500 biztanleren langa pasatu du Ikaztegietak

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 18a, 12:47
Hainbat herritar, udaletxearen aurrean dagoen parkean, aste honetan.

Aurreko astean erroldatutako bi jaioberriren bidez, 501 biztanle daude gaur egun herrian.

Gaur egun Ikaztegietan 501 pertsona daude erroldatuta. 500eko langa pasatzea jaiotzen bidez gertatu da, zehazki orain bi aste jaio eta aurreko astean erroldatu ziren bi jaioberrirengatik. Bakarne Otegi Ikaztegietako alkateak azaldu duenez, «azken urteotan 480 biztanle inguruan ibili gara eta azkenean aurten 500eko kopuru horretara iritsi gara eta pozgarria izan da».

Kopuru horretara ez da iritsi behin ere Ikaztegieta, ez behintzat azken mendeetan. Datuei errepaso bat eginez, orain dela 160 urte, 1857. urtean zehazki, 239 biztanle ziren herrian. Kopuruan gorabehera batzuk izan ondoren, 1900. urtean 227 biztanle ziren eta hamar urte beranduago, berriz, 267 biztanle. Antzeko kopuruekin jarraitu zuten, eta gero gorakada nabarmena izan zen 1930eko 262 biztanleetatik 1940ko 308 biztanleetara, 300 biztanleko langa pasatuz. Beste gorakada handia hurrengo 20 urteetan izan zen, 1960. urtean Ikaztegieta 400 biztanle izatera iritsiz.

Hurrengo datu esanguratsua 90.eko hamarkadakoa da, izan ere, 1966tik 1987ra Iruerrieta udalerria osatu zuen Ikaztegietak, Baliarrain eta Orendainekin batera. Urte guzti horiek pasa ondoren, 400 biztanleko langatik jaitsi zen Ikaztegieta, 1996an 380 baitzituen. Hurrengo urteetan pixkana kopurua igotzen joan zen, eta aldaketa nabarmen bat 2005etik 2006ra izan zen. 32 etxebizitza berri egin ziren Errotagaineko eremuan, eta orduan 59 biztanle berri erroldatu ziren, 2006an 453 biztanle izatera iritsiz.

Pixkana goraka joan da biztanleen kopurua azken urteotan, zenbait gorabehera txikirekin, eta gorakada nabarmena 2014tik 2015era bitartean izan zen, 22 pertsona gehiago erroldatu baitziren herrian, 486 biztanlera iritsiz. «Familia berriak etorri ziren, haur asko zituztenak, eta horrek ere kulturaniztasuna nabari ugaritu du herrian», esan du Otegik. Hortik aurrera, azken hiru urte hauetan 500 biztanleko langaren inguruan ibili da, eta aurten lortu du pasatzea.

Kopuru horretara iristeak udalerriaren funtzionamenduan ez duela eraginik azaldu du Otegik. Eskatzen dituzten diru laguntzetan, esaterako, biztanleen muga kopurua 2.500ekoa dela dio alkateak. Zinegotzi kopuruan ere ez du eraginik: 250 biztanletik gora bost zinegotzitik zazpi izatera pasatzen da, eta hurrengo langa 1.000 biztanlekoa da, hortik aurrera bederatzi zinegotzi baitagozkio. Horrez gain, landa eremu mailan ere ez duela eraginik dio Otegik, parametro sozioekonomikoak kontuan hartzen baitira horretarako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!