Lehenengo Gazte Egunean, «denontzako, denetik»

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 11a, 09:46

Larunbaterako Gazte Eguna antolatu du Ikaztegietan bertako Gazte Taldeak, eta egun osorako egitaraua prestatu dute, «ilusioz».

Ikaztegietako Gazte Taldeak lehendabiziko Gazte Eguna antolatu du, eta larunbat honetan ospatuko dute, apirilaren 14an. Antolakuntzako kideetako bat den Maria Gonzalezek azaldu duenez, «orain sei urte inguru sortu zen herriko Gazte Taldea, eta pixkanaka hasi ginen gauza ezberdinak antolatzen. Brometan-eta hasi ginen pentsatzen ondo egongo zela Gazte Egun bat antolatzea, eta gauzak lotzen joan gara eta azkenean antolatu dugu». Jon Luzuriaga antolakuntzako beste kide batek gaineratu duenez, «hasierako helburua zen denetarik eta denentzat antolatzea, eta uste dugu asmatu dugula».

Gazte Taldekoak konturatu ziren herriko festetarako elkartzen zirenean ekitaldiak antolatzeko oso ondo moldatzen zirela, eta beste pauso bat ematea erabaki zuten, Gazte Eguna antolatuz. «Ilusionatuta gaude», esan du Luzuriagak.

Gazte Egunari zehazki Gazte sentitzen direnen eguna deitu diote. «Ikusten genuen Gazte Eguna jarrita oso mugatuta geratuko zela, jende jakin batentzako, eta guk muga hori herriari begira zabaltzea nahi genuen», esan du Luzuriagak. «Izan ere, festetan Kuadrilla Eguna izaten denean, adin guztietako norbanakook elkarrekin hartu-emanean oso ondo pasatzen dugu». Gazte Taldearen helburuetako bat herriari «bizi pixka bat ematea» dela gaineratu du Gonzalezek eta horregatik parte hartzea irekita utzi nahi izan dute, eta, bazkarirako, esaterako, adin ezberdinetako herritarrek eman dute izena.

HASTEKO, SOLASALDIA 

Gazte Taldeko kideak herrian martxan dagoen Berdinbidean programan parte hartzen ari dira eta Gazte Egunean ere txertatu nahi izan dute. Horrela, egitarauko lehen ekitaldia solasaldi bat izango da. Bertan izango dira herrian Berdinbidean egitasmoa bideratzen ari den Kattalin Miner, eta gonbidatu bezala Onintza Enbeita. «Berdinbidean egitasmoaren barruan hilero gai ezberdin bat jorratzen dugu, eta tarteka herritar guztientzat irekiak dira. Apirilean tokatzen zen prestakuntza saioa irekia izatea erabaki genuen, eta egitarauaren barruan sartzea», esan du Gonzalezek.

Frontenis txapelketaren finala izango da hurrengo ekitaldia. «Aurreko urteetan txapelketa hau antolatzeko gogoa izan dugu, eta Gazte Eguna antolatzen hasi ginenean, iruditu zitzaigun oso egokia zela finala egun berean jokatzea», esan du Luzuriagak. Balantze positiboa egin dute, «parte hartze zabala» izan dela azalduz. Bikote mistoak osatuz jokatu dute txapelketa, eta Xabi Luzuriaga ikaztegietarra eta Izaro Olano altzotarra, eta Uxue Larrea eta Eñaut Larrea ikaztegietarrak ariko dira final horretan.

Bazkaltzeko 75 pertsona inguru izango dira, «espero baino gehiago». Bazkarira ez dira adinez gazteak bakarrik joango, baizik gazte sentitzen diren hainbat herritar, tartean Gazte Taldeko kideen hainbat guraso. «Giro polita izango da», esan du Luzuriagak. Plazan egingo dute otordua, Gazte Taldekoek prestatua. «Gogora ekarri behar da Gazte Eguna autogestionatua dela, eta horrek ere suposatu du jende askoren inplikazioa eta boluntario lana», esan du Luzuriagak.

BERRIRO FRONTOIRA

Bazkalosterako bingoa antolatu dute. «Finantziazioan laguntzeko ere bultzadatxoa izango da, eta ea jendea animatzen den parte hartzera», esan du Gonzalezek. Unai Urretabizkaia ariko da ekitaldia dinamizatzen, Gazte Eguna iragartzeko egin dituzten bideoetan Anjel Alkaini imitatzen aritu da bera. Beraz, umore eta giro onik ez da faltako bazkaldu ondorengo tartean.

Arratsaldean bat egingo dute Altsasuko gazteen aldeko aldarrikapenarekin. «Aspalditik ari ginen Gazte Eguna antolatzen, eta data jartzea bereziki kostatu zitzaigun. Ekitaldiak lotzen hasi ginenean zabaldu zen Iruñeko manifestazioa egun berean izango zela», esan du Luzuriagak. «Guretzako eguna aldatzeak zailtasun handia ekarriko zuenez, Altsasuko gazteei elkartasuna erakusteko ekitaldi bat antolatzea erabaki genuen, eta egokiena argazki bat ateratzea izango zela pentsatu genuen».

Gazte Eguneko egitarauan sartuta ez badago ere, arratsaldean frontoian izango den pilota jaialdiak ere bere lotura izango du egunarekin. Izan ere, tartean Urretabizkaia II.a herritarraren eta Peña II.a tolosarraren arteko pilota partida jokatuko da, Promozioko Buruz Buruko Txapelketaren kanporaketa. Gazte Egunean karro poteoa egingo da, eta bisita ere egingo dute frontoira. «Urretabizkaiaren partidak jendea erakarriko du eta giro polita sortuko da», dio Luzuriagak.

Egitaraua zahagiardoarekin jarraituko dute. Sagardo kupela jarriko dute plazan, eta barran ogitartekoak erosteko aukera izango da. Eta egunari bukaera emateko kontzertuak izango dira. Tolosaldeko Estarlus taldea, TPR anoetarrak eta Leitzatik etorriko den Katez taldea. «Ingurukoak dira eta batzuk hasiberriak, gazteak, eta aukera ona iruditzen zitzaigun bai beraientzat plazetan aritzeko, eta baita ere jendea erakartzeko kontzertuetara», esan du Gonzalezek, eta, bide batez, herritarrei zein kanpokoei ekitaldietan parte hartzeko deialdia egin dute.

EGITARAUA

11:00. Solasaldia Onintza Enbeita eta Kattalin Minerrekin, Plaza: konkistatu beharreko zera hori izenburupean. Udaletxeko aretoan.

13:00. Frontenis txapelketako finala, eta ondoren sorpresa. Galtzalde pilotalekuan.

14:30. Bazkaria, plazan. Ondoren, bingoa.

17:00. Elkartasun argazkia, Altsasuko gazteen manifestazioari atxikimendua erakusteko. Ondoren, karro-poteoa.

21:00. Zahagiardoa, plazan. Ogitartekoak salgai izango dira barran.

23:30. Kontzertuak, plazan, TPR, Estarlus eta Katez taldeekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!