«Emakume sahararrengatik izan ez balitz, gaur, ez ginateke inon egongo»

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 13a, 19:59

Urte batzuk badira zenbait saharar familia Ikaztegietan bizi direla. Beraien kultura eta ohiturak ezagutarazteko aukera izango dute hilaren 23an, eta egun osoko egitaraua prestatu dute Kultura Batzordearekin batera. Fatimetu Zenan (Saharako errefuxiatuen kanpamentua, 1999) eta Rafiaa Aoli Salem (Saharako errefuxiatuen kanpamentua, 2001) sahararrek, Tarba Dabah eta Kebu Zenanekin batera, hitzaldia eskainiko dute.

Orain, ikaztegietarrak zarete, baina nondik zatozte?

Rafiaa Aoli Salem. Jatorriz Mendebaldeko Saharakoak gara, baina benetan inoiz ez gara egon gure benetako herrialdean. Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan jaio ginen biok.

Zenbat urterekin atera zineten kanpamentuetatik?

R. A. S.: Ni sei urterekin. Lehenengo Huescara joan ginen bizitzera, baina Euskal Herrira, 13 urterekin etorri nintzen. Aurretik, Oporrak Bakean programari esker izan nintzen.

Fatimetu Zenan. 2005. urtean guraso eta anaia-arrebekin bizitzera etorri nintzen, baina ez Ikaztegietara, Bermeora, Bizkaiko kostara. Bertan bizi izan ginen 2013a bitartean.

Zer moduz hartu zaituztete euskaldunek?

R. A. S.: Hasieran euskaldunekin harremanak egitea kosta egin zitzaidan. Ez nuen hizkuntza ezagutzen, eta agian, nire akatsa ere izan zen. Gaztelania zekiten bi lagunekin elkartu nintzen. Pare bat urtera, euskaldunekin harremanak izaten hasi nintzen, eta orain, euskara ulertu egiten dut, baina hitz egitea kosta egiten zait.

F. Z.: Bost urte nituela iritsi nintzen, eta zailtasun handirik ez dut izan egia esan. Ez da berdina, ume bat beste herrialde batetik bost edo hamar urterekin ekartzea. Bost urterekin ez zara jakitun beste herrialde batekoa zarenik, eta azal koloreari ez diote asko erreparatzen, eta ezta jatorriari edo hizkuntzari ere.

Gizarte batean integratu ahal izateko bi aldeek jarri behar dutela iruditzen zait. Zuk ezin duzu kanpotik etorri eta zurearekin jarraitu; barkatu, baina gizarte ezberdin batean zaude. Ez dut esan nahi, beraiek bezala jantzi, jan edo jokatu behar duzunik. Bakoitzak bere izaera du, baina integratu nahi baduzu ahalegin hori egin behar duzu. Eta edozein herrialdetan, integratzeko ahalegina egiten duzula ikusten bada, estimatu egiten dela iruditzen zait. Eta zer esanik ez, beraien hizkuntza ikasten baduzu. Nire kasuan, asko kosta zitzaidan Bizkaitik Gipuzkoarako aldaketa. Bermeoko euskalkia guztiz ezberdina da.

Eta hori?

F. Z.: Gipuzkoara aldatu behar genuela esan ziguten gurasoek, eta hasieran, neure buruari esan nion: «Lasai, Euskal Herrian jarraitzen dugu, eta hau euskara da». Ba, ez. Hona etorri nintzenean, gaur egun nire kuadrillakoak direnei, bermeotarrez hitz egiten nien, eta denek aurpegi arraroarekin begiratzen zidaten hori ez zela euskara esanez bezala [barreak].

Saharari buruzko eguna antolatu duzue. Nolatan?

R. A. S.: Saharar emakumeak nolakoak diren eta Sahararen alde zer egin duten azalduko dugu. Janaria egongo da, musika, dantza, jantziak... denetarik egongo da. Erreferente diren emakume musikari sahararren musika ere presente izango da. Kultura Batzordeak gure kultura erakutsiko duen egitaraua prestatzeko aukera eman digu, eta esku zabalik hartu gaituzte.

