«Ideal bat baldin badaukagu, ezinezkoa dela jakinda ere, lortzen saiatzen gara»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko uzt. 27a, 07:56

Kaleko hizkeran fantasia bat izan liteke utopia, erreala ez den hori. Alba Garmendia (Ikaztegieta, 1992) lanean ari da, definizio horrekin nahiz haragoko guztiekin, filosofia doktoretzako tesia utopian gorpuzteko. «Utopiak lurrera ekartzea» ona dela dio, «errealak ez izan arren, balio digutelako».

Zertan ari zara lanean?

Filosofian doktoretza egiten ari naiz, bigarren urtean, eta utopiaren pentsamendua ikertzen ari naiz. Ernst Bloch XX. mendeko filosofoak asko idatzi zuen utopiaren inguruan eta, beraz, bere pentsamendua beste bi egileren pentsamenduarekin alderatu nahi dut: Michael Hardt eta Antonio Negri..

Zergatik ikergai hori?

Unibertsitateko irakasle batek Bloch-en pentsamendua aztertua zuen, baina alderdi mistikoago batetik. Arreta ematen zidan, baina ez nekien oso ondo nondik tira. Informazio bila hasi nintzen, eta hemen bukatu dut.

Zuk nola definituko zenuke utopia?

Oso galdera zaila da; doktoretzako lehenengo bi urteak utopia definitu nahian pasatu ditut, eta ez dakit posible ote den. Baina Lucy Sargissonen definizioa gustatzen zait, esaten baitu, utopia dela leku ona eta ez lekua, aldi berean; azalpen etimologiko bat da ia. Desio edo nahi dugun zerbait da utopia, baina, aldi berean, ezinezkoa dena. Eta, tentsio horretan, konpondu beharko liratekeen gatazkak sortzen dira.

Elkarrizketa batean aipatu berri duzu, errazagoa dela etorkizun beltza ikustea, etorkizun perfektua ikustea baino. Zergatik?

Askoz ere ohituago gaude horretara. Uste dut tranpatxoa ere baduela, errazagoa baitzaigu Black Mirror telesailaren pareko etorkizun apokaliptikoa aurreikustea: ikusita etorkizuna beltzagoa dela, gaurkoa gehiago baloratzen dugu, eta iruditzen zaigu ezin dugula iraultzarik egin. Horri lotuta, bada turismo beltza deiturikoa: Auschwitz eta antzeko lekuak bisitatzeari deitzen zaio. Joera dugu gure alderik ilunena ezagutzeko, eta distopiak bide horretatik doaz.

Konformista izateko modu bat da distopia?

Bai, utopia eta haren perfektutasuna beste mundu batekoak balira bezala ikusten baititugu.

Aldi berean, ordea, utopia lortzen saiatzen da gizakia.

Uste dut hortxe dagoela gakoa, eta Sagrissonek ere horixe dio: ezin dugu, baina nahi dugu, eta hori da utopiaren ezaugarri nagusia. Bloch-ek, berriz, dio hori jaiotzez dugun bultzada humano bat dela: errealitatearen aurrean dugun inkonformismoa, eta horri erantzun bat eman nahia. Ez naiz ausartzen giza-natura deifinitzen, baina uste dut gugan badagoela hobetu nahia pizten digun zerbait, indibidualki nahiz kolektiboki. Ideal bat baldin badaukagu, ezinezkoa dela jakinda ere, beti lortzen saiatzen gara. Adibidez, askatasuna: erabatekoa ezin dugu lortu, baina ahal dugun neurrian askeago izaten saiatzen gara.

Mugimendu sozialak utopiatzat jotzea, esaterako, izan daiteke kaltegarria?

Bloch-ek bi utopia mota bereizten zituen: abstraktua eta konkretua. Abstraktua perfekzioaren ideala da, azken helburua, nolabait. Utopia konkretua, berriz, egunez egun egin dezakeguna da. Mugimendu horiek azken helburua ez dute lortu, baina pauso bat emateko balio izan dute. Beraz, horrelako adibideei utopia dei diezaiekegu, baina, kontuan izanda, utopia zehatzak direla.

