Zazpi senideko

Erabiltzailearen aurpegia Adur Ibarguren Lazkano 2019ko api. 27a, 12:00

Izaten da, ba, kantu bat buruan sartu eta atera ezinda egotea; bada, horixe gertatu zait azken asteotan. Zazpi Senideko antzezlanaren harira, Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren kantua sartu zitzaidan barne-muinetaraino.

«Zazpi senideko famili batetan, arotza zen gure aita, gure herriko alkate ez izan arren, lan egiten zuena».

Nonbait, zeregin hoberik ez, eta abestiaren letra neurera ekartzen hasi naiz. Eta, nirean zer? Bada, herri-zerrendak eta komeria latzak taxuzko taldea osatzeko.

«Itsasoan urak haundi dire murgildu nahi dutenentzat. Gure herriko lanak haundi dire, astun dire, gogor dire, zatiturik gaudenentzat».

Izan ere, lanean jarraitzea egokituko zaigu datozen lau urteetan ere; eskutik edo orpotik, berdintsu dio, nahi duenak heltzen baitio lanari. Hala ere, ez dakit, bada, ez ote duen zerbait adierazi nahi, 500 biztanleko herri batean lau izen lortzeko, gorriak eta beltzak ikusteak— edo kanpoko jendea ekartzen ibili beharrak—.

«Markatzen ari diren bide nabarra ez da izango guretzat, lehengo sokari ezarririk datorren oztopo bat besterik».

Eta burura datozkit motxilak, eta bidean pilatutako harriak; zatiketa eta konfrontazioa. Gaur egungo gizartearen errotze-sentimendu ahula, akaso. Nortasun hauskorra, beharbada. Fideltasuna eta udaberriko alergia. Eta berriro itsasoa, herria eta lana, astuna eta gogorra.

«Hainbeste mendetako gure morrontzak baditu mila tankera; eta, zuhur aukeratzen ez badugu, bertan galduko gera».

Arrazoiak arrazoi, herri txikiei begiratu, eta sentitzen dut gaur egungo sistema iraungita dagoela; kadukatuta, alegia. Segi dezakegu, oraindik, azken hatseraino iraun, hilotza beso artean izan arte; edo, gaur bertan has gintezke lan egiteko beste modu baten bila.

Ez nuke inola ere gutxietsi nahi orain arte egindakoa; alderantziz, miresmenez begiratzen diet herriaren alde lanean aritu direnei. Baina, benetan iruditzen zait, norabidea aldatu beharrean gaudela, bertan galduko ez bagara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!