Urretabizkaia, ikaragarri

Ataria 2018ko apirilaren 28a

Ikaztegietarrak ezerezean utzi du Peio Etxeberria, eta 22-4 irabazi du Labriten, erakustaldia emanda.

Peña 6an utzi zuen duela bi aste Beñat Urretabizkaiak. Bada, bide bera jarraituz, aise irabazi dio ikaztegietarrak Peio Etxeberriari. Horrenbestez, finalaurrekoak jokatuko ditu datorren astean.

Indar erakustaldia eman du Urretabizkaiak, hasieratik, sasoiko dagoela erakutsiz eta erabat zentratuta. Nafarra airez jokatzera behartu du, eta ezin izan ditu Ikaztegietako pilotariaren pilotakadak erantzun. Behartuta ibili da Etxeberria. Eskualdekoak sekulako pilotakadak eman ditu, tarteka, Labriteko txalo zaparradak irabaziz. 

Ikaztegietar talde bat izan da, gainera, Iruñeko pilotalekuan, beren herritarra animatuz, eta giro ederra jarri dute. Amaieran, Urretabizkaia berarekin eta Juan Martinez de Irujo pilotari ohiarekin argazkia ateratzeko aukera ere izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!