahiko genuke.

Noiz jarri dituzue habia eta babes kutxak?

150 habia kutxa jarri genituen otsailean zehar, eta saguzarrenak, martxoan, 30 bat.

Emaitzak noizko aurreikusten dituzue?

Txoriak udaberrian umatzen dira, eta gehienek egin dute lehen ume aldia, eta batzuk dagoneko bigarrenarekin ari dira. Saguzarrak, berriz, udako hilabeteetan sartzen dira, eta iraila-urrira bitarte luzatuko litzateke. Hortik aurrera, bildu ditugun datu guztiekin bilketa bat egiten hasiko gara. Ia astero ibiltzen naiz, lursail batetik bestera, gauzak apuntatzen. Negurako datu batzuk edukitzea espero dugu, plazaratu ahal izateko.

Bakarrik ari zara?

Lantalde bat gaude. Departamenduko zuzendaria dugu, eta proiektu honen zuzendaritza Maite Laso altzotar ornitologoak darama; batik bat bion artean ari gara. Praktiketan ari direnen laguntza handia ere izan dugu.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!