M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

Tolosako elkarretaratzera eta Donostiako manifestaziora joateko deialdia

Ataria 2018ko martxoaren 5a

Martxoak 8rako egin dute deia Ikaztegietako emakumeek elkarrekin joateko: 11:50eko trena Tolosako hitzordurako eta 18:55eko trena Donostiarako.

Tolosan elkarretaratzea egingo da, 12:00etan, Trianguloan, eta Donostian manifestazioa 20:00etan hasiko da Boulebarretik. Deialdian zehazten denez, zapi morea besoan jartzeko, edota zaintza edota etxeko lanak irudikatzen dituzten elementuak (erratza, amantala, umeen karroak,...) hartzeko eskatu dute.

Deialdia egin dutenek diotenez, "aspertu gara erosketak guk egiteaz, eta bihar zer bazkalduko dugun erabakitzeaz. Nekatu gara labadora guk jarri ezean, arropa garbirik ez aurkitzeaz. Konturatu gara amatasun senak esplotatu egiten gaituela. Zergatik sinestarazi digute hau guztia emakumeon ardura dela?!". "Denon borroka" dela gaineratu dute, eta "emakumeok planto!" egiteko deia egin.

Bestalde, martxoak 9rako beste bi hitzordu zehaztu dituzte. 19:00etan, herriko emakumeak kontu kontