Tipi Tapa Ikaztegietatik barna

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 1a, 09:30

Ibilaldi osasuntsuak egiteko ostiralero elkartzen dira hainbat herritar Tipi Tapa egitasmoan.

Abian jarri dute Ikaztegietan Tipi Tapa proiektua, batez ere adinekoei zuzenduta, herrian zehar astean behin ibilaldi osasuntsuak egiteko. «Helburua da zahartzaro aktibo bat eskaintzea herriko adinekoei», esan du Xabat Ibarguren zinegotziak. «Gorputza adinarekin pixka bat beheraka joaten da, gure gaitasun fisikoak galtzen joatean gara, eta galera horrek autonomia asko kentzen du eta horrek ekartzen du pixkana etxean geratzen hastea, eta sozializazio esparrua ere murriztea».

Egitasmoak bi helburu nagusi dituela dio Ibargurenek. «Batetik, jarduera fisikoa eginez, gaitasun fisikoen galera motelagoa izatea. Bestetik, onura psikologikoa duen sozializazioa bilatzea: beraien artean elkartu daitezela, elkarrizketak izan. Ez daitezela etxean geratu, ez dutelako norekin paseoa eman».

Ikaztegietako Udalak horrelako egitasmo bat abian jartzeko asmoa bazuen. «Erretiroa hartuta dagoen Osasun Saileko Tomas Plazaola etorri zitzaigun. Berak aipatu zigun gaia. Buruan bagenuen kontu bat zen udalean, eta bere bultzadak lagundu zigun egitasmoa abiarazten. Diru laguntza batzuk ere iritsi ziren eta horrek ere erraztu zuen bidea».

ORDUBETEKO SAIOA

Ostiraletan elkartzen dira Tipi Tapako parte hartzaileak. Saioa 09:45ak aldea hasten da, udaletxearen azpiko aretoan, ordu laurden utziz parte hartzaileek izena eman dezaten. Ondoren, 10:00etan hasten dira ibiltzen. Bi bide bereizi dituzte, motelago joaten direnak eta azkarxeago mugitzen direnak. «Normalean adin horietan osasun aldetik ezberdintasunak izaten dira», esan du Ibargurenek. «Ibilbide motela deitu geniona herri ingurunetik distantzia laburragoa egiten duen bidea da, eta bertan motelago ibiltzen direnak daude. Bestetik, talde azkarrak distantzia luzeagoak egiten ditu», gehitu du.

Oinez ordubeteko saioa egiten dute, 10:00etatik 11:00etara, eta ondoren hamaiketakoaren txanda izaten da. Herrian bi taberna daude, Ostatu eta Zubiaurre, eta horretaz gain Etxegune, Atzegiren eguneko zentroa, Loperdi Berri etxean. Hirurek txandatuz eskaintzen dute hamaiketakoa, udalak ordainduta, ordu erdi batez. Horrekin bukatzen da Tipi Taparen saioa. Hamaiketakoa egitasmoan parte hartzeko animatzeko beste modu bat dela dio Ibargurenek. «Ibiltzen ari direnean elkarrekin hitz egiteko aukera izaten dute, baina sozializazio prozesu horretan oso aukera ona ikusten genuen jendea lotzeko eta jendearen arteko harremana sendotzeko hamaiketakoa eskaintzea. Horrekin batera, Ostatu eta Zubiaurre tabernetara egunerokotasunean joateko ohitura ez duten herritarrei aukera ematen zaie horiek ezagutzeko, eta, bide batez, tabernek bere burua promozionatzeko». Etxegune zentroan obrak orain gutxi amaitu dituzte. «Herritar gutxik ezagutzen dute, eta bertan hamaiketakoa eginez, beste leku bat ezagutzeko aitzakia ere bada».