F.Z.: Kultura batzordearekin adostu genuen, eta aprobetxatu nahiko nuke esateko, Ikaztegietako jendearekin oso harreman estua egin dugula. Herri txiki bat da, baina, aldi berean, aktibitate aldetik oso irekia. Zer da irekiagoa, beste kultura batzuk sartu eta beste kultura bati ateak zabaltzea baino?

R. A. S.: Gurasoen aldetik, herritar guztientzat, bazkaria prestatuko da. Sahararrek dugun gutxirekin prestatu ohi dugun menu tipikoa izango da. Kuskusa egingo da salda, barazki eta haragiarekin. Tea ez da faltako, datilak, bizkotxoak,...

Saharar emakumeaz ariko zarete hitzaldian.

F. Z.: Saharar emakumeaz hitz egiterakoan, ulertu behar da, Saharar emakumea ez dela berdina Sahara guztian. Gu jatorriz Mendebaldeko Saharakoak gara, eta han emakume mota bat bizi dela esango genuke. Bertan bizi den emakumea baita gizona ere Marokoar estatuaren menpe bizi da, eta zapaldua dago. Torturak jasotzen ditu, bortxatu egiten dute, bere eskubideak zapaldu egiten dituzte... eta ez bakarrik emakumea delako, baizik eta sahararra delako.

R. A. S.: Eta umeek ere jasaten dute. Mendebaldeko Saharan bizi den emakumeak jasaten duen errepresioa jasaten duela ere, berdin-berdin jarraitzen du manifestazioak egiten, beldurrarekin, baina, aldi berean, beldurrik gabe ateratzen da bere eskubideak aldarrikatzera. Emakume edo pertsonen oinarrizko eskubideak aldarrikatzen ditu, bere herrialdea lortzeko eskubideak izateko.

F. Z.: Beste aldetik errefuxiatuen kanpamentuetan bizi den emakumea dago. 44 urtez, errefuxiatuen kanpamentua berak altxa du. Gizonezkoak, eta baita emakumezkoak ere, gerrara joan dira, baina geratu ziren emakume horiek eraiki zuten errefuxiatuen kanpamentua.

R. A. S.: Beraiek eraiki dituzte etxeak, eskolak, ... ez etxeko kontuak bakarrik, baita kargu diplomatikoak ere. Beraien lana eta jarrera gure historian funtsezkoak izan dira.

F. Z.: Guztiok esaten duguna da. Emakume sahararrengatik izan ez balitz, gaur, ez ginateke inon egongo. Eta beste emakume mota erbestean dagoena da.

Zuek izango zarete?

R. A. S.: Gu gazteak gara, baina bai, eta gure gurasoak. Ikasten gaude, ahal duena lanean... Europan zabalduta dauden estereotipoak deuseztatu nahi ditugu, edo behintzat azaldu. Musulmana eta arabiarra izatearen ezberdintasuna ere bai. Badaude arabiarrak diren lurraldeak baina musulmanak ez direnak.

F. Z.: Gu emakume musulmanak gara eta islamiar erlijioa praktikatzen dugu. Esan behar dugu guk praktikatzen dugun islama irekia dela, eta ez du zerikusirik, Arabiar Saudira joanez gero, bertan praktikatzen denarekin. Zaila da, baina estereotipoak deuseztatu nahi ditugu. Garbi utzi nahi dugu gure kulturan emakume sahararra oso garrantzitsua dela. Nahiz eta musulmana izan, eta salbuespenak salbu, modu irekian praktikatzen dugu islama. Nahi baduzu praktikatzen duzu. Gu ez gaude behartuta melfa janztera edo errezatzera. Hori, erabaki pertsonal bat da, eta zuk zeure buruarekin erabakitzen duzu.

Kalean egon da, beraz, emakume sahararra?

