Herritarren festetako antzerkia berreskuratu nahi dute Ikaztegietan

Ataria 2018ko maiatzaren 17a

Sanlorentzoetako herri antzerkia egin nahi dute aurten ere Ikaztegietan, eta horretarako aktore bila ari dira. Maiatzaren 28a, astelehena, baino lehen eman beharko da izena.

2007. urteko abuztuan, San Lorentzo jaien barruan, egin zuten, lehenengoz, herritarren antzerkia. Ama begira zazu antzezlana aukeratu zuten egun horretarako, eta jende ugarik hartu zuen parte. Ostera, Pernando Amezketarraren edota Wazemak telebista saioaren inguruko antzezlanak egin izan dituzte.

Azken lau urteotan, ordea, ez da herri antzerkirik egin, eta herritarrek faltan botatzen zuten hitzordu hori. Festa Batzordeko bi kide, festetan faltan botatzen dutenaz galdezka izan ziren adinekoen tailerrean, eta tartean, antzerkiarena aipatu zuten.

Bada, berreskuratzeko lanei ekin die Festa Batzordeak. Horretarako baina aktoreak behar dituzte, antzerkia gustuko dutenak. Ez dute zertan profesional izan behar. Entsegu egun batzuk jarriko dituzte, eta parte hartzeko festetako ikuskizunean egotea beharrezkoa izango da.

Interesa dutenek izena eman beharko dute hilaren 28a baino lehen udaletxean.

Hurrengo festetako bilera, berriz, ekainaren 1ean egingo dute, 18:30ean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!