BOLUNTARIOEI ESKERTZA

Boluntarioen lana udaletik «asko eskertzen» dutela dio Ibargurenek. «Udalak aurreko lanak egin ditu, forma eman dio proiektuari, baina saio bakoitzean egiten den lana beraiek egiten dute. Beraiek dira ostiralero konpromisoa hartu dutenak bertan egoteko. Boluntarioek egiten dute izena hartzeko lana, parte hartzaileak zaintzearena, azken batean proiektua aurrera eramaten dutenak beraiek dira, eta oso eskertuta gaude».

Parte hartzaileen kopuruak hasieratik «oso onak» direla dio Ibargurenek. «Pentsatzen genuen zerbait progresiboagoa izango zela, baina egia da aurkezpen egunetik biztanle ugari etorri zirela, eta lehenengo saioan 30 pertsona inguru bildu ziren, boluntarioak barne». Egin diren lehen saioetan kopurua 20-30 pertsona inguruan dabilela dio Ibargurenek, eta udalarentzat «oso kopuru polita» dela. Bestalde, gogora ekarri du adineko herritarrez gain, beste eragile ezberdin batzuk parte hartzea ere nahi zutela udaletik, eta nabarmendu du Etxegune zentroko erabiltzaileek eta herriko eskolakoen parte hartzea.

Orain arteko balantzea «benetan positiboa» egin du Ibargurenek. «Neguan agian eguraldiak zerbait baldintzatu dezake egitasmoa, baina espero dezagun orain arte izandako balantze positiboak bere horretan jarraitzea». Bide batez, Ibargurenek inguruko herrietako biztanleei ere gonbita egin die egitasmoan parte hartzera.

ELKAR EZAGUTZEKO

«Oso ondo iruditzen zait parte hartzea, eta herriko jendea ezagutzeko aukera izaten da modu honetara», azaldu du Etxegune eguneko zentroko erabiltzailea den Juanjo Oriak. «Bestela ere egiten ditugu ibilaldiak, eta horrez gain Atzegirekin ere mendi ibilaldiak egiten ditut».

Egitasmoa martxan jartzerakoan boluntarioak eskatu zituzten eta Secundino Ormazabalek izena eman zuen. «Emaztearekin batera eman nuen izena», esan du Ormazabalek. «Gure nahia da adinekoak bakarrik ez, gazteek ere parte hartzea. Herria hilda dago eta egin behar duguna da jendea elkarrekin bildu. Batak bestearekin dituen ezinikusiak alde batera utzi eta hau lagunartean egiteko gauza bat da, parte hartzen dugunon artean solasean arituz».

Ormazabalek normalean aulki gurpilduna bultzatzen du, motelago ibiltzen den taldean. «Batzuetan parte hartzen du aulki gurpilduna behar duen jendeak, eta bertan eramaten ditut. Bestela, hutsik egon arren, badaezpada ere eramaten dut, ibilbidean norbaitek horren beharra baldin badu prest izateko». Hasieran hiru bat boluntario ziren, baina egun zortzi badirela nabarmendu du Ormazabalek: «Poza ematen du horrek».

Lurdes Garmendiak parte hartzen du egitasmoan: «Ibiltzea asko gustatzen zait eta gustura sentitzen naiz». Horrelako egitasmoa martxan jartzea «pozgarria» dela dio, eta beste herritarrei parte hartzera animatzen die. «Saiatzen ari naiz horretan; ea ikusten gaituztenean animatzen den jende gehiago».

Ikaztegietako Herri Eskola ere parte hartzen hasi da egitasmoan. Patricia Ramos irakasleak azaldu duenez, «orain gutxi izan genuen honen berri eta oso esperientzia polita iruditu zitzaigun. Azkenean gure ikasleek, adineko jendearekin egonez, beste errealitate batera gerturatzeko oso aukera ona dute, eta aldi berean adinekoak ere kutsatzen dira haurrek duten energia handiaz».

Maila Dedah eta Idoia Arin izan dira parte hartu duten ikasleetako bi: «Ezagutzen ditugu parte hartzen duten zenbait adineko eta oso esperientzia ona izan da». Aurrera begira, herri eskolatik hamabostean behin ariko dira Tipi Tapan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!