F. Z.: Toki guztietan egon da. Etxean bai, baina, ez bakarrik etxeko lanetarako eta haurrak izateko makina bat bezala. Etxeko emakumea izan da, haurrak zaindu dituena, herri oso bat sendotu duena, izan da errefuxiatuen kanpamenduak eraiki dituena, eta gaur egun, kargu diplomatuetan parte hartzen duena da. Gizonezkoa den presidentea dugu, baina berarekin batera hainbat eta hainbat emakume enbaxadore ditugu.

R. A. S.: Ez da emakumea, emakume izateagatik, etxeko ardura hartzen duena. Ez dugu gezurrik esango, eta normalean, gizonezkoek etxeko lanetan lan gutxiago egiten dute. Baina, nik uste, gure belaunaldiei esker, ikusten ari garela berdintasuna lortzeko eta bi generoak berdintzeko pausoak ematen ari direla.

Nola bizi da gaur egun?

F. Z.: Hemengo gizartean emakumeen ikuspuntua irekiagoa da, eta feminismoa zabalduago dago; baina horrek ez du esan nahi errefuxiatuen kanpamentuetan ez dagoenik. Emakumearen eskubideak aldarrikatuz, martxoaren 8a kanpamentuetan ere ospatzen da. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidea edo borraka ari dira egiten, eta bidean gaudela iruditzen zait. Egia da, hemen, Euskal Herrian, beste modu irekiago batean ospatzen dugula. Noizbait lortuko dugula uste dut, eta ea mundu guztirako den.

Eta nola bizi duzue zuek?

F. Z.: Feminismoa berdintasunaren aldeko borroka bat da, eta guztiok egin beharko genukeena. Ez bakarrik emakumezkook, baita gizonezkoek ere. Askok uste du, feminismoa gizonezkoen gainetik jartzea dela, eta hori ez da horrela. Mobilizatzen ari den gai oso garrantzitsua da, eta urtez urte bidea egiten ari garen borroka da. Indarrean egon beharko du berdintasuna lortu bitartean.

R. A. S.: Ni ere feminista naiz, eta nire eskubideengatik kalera ateratzen naiz, baina, zoritxarrez, gaur oraindik ezberdintasun handia dago.

Zuen artean feminismoaz hitz egiten duzue?

R. A. S. Bai, bai. Ez da gai tabua.

F. Z.: Guretzat ohore bat izaten da gure gurasoekin, amekin edota familiakoekin partekatzea, eta bakoitzaren ikuspuntua konpartitzea. Esaterako, gure kulturan ere, hiru belaunalditan, bilakaera bat eman dela ikusten dugu.

M8ko borrokan parte hartu duzue. Nola bizitu zenuten?

F. Z.: Emozio handiarekin. Oso ondo. Oso hunkituta. Bezperan lo hartzea ere kosta egin zitzaidan. Izugarrizko korapiloa neukan. Tolosan izan nintzen goizean, eta hunkituta egon nintzen. Indarrik ez da falta, baina jendea animatu nahiko nuke indar honekin jarraitzeko. 365 egunetako borroka da hau.

R. A. S.: Oso hunkituta nengoen mobilizazioetan parte hartzeko, baina familia arazoengatik ezin izan nuen parte hartu.

Zer lortu nahi duzue festarekin?

R. A. S.: Gure kultura eta saharar emakumea gehiago ezagutzea. Saharar giroan murgiltzea nahi dugu. Musulmana izateagatik beloa eraman behar dugula iruditzen zaie, eta ez da horrela. Nahi duguna izateko libreak garela erakutsi nahi diegu.

MARTXO MOREA

Martxoak 23, larunbata
11:00. Mendebaldeko Sahara: emakumea eta kultura hitzaldia, Fatimetu Zenan, Rafiaa Aoli Salem, Tarba Dabah eta Kebu Zenan herriko sahararren eskutik, udaletxeko areto nagusian.
13:00. Herri bazkaria, sahararrek antolatuta. Saharar menua prestatuko dute. Txartelak 12 euroren truke erosi beharko dira Ostatu tabernan, martxoaren 18a baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!