Larunbatean 2. Gazte Eguna ospatuko dute Ikaztegietan

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko api. 10a, 16:18

Apirilaren 13a aukeratu zuten Ikaztegietako Gazte Taldeko kideek 2. Gazte Eguna ospatzeko. Iazko arrakastak bultzatuta, urte hasieran hasi ziren lanean.

Leire Parra eta Alba Garmendia gazte taldeko kideak dira, eta «iazkoa askoz denbora gehiagorekin antolatzen hasi ginen, baina behin iazkoa eginda, aurten errazagoa egin zaigu eguna antolatzea», azaldu du Garmendiak. 20 bat gazte dabiltza taldean eta, antolaketarako eta lanak banatzeko erraztu egiten duela argitu dute.

Aurten, ordea, eguna oso goiz hasi beharko dute Korrikak zeharkatuko baitu herria.Eguna aukeratu ostean jakin zutela dio Parrak, eta 05:30erako jaiki beharko dutela. Ez du baztertu Korrikan parte hartu ostean, ohean sartzearena, eta Garmendiak gaineratu du, «ea horrek parranda ez duen asko baldintzatzen».

Lo kuluxkarekin edo gabe, 13:00etan frontenis txapelketako finalak jokatuko dira. Aurten, iaz baino askoz ere bikote gutxiagok parte hartu du, baina, hala ere pozik daudela azaldu du Parrak, eta finalaz gozatzeko aukera egongo dela gaineratu du.

Jarraian, 70 bat pertsona aurreikusten dituzte plazan egingo duten bazkarian, nahiz eta, «beti dauden egunean bertan agertzen diren batzuk». Bazkalostea girotzeko bingo musikatua egingo dute; zenbakiekin beharrean, abestiekin egingo dute jokoa.

Mahaitik altxatu eta poteorako erritmoa Alegiako txarangak jarriko die. «Iaz elektrotxaranga batekin egin genuen poteoa, eta oso gustura geratu ginen. Ezin zuten, eta inguruan zer genuen begiratu, eta Alegian bertan txaranga bat dagoenez beraiekin probatzea erabaki genuen», argitu du Garmendiak, eta «gazteak dira eta aukera bat eman nahi izan diegu», azpimarratu du Parrak.

Afarietarako ogitartekoak prestatuko ditu Gazte Taldeak, baina zahagiardora jatekoa hartuta joatea ere posible izango da. Kontzertuen artean, guztiak eskualdekoak izango dira, eta gazteek nabarmendu dutenez, Basati taldeak bere lehen kontzertua eskainiko du Ikaztegietan.

EGITARAUA

2. Gazte sentitzen direnen Eguna

05:30. Korrika eta ondoren, gosaria, Euskara Taldekoen eta udalaren eskutik, Herrigintza elkartean.

13:00. Frontenis txapelketako finala.

14:30. Bazkaria.

Ondoren. Bingo musikatua.

18:00. Poteoa Alegiako txarangarekin.

21:30. Zahagiardoa ogitartekoekin.

23:00. Kontzertuak: Basati, Eztanda eta Lilith Selektahpowered by Bassagain.

Ondoren. Gau jolasak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!