Ikaztegietako Sanlorentzo jaiak 2018

Bertsoa eta pilota, parekidetasunez elkartuta

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 10a, 19:44

Gaur, San Lorentzo eguna, herriko patroiaren eguna ospatzen ari dira Ikaztegietan. Goizean, txakolin dastaketa izan da ekintza nagusia. Arratsaldean, berriz, Galtzalde kiroldegian, bi hirukote mistok partida berezia jokatu dute.

Kirola, parekidetasuna eta festa giroa. Hiru osagai horiekin koktel bat egitea zaila bada ere, ikaztegietarrek lortu dute, eta ederki gainera. Batetik, Patri Espinar eta Egoitz Amantegi gorriz, eta bestetik, berriz, Mikel Olazabal eta Maite Ruiz de Larramendi urdinez. Bikote gorria, bi bizkaitarrek osatu dute, eta kasualitatez edo ez, baina zozketak hala erabakita, eurekin botilero lanetan aritu dena Iratxe Ibarra (hau ere bizkaitarra) bertsolaria izan da. Andoni Egañak, berriz, bi nafarrez osatutako bikote urdinari aritu da aholkuak ematen.

Partidari dagokionez, hasiera parekatua izan bada ere, urdinek geroz eta gehiago asmatzen zuten; gorriek, gainera, tanto gehiago galdu dituzte lehen zatian. Partida osoan zehar lau pilotariek lan ona egin duten arren, Olazabal aurrelari aresoarra izan da onena, pilota hobekien mugitu duena. Partidaren bigarren zatirako, urdinek geroz eta alde handiagoa lortu dute, eta 21-12 jarri dira. Orduan, Iratxe Ibarrak partida ea 25era luzatu zitekeen galdetu du, eta Egañaren erantzuna ederra izan da "Hamairu ere egiteko ez zarete kapazak, eta 25era luzatu nahi duzue?".

Eskatu eta onartu. Azkenean, partidaren erritmoa bizia zela ikusita, tanto gehiago jokatzea erabaki dute lau pilotariek, bertaratu diren ikusleen gozamenerako. Kalitate handiko partida izan ez bada ere, tartean, tanto gogorrak eta ederrak ikusteko aukera izan da, eta emozioz bizi izan dira denak. Azkenean, baina, urdinek aldeari eutsi diote eta erraz irabazi dute.

Gaurkoz, ordea, ez da amaitu festa, eta gauean ere nobedadez beteta datoz salontzoak. Izan ere, herri afariaren ondoren, Ikaztegieta kantari taldearen saioa izango da, trikitilarien eta afterlontxaren aurretik. Bihar, berriz, kuadrillen eguna ospatuko dute, egitarau bikainarekin, eta orain artean bezala, parekidetasuna aldarrikatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!