«Yoga saio baten euskarazko lehenengo grabaketa dela uste dut»

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 28a, 08:00

Maite Eizmendi (Ikaztegieta, 1967) yoga irakasleak Yoga saioa audio gida argitara eman du, euskaraz eta gazteleraz. Durangoko Azokan aurkeztuko du, auto ekoizleen txokoan, abenduaren 9an.

Nola sortu zen audio-gida ateratzeko ideia?

Nire yoga ikasleek eskatuta sortu zen. Ikasle askok behin eta berriz esaten zidaten gero etxean praktikatzeko audioren bat grabatzeko. Azkenean, aurten animatu naiz CDa grabatzera, eta horrela sortu da.

Eta zer aurkitu daiteke bertan?

Berez yoga saio edo klase oso bat da. Ordu eta erdiko saioa da, euskaraz eta gazteleraz. Lehenengo sarreratxo bat dago, yoga egiten hasteko oinarrizko gauza batzuk azalduz. Gero yoga saioa bera dago; barrura begiratzeko atal bat, arnasketa ariketak eta luzatzeak edo yogako posturak. Bukatzeko erlaxazio luze bat dago, 20 minutukoa.

Entzuten ari dena, beraz, klase batean egongo balitz bezala sentitzen da.

Hori da. Asmoa da zure kabuz etxean yogako klase bat egitea, eta audio honek gidatu egiten du pausoz pauso saioan zehar. Erraztu egiten du, oso praktikoa da. Yoga zure kabuz etxean egiten jartzea zaila da, edo kosta egiten da. Zalantzak sortzen dira, ariketak ez dituzu gogoratzen edo ez dakizu posturak nola egin. Eta CDa, pausoz pauso, gidatuta nola den, erraztu egiten du bidea. Jaso duten ikasleek oso lagungarria dela esan dute.

Zer alde dago norberak bakarrik egin edo taldean egin?

Normalean yoga taldean egiten da eta taldeak indar bat du. Gainera dakien norbaitek gidatuta egiten da, eta noski, zalantzaren bat baduzu edo zerbait oker eginez gero, norbait duzu galdetzeko edo zuzentzeko. Normalean astean behin edo bitan joaten bazara taldean egitera, gero, yogan aurreratu ahala, sortzen zaizu gogoa zure kabuz ere, tartetxo bat duzunean, gehiago egiteko. Zure kabuz ari zarenean, hasterakoan kontzentrazioa falta zaizu, kosta egiten zaizu. Eta CDarekin oso erraza da, gidatutako saioa delako; barrura eramaten zaitut, arnasketan ardura jartzen laguntzen dut, eta momentuz momentu esaten dizut zer egin, non jarri arreta, nola mugitu. Horrela, astean behin edo bitan bakarrik ez duzu egiten, gero etxean gehiago egin ahal duzu. Eta erlaxazio bat ere badago, une jakin batean behar duzu, erabiltzeko.

Euskaraz eta gazteleraz atera duzu. Euskaraz horrelako material askorik ez da izango.

Nik haurrentzako erlaxazio saio bat ezagutzen dut, Marina Pintosek egin zuena, eta besterik ez dut ezagutzen. Agian egongo da. Entzun izan dut, ikasle batek komentatu zidalako, haurrentzako yoga libururen bat badagoela. Orain eskoletan hasi dira yoga saioak egiten, umeekin. Nik egindakoa, saio bat helduentzako euskaraz, uste dut lehenengoa dela. Eta euskaraz egin dut klaseak ere horrela ematen ditudalako; erdaraz ere ematen ditut, eta aukeratu beharren hizkuntz bat edo beste, bi hizkuntzak daude CD berdinean.

Durangoko Azokan aurkeztuko duzu. Nolatan?

