Saharako kultura barrutik ezagutzeko tartea

Ataria 2019ko martxoaren 23a

Ikaztegietan bizi diren sahararrek hitzaldia eskaini dute lehenik, eta jarraian, herri bazkaria egin dute, Saharako jakiekin.

Saharar kulturara gerturatzeko tartea hartu dute gaur ikaztegietarrek. Goizean, hitzaldia eskaini dute udaletxeko areto nagusian herriko hainbat sahararrek: Mendebaldeko Sahara: emakumea eta kultura. Hitzaldian, Saharako emakumeek duten papera zein den azaldu dute, eta kulturan eta gizartean duten garrantziaz aritu dira.

Jarraian, herri bazkaria egin dute, sahararrek antolatuta. Fatimetu Zenan ikaztegietan bizi den saharar gazteak azaldu duenez, sahararren "janari berezi edota ohikoenekin" osatu dute menua. Besteak beste, kuskusa, bizkotxoak, datil pintxoak, salda eta tea dastatzeko aukera izan dituzte bertaratu direnek. "Jende asko elkartu gara eta oso gustura gaude, gure kulturari irudia eta ahotsa eman diogulako", dio Zenanek. Ikaztegietako herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie: "Lehen momentutik ateak ireki dizkigute eta behar izan dugun guztietan lagundu gaituzte". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!