572.526,72 euroko aurrekontua du Ikaztegietako Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 14a, 19:58

Ikaztegietako Udalak abenduko osoko bilkuran onartu zuen 2019ari dagokion aurrekontua. Zehazki, 572.526,72 euroko aurrekontua izango du, eta urte berezia dela aipatu du Bakarne Otegi alkateak: «Legealdi amaiera dugunez, erraza izan da aurrekontua ixtea».

Udaletxe gehienetan gertatzen den moduan, helburu nagusiak inbertsioak izaten direla azaldu du: «Hori da, azkenean, herrian gehien azaleratzen den arloa». Baina, maiatzean hauteskundeak izango direnez, aurrekontua osatzeko ez dutela lanketa handirik egin aurreratu du.

Urteroko gastu finkoa pertsonal gastuarena izango da, eta 200.000 eurotik gorako partida du urteko aurrekontuan. Hiru mailegu ditu udalak, eta %8,19ko zorpetze maila du. Iazkoarekin alderatuta, %1eko igoera baino ez du izan aurrekontuak.

Pertsona helduen eta behar bereziak dituzten pertsonen ongizateari jarri dio arreta Otegik, eta 26.000 bat euro bideratu dituzte: «Alde horretatik oso kontzientziatuta gaude, eta garbi dugu laguntza horiek bermatu egin behar direla, eta udalak ahalegin berezia egiten du».

Iaz martxan jarritako memoria tailerra eta Tipi Tapa egitasmoek arrakasta izan zuten, eta aurten ere jarraipena emango diete, ia 5.000 euro bideratuz.

Kulturari ere garrantzia ematen diote: «Proiektu edo ideia berriak sortzen dira, eta saiatzen gara aurrekontua, urtetik urtera, potoloxeago izan dadin», argitu du. Horrela, aurten, 25.000 euro gorde dituzte, «gauzak antolatzeko malgutasun gehiago izan dezagun». Gainera, honakoa azpimarratu nahi izan du: «Aurreikusi ez den inbertsioren bat egin behar izanez gero, beti dago aukera kreditu aldaketa bidez egiteko».

Azken urteetako ildoari jarraituz, argiteria publikoa berritzen jarraituko dutela kontatu du Otegik: «Pixkana led argiak jartzen ari gara herri osoan eta, aurten ere, eremu berri batzuk hornituko ditugu led sistema jarriz». Eta bide publikoei dagokienean ere, urterokoari eutsi nahi diote, eta «baliteke, aurten ere, bide publikoren bat konpontzea», gaineratu du.

JOLASLEKU ETA KIROL ZIRKUITUA

Proiektu potoloagoa kiroldegiko zelaiari lotutakoa da. Aurten ez, iaz onartutako aisialdi eremua da aurrera eramango dutena: «Alde batetik, kirol anitzetako pista bat izango da, futbolean edo saskibaloian jolastu ahal izateko. Eta, belardiaren inguruan, 400 metro inguruko luzera izango duen oinezko zirkuitu bat egingo da, eta eserlekuekin hornituko», azaldu du alkateak.

2018ko partida hori, kreditu aldaketa bidez, aurtengo aurrekontuan txertatuko dute. Obrak, 185.188,73 euroko kostua izango du, eta pista jarri eta altzariekin osatzea, 36.236,08 kostatuko zaio udalari.

Altxortegian udalak duen diruarekin ordainduko dute. Baina, dagoeneko, Eusko Jaurlaritzako Erein programatik diru laguntza bat lortua dute, hain zuzen ere, 148.234,48 euro jasoko ditu udalak, behin proiektua egiten duenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!