Ikasleek eskatuta sortu zen, esan dizudan moduan, eta lehenengo kopia gutxi batzuk egin nituen ikasleei banatzeko, eta asmoa horretan geratzea zen. Baina ikasleen iritzia izan zen hain lagungarria zela, zabaltzea komeni zela eta leku batzuetan salgai jarri nuen, eta feedbacka oso ona izan da. Eta ikusita euskaraz egina dagoela, Durangoko Azokara joatera animatu nintzen.

Gauza poliki-poliki joan da. Hasieran ez nuen asmoa zabaltzeko, baina ikusita jendeak gustuko duela, horrela etorri da. Beste yoga irakasle batzuk ere hartu dute ikusteko nola erabiltzen dudan euskara yogan. Hau berria da, yoga mundua nahiko erdalduna da, orain arte horrela egin delako. Bada, euskaratzen ari gara poliki-poliki, eta horrela iritsi da Durangoko Azokara. Baiezkoa esan zidaten, eta auto ekoizleen plazan egongo naiz. Aurkezpena abenduaren 9an egingo dut, 11:00etan, areto nagusian.

Nolakoa izango da aurkezpena? Saio modukoren bat emateko aukera izango duzu bertan?

Ordu erdiko tarte bat izango dut, eta klase oso bat ezingo da egin, baina praktika bat egingo dut. CDa jarriko dut eta hori entzunez egingo ditugu arnasketa batzuk. Barrura begiratuko dugu eta luzaketa batzuk egingo ditugu, baina aulkian bertan egin daitekeena, eroso, zerbait erraza. Eta, noski, CDaren berri emango dut. Polita izango da.

Nola eskuratu daiteke audio-gida gaur egun?

Blog bat dut, mantrayogadonostia.blogspot.com izenekoa, eta bertan azaltzen dudan moduan, fisikoki edo digitalean eskuratu daiteke. Digitalean eskatzeko nire helbidera idatzi daiteke, maiteizmendi@gmail.com, eta fisikoki non dagoen blogean azaltzen da, yoga egiten den zenbait zentrotan eta zenbait dendetan ere salgai baitago.

Zu zeu nola iritsi zinen yogaren mundura?

Ni bigarren hezkuntzan hasi nintzen irakasle moduan, eta horrekin batera yoga egiten hasi nintzen, ondo etortzen zitzaidan lasaitzeko. Pila bat gustatu zitzaidan eta ordudanik ez diot utzi yoga egiteari. 1998 inguruan hasi nintzen eta gero 2004ean irakasle prestakuntza egin nuen eta lehenengo klaseak Ikaztegietan bertan eman nituen. Poliki-poliki hasi nintzen yogako klase gehiago ematen eta bigarren hezkuntzako irakasle lana gutxiagotzen, eta azkenean, yogako irakasle izatea bihurtu da nire lanbide azken hamar urtetan. Gehienbat Donostiako kultur etxeetan eta pare bat zentrotan nago klaseak ematen.

Asko aldatu al da azken urteotan yogaren praktika?

Azken 30 urteak hartuz gero, oso nabaria da jende gehiagok egiten duela yoga. Gainera normalizatu egin da. Lehen jende jakin batek egiten zuen, zerbait arraroa zen, ekialdetik zetorrena, baina gaur egun normalizatuta dago, kultur etxeetan eta kiroldegitan ematen ari garelako. Gainera, medikuek-eta praktika osasuntsu bezala gomendatzen dute. Yoga zabaltzen ari da onuragarria delako, eta gaurko gizarte honetan dagoen estresarekin lagungarria da. Denak presaka gabiltza, ez dakit nora goazen hain azkar... eta yogak asko laguntzen du lasaitzen eta osasuntsuago egoten.

Nola azalduko zenuke yoga zer den?

Maila ezberdinak daude. Yogara gerturatzen gara hasieran fisikoki osasunaren bila, emozionalki, eta burua lasaitzeko. Baina badu bere alde espirituala ere, eta hor sartzen da sakontzeko gogoa daukanak. Gehiago sartzen bazara yoga mundu bat da, berez autoezagutza da, kontzienteki zure burua ezagutzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!