Herriko etxebizitzaren arazoari irtenbidea aurkitu nahian

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 23a, 20:01

Ikaztegietako Gazte Taldeak 'Etxebizitza Bizimodu' hitzaldi zikloa antolatu du, herrian bizi duten egoeraren aurrean aukera ezberdinez informatzeko.

Hilabetero biltzen da Ikaztegietako Gazte Taldea, eta hilabetero ez bada, bi hilean behin etxebizitzaren gaia ateratzen zen taldean. Kezka horri erantzunez, Etxebizitza Bizimodu hitzaldi zikoa antolatu dute.

Irailean heldu zioten gaiari lauzpabost laguneko taldetxoa osatuz. Alba Garmendia da kideetako bat eta argi azaldu du: «Kezka dago. Gazteak ez dira herrian geratzen, eta kanpora doaz bizitzera».

Nahi gabe ere gazteen ikuspegia eman diote hitzaldi zikloari, baina interesa duen edonori zuzendutako hitzaldi zikloa dela argitu dute. Ugaitz Mozo gazteak azaldu duenez, «elkarren artean nahiko ezberdinak diren hiru hitzaldi antolatu ditugu, eta nahiko genukeena da hiru hitzaldi hauetatik informazioa jasotzea. Gero, laugarren saioan gure ideiak elkarbanatuko genituzke, eta ea arazoari irtenbidea bilatzeko aukerarik dugun».

Lehena, pasa den ostiralean, Zeraingo alokairu sozialaren ingurukoa izan zen. Etzi, Oreretako etxebizitza komunalaren gaineko hitzaldia izango da. Oraindik martxan ez badago ere aurreratuta dagoen eta parte hartze zabala izan duen proiektua dela adierazi du, Garmendiak. Azken hitzaldirako, berriz, Tolosaldeko Antolakuntza Komunalekoak gonbidatu dituzte, eta Garmendiak gaineratu du: «Hauek etxebizitzatik haragoko proiektuaz hitz egitera etorriko zaizkigu. Bizimodu proiektu zabalago bat dute, ez bakarrik etxebizitzarena. Bost edo sei adar ezberdin lantzen dituzte, eta hori kontatzera datoz».

Hitzaldi guzti horietan informazioa jaso ostean, Eta Ikaztegietan zer? galderari erantzuten saiatuko dira. Lau egun hauetan ez dute geratu nahi, eta udalarekin, gabe edota aurkitzen duten bidearekin Ikaztegietan dagoen etxebizitzaren arazoari irtenbide bat bilatzen ahaleginduko dira.

Hogeita hamar gaztetik gorako taldea da, eta jarraikortasun batez hamabost bat biltzen dira. Mozok eta Garmendiak adierazi dutenez, aukera ezberdinen gainean hitz egin izan dute baina datuak falta zaizkie, edota legeak dituen mugak ez dituzte ezagutzen. Udal ordezkariekin ere egina dute lehen bilera, udalak zenbat etxe edota lur izango lituzkeen jakiteko. Erantzunaren zain daudela adierazi dute. «Ideiak ditugu, baina ez dakigu zein aukera egon daitezkeen».

Ez dela gazteen arazoa bakarrik gogorarazi nahi izan dute, ordea, eta besteak beste, kontuan izan behar dela etxebizitzak egiterako garaian eragina duela herriko euskararen erabileran edota etorritakoek herrian egin dezaketen bizitzak.

ZERAINGO ALOKAIRU SOZIALA

Zerain herrian ere antzeko egoera bizi zuten, eta duela bi urte hasi ziren aukera ezberdinak aztertzen, 23 gaztek herritik alde egin ostean. Gazte eta adinekoentzako alokairuko zortzi etxebizitza egingo dituzte, epe laburrean. Eusko Jaurlaritzatik lortu duten diru laguntzari esker aterako dute proiektua aurrera.

Bost urterako alokairua izango da, eta hileko kuota soldataren araberakoa izango dute. 35 urtetik beherakoentzat izango da, eta Etxebiden izena emanda egon behar dute. Adinekoekin ere uztartuko dutenez proiektua, 70 urtetik gorakoek ere izena eman ahal izango dute.

´ETXEBIZITZA BIZIMODU´

Urtarrilak 25, ostirala

19:00. Oreretako etxebizitza komunitarioa izango da hizketarako gaia, udaletxeko areto nagusian.

Otsailak 15, ostirala

19:00. Tolosaldeko Antolakuntza Komunaleko kideak izango dira beraien esperientzia kontatzen, udaletxeko areto nagusian.

Otsailak 22, ostirala

19:00. Eta Ikaztegietan zer? herritarrei zuzenduta bilera irekia izango da, udaletxeko areto nagusian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!