Ona da utopiak izatea?

Baietz uste dut. Eta, gainera, askotan, nahi gabe izaten ditugu utopiak; ez diegu utopia deitzen, baina beti izaten dugu proiektu bat esku artean. Horiek guztiak utopiak dira, eta uste dut kendu egin behar zaiela «ezinezkoa da» etiketa.

Literaturak eta ikus-entzunezkoek elikatzen dituzte utopiak?

Erabat, eta lotura bereziki estua dago literaturaren eta distopien artean; telebistan ere asko garatu den zerbait da. Utopiek nahiz distopiek inspirazioa pizten digutela uste dut. Zientzia fikzioan-eta utopia asko dago. Orwellen 1984 obra distopia bat da, eta lan horretatik sortu zen Gran Hermano telebista saioa. Asko pentsarazi diezaguke eta, azken finean, hausnarketa horiek inspirazioa pizten digute.

Zer nolakoa da doktoregaiaren egunerokoa?

Gogorra da eta, gure kasuan, ondo antolatzea gakoa da. EHUren Donostiako fakultatean ari naiz doktoretza egiten, eta egunero joan naiteke, nahi dudan ordutegian, edo etxetik ere lan egin dezaket. Nire egunerokoa, finean, irakurtzea, oharrak jasotzea, laburpenak egitea eta tesiaren gidoia osatzea eta aldatzea da.

Zure tesia edo ondorioak marrazten hasi zara, ala oraindik goiz da?

Alde handia dago doktoregai batetik bestera baina, nahiz eta hasieratik ideia bat edo norabide bat izan, bibliografia irakurtzen hasi, eta kontraesan eta zalantzen zurrunbiloan sartzen zara. Hasierako ideia asko aldatu daiteke edo, kontrara, prozesuak zure ideia berretsi dezake. Nire kasuan, hasieran ideia bat nuen, eta orain hortxe-hortxe nago, zalantzan. Beste bi urte ditut aurretik, ea nola bukatzen dudan.

Zein iritzi duzu azken urteotan hezkuntzak letra eta humanitate ikasketak zokoratzeko hartu duen bideaz?

Pena ematen dit, eta ez bakarrik letretako ikasketak direlako. Gaztetan, badirudi letretako ikasketak hartu behar izaten ditugula, nota txarrak baldin baditugu edo zientziatan txarrak baldin bagara. Eta gero konturatzen zara, zehazki filosofiaren kasuan, alor guztietan dela garrantzitsua. Ekonomia, ingeniaritza edo dena delakoa ikasita ere, filosofiak beti eskaintzen du ikuspegi bat. Leku gehiagotan egon beharko luke filosofiak.

Ikuspegi kritikoa garatzen lagun dezake, adibidez?

Bai. Pentsamendu kritikoan sakontzen laguntzen du, batez ere, eta norbere buruari perspektiba pixka batekin begiratzen. Beharbada topiko bat izango da, baina, adibidez, ingeniari bat patente batekin lanean ari baldin bada, filosofiak perspektibaz begiratzen lagunduko dio: patente hori zertarako erabiliko duten edo zein ondorio izan litzakeen, esaterako. Guztiaren konponbidea ere ez du filosofiak, baina lagundu egiten du.

Topikoak aipatu dituzu. Filosofiaren inguruan topiko asko al darabiltza gizarteak?

Beharbada bai. Jende askok pentsatuko du filosofiak ez duela ezertarako balio. Eta, letretako doktoretzen inguruan ere askotan esan izan didate: «Baina zuen lana ez da lana, ezta? Irakurri eta idatzi, beno...».

Zure tesiaren gaiarekin bukatzeko: zein da zure utopia?

Ba, ez dakit. Esango nuke nire inguruan edo herrian ahal dudana egitea dela nire utopia. Bloch-ek ere esaten du, inoiz ez dugula jakiten gure utopien forma zein izango den. Nik ez dakit 200 urte barru Ikaztegietak nolakoa izan behar duen, ezin diot galdera horri erantzun, baina uste dut saiatzen garela, ahal den neurrian, herria hobetzen. Ez dakit lortuko dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!