Txiki jaiotzen zarenean herri izatea ere zaila da, inguruko herri handiagoek jan egin nahi izaten baitzaituzte, arrai handiek arrain txikia nola, halaxe herri handiek herri txikia.
Baina euskaldunok herri sena, herri izan nahiaren asmoa eta gogoa gure genetan txertatuta daukagu, gure etsaiek gu herri bezala ezabatzeko daukaten adinako gogoa bai behintzat.
Korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea du helburu. Lehenengo Korrikak Euskal Herri osoa zeharkatu zuen Oñatitik Bilbora 1980an. Aurtengoa 21. Korrika da eta Euskal Herri osoa zeharkatuko du, hamaika egunez gelditu gabe, Garesen abiatu eta Gasteizaino iritsiz.
Ehunka mila lagun izan dira parte-hartzaileak aurreko edizioetan. Eta aurten ere beste hainbeste izatea espero da. Eta horrez gain, munduan zehar Korrika berezi batzuk izango dira, Euskal Herriko aldarrikapena mundu osora zabaltzen ahaleginduz: alegia, badela Euskal Herri bat munduan, bere ama hizkuntza euskara duena, bizirauteko zailtasun handiak izan dituena, baina herri honen borondatez, oraindik ere bizirik dirauena eta bizirik iraun nahi duena. Munduan zehar egingo diren Korrika horiek Ameriketan, Asian, Europan, Afrikan eta Ozeanian egingo dira: Argentinan, Txilen, EEBBetan, Kanadan, Indian, Australian, Saharan, Alemanian, Parisen eta Frantziako hainbat lekutan... jendeak korrika egingo du euskararen alde.
Euskal Etxeei gure eskerrik beroena, horiek izango baitira neurri handi batean Korrikaren aldarria mundu osoan zabalduko dutenak. Horiez gain, euskal unibertsitarioak, munduan zehar barreiatuta dauden ikasle fin eta euskaltzaleak, euskal irakurleak munduko hainbat unibertsitatetan irakurle edo euskara eta euskal kulturaren irakasle lana egiten dutenak, diasporan dauden euskaltzaleak, lanera kanpora joandako euskaldunak eta euskal kausaren aldeko pertsona asko eta asko izango dira munduan zehar Korrika aterako direnak.
Eta euskararen aldeko tsunami erraldoi hau Euskal Herrian abiatu, mundu osora zabaldu eta gero, gu izango al gara gure ama hizkuntza hau baztertu edo zapalduko duten pertsona epelak eta txepelak? Altxor bat daukagu arbasoek gure esku utzi zutena: euskara, hizkuntza zahar bezain misteriotsua, eder bezain maitagarria, erabilgarria eta goxoa... Guri dagokigu hizkuntza hori eguneroko bizitzan eta egoera guztietan erabiltzea, aberastea, kontsumitzea (prentsa, ikus-entzunezko medioak, irratia, telebista, abestiak, liburuak...). Gure esku dago egunero-egunero hizkuntza hori ederrago, jantziago, goxoago egitea. Eta hizkuntza bat biziko bada, erabiltzaileak behar ditu, hiztunak, baina maila eta arlo guztietan, eskolan, kalean, lantokian, unibertsitatean, medioetan, jolasean, elizan, estadioetan, txirrindularien pelotoietan, futbol-zelaietan, jatetxe eta tabernetan, jakintsuen bileretan, ospitaletan...
Eman diezaiogun arnasa euskara gure ama hizkuntzari, erabil dezagun barra-barra noiznahi eta nonahi, eta ez gaitezen lotsa beti lehenengo hitza euskaraz esateko, askotan aurrean duguna euskalduna izanik ere, beldurrez edo lotsaz, erdaraz zuzentzen baikatzaizkio, eta gero konturatzen gara euskalduna zela eta gu erdaraz aritu garela, tonto-tonto, gure ama hizkuntzari arnasa kenduz eta min emanez.
Zain dezagun gure ama euskara. Eta gora KORRIKA!