Hertell enpresako belaunaldi berria, lanbide heziketatik

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 21a, 11:58

Talleres Hertell enpresa Tolosan sortu zen, 1958. urtean. Telleria anaiek sortu zuten, eta 60 urte beteak ditu enpresak; tartean, urte txarrei aurre egin behar izan die.

Hain zuzen, 1976 urte inguruan, egoera txarrari buelta emateko, kooperatiba bilakatzea erabaki zuten. Horrela azaldu du Julian Artola Agirrezabalak: «Orduko Caja Laboralen laguntzarekin, 1978an, Hertell S. Coop bezala, hau da, elkarte kooperatibo gisa lan egiten hasi ginen». Urtebete beranduago, tokiz aldatu zuten enpresa, Ikaztegietan kokatuz. Ordura arteko lanak alde batera utzi, eta produktu propioak lantzen hasi ziren: huts-ponpak eta zisternetarako bestelako osagarriak.

Gaur egun, azken berrogei urte horietan egin duten gisan, produktu horiek ekoizten jarraitzen dute; tresneria eta mekanizazio mota desberdinak. Egun, 16 langilez osatutako enpresa da Ikaztegietakoa. Artolak, lehendabiziko urteak zailak izan zirela ekarri du gogora: «Caja Laboralen bitartez, Mondragon Korporazio Kooperatiboan sartzeko aukera izan genuen, eta babes handia jaso genuen, batez ere, krisi garaietan, edota hainbat arlo kudeatzeko transmititu zizkiguten moduetan». Kooperatiba txikia da, eta «bezeroen aurrean edo merkatu berrietan sartzeko, babes izugarria da hori, bai kanpora edota baita barrura begira ere», nabarmendu du Artolak.

2004an, instalazioak berritu zituzten merkatuari egokiago erantzuteko: «Azken urte hauetako estrategia merkatu zehatz batzuk kontuan hartu, eta berauei ongi erantzutearen inguruan finkatu dugu. Eta salmenten portzentaiarik handiena, %65, atzerrira bidaltzen ditugu», azaldu du. Europan saltzen dute eta, batez ere, Alemanian. Hortik harago, Egipton, Kuban, Kolonbian, Ameriketako Estatu Batuetan, ...: «Gure merkatua, guztira, 26 estatutara hedatzen da».



Aurrera begirako erronkei dagokienean, «lehendabiziko egitekoa merkatua mantendu, eta ditugun bezeroei zerbitzurik onena eskaintzea» dela argitu du. Merkatu berriak ere aztertzen ari dira, Turkia esate baterako, baina, «ezin ahaztu dezakegu enpresa txikia garela eta, ondorioz, egokiagoa dela duguna finkatu eta mantentzea».

LANBIDE HEZIKETAREKIN EZINBESTEKO ELKARLANA

Tolosaldea Lanbide Heziketarekin harreman zuzen-zuzena izan du Hertell kooperatibak. 1999. urteaz geroztik, langile bat behar izan duten guztietan jo dute, Tolosaldea Lanbide Heziketako atea. Enpresa eta formazio harremanetarako arduraduna da Gorka Igartua Larrañaga, lanbide heziketan. «Julianekin izan dugun hartu-emana zuzena izan da. Bertara joanez, eta seriotasunez eta patxadaz egin dugu lana. Beti izan ditu ateak zabalik».

Artolak azaldu du: «Erretiroa hartzeko pertsonaren bat bada, garaia iritsi aurretik, urtebete aurreratu egiten gara, eta harremanetan jartzen gara lanbide heziketarekin, ikasle bat praktikak egiteko eskatuz. Eta, ondo lan egin izan badu, behintzat, enpresan lanean geratu izan da».

Xabier Landa Telleria Mekanika alorreko burua da ikastetxean eta, ikasleen tutore izanik, harremana du enpresekin. Erdi edo goi mailako ikasketak egiten ari diren ikasleak hartu izan dituzte enpresan, lan praktikak egiteko, edota Duala egiteko. Ikasleek lan praktikak derrigorrez egin behar dituzte enpresa batean. Horrek, ikasleari, enpresan bertan lanean jarraitzeko aukera ematen dio. Dualak, berriz, urtebeteko kontratuarekin lan egiten duela esan nahi du. «Guk urtebeteko kontratuarekin hartu izan ditugu. Ikasleak behar du prestatzeko eta lanari eskua hartzeko denbora», argitu du Artolak. Eta, gaineratu du, urtebetean lanaren erritmoa hartzen dutela. Igartuak azpimarratu du, enpresa batek langile bat behar badu, Duala bultzatzen dutela.

Hertellek, beti, gertuko ikasleak hartu nahi izan ditu: «Ikaztegieta, Amezketa, Baliarrain, ... Eta, ikasketak bukatu ondoren, ondo bidean, bertan gelditu dira lanean», dio Igartuak. Artolak gaineratu du, «urrutiagokoak izanda, lanean hasi eta alde egiteko aukera gehiago» dituztela. Era berean, ikasleak langile bihurtu ondoren, ikasketak hobetzeko helburua lortzeko, «erraztasunak eskaini eta motibatu» izan dituzte, erdi-mailako ikasketak dituen ikasleak goi maila ateratzeko.

EUSKARA LEHEN LERROAN

Euskarari ere garrantzia ematen diote. Orain euskaraz funtzionatzen dute enpresan eta, Goierriko lantegiekin batera, Ingudea taldean parte hartzen du Hertellek; euskararen normalizazioan eraginez, enpresak euskalduntzeko.

Ikasketak euskaraz egiten dituzte ikasleek eta, beraz, enpresara doazen ikasle guztiak, gaur egun, euskaldunak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!