Mendebaldeko Sahara, hizpide

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 13a, 10:44

Saharar jatorria duten lau gazte ikaztegietarrek Mendebaldeko Sahararen egoeraren berri emango dute, bihar, udaletxeko aretoan egingo duten ekitaldian.

Mendebaldeko Sahara izango da protagonista Ikaztegietako Udazken Kulturaleko biharko ekitaldian. Mendebaldeko sahararren borroka, historia eta istorioak solasaldia eskainiko dute, 19:00etan hasita, saharar jatorria duten herriko lau gaztek. Udaletxeko aretoan izango da ekitaldia.

Tarba Dedah da hitzaldia emango duenetako bat, eta ekitaldia egitearena nola sortu zen azaldu du: «Pentsatu genuen aukera ematea herriari gure historia eta kultura ezagutzeko, eta kultura batzordekoei proposatu genien eta aurrera atera da». Egun batean ezin dela dena azaldu eta «hasieratik hastea» erabaki dute, Dedah-ek dioenez: «Zer den Mendebaldeko Sahara, eta nola iritsi den gaur egungo egoerara azalduko dugu. Gerrari buruz hitz egingo dugu eta politikoki zein izan den egoera. Horrez gain, Oporrak Bakean egitasmoaren berri ere emango dugu. Eta gaur egun, errefuxiatuen kanpamentuetan egunerokotasunean zer egiten duten ere azalduko dugu».

Aurrera begira beste ekitaldi bat antolatzea ere pentsatzen dute. «Mendebaldeko Sahararen kulturari eta emakumearen rolari buruz beste egun batean hitz egin nahiko genuke. Izan ere, gustatuko litzaiguke gure mezua ondo iristea, eta ez informazio guztia egun batean ematea», zehaztu du Dedah-ek.

Berrogei urte pasa dira Marokoren inbasioaz geroztik, eta oraindik ere egoera horretan egotea «oso tristea» dela esan du Dedah-ek. Bestalde, oroimena aldarrikatu du: «Gazteak gara eta ez dugu ahaztu behar gure herriak eta gure arbasoek zer jasan zuten eta zer jasaten duten gaur egun. Nondik gatozen ez dugu ahaztu behar eta horregatik gazteek ere borrokatzen dugu, beste modu batera, baina borrokatzen dugu».

IKASTARO ARRAKASTATSUA

Udazken kulturalaren barruan, sendabelarren ikastaroa egin zen abenduaren hasieran. Arrakastatsua izan zela esan daiteke, bertan 27 pertsona izan baitziren, tartean batzuk herritik kanpokoak. Pili Otaegi larrauldarra izan zen irakaslea eta ikastaroan sendabelarren inguruan arbasoengandik jasotako jakinduria galtzen ari dela azaldu zuen. Azalpenak jasotzeaz gain, bi ukendu eta olio bat egiteko aukera izan zuten parte hartzaileek.

Kultura batzordetik udaberrirako ikastaro berri bat antolatzeko asmoa azaldu dute, kanpora atera eta sendabelarrak biltzeko aukera emango duelako urtaro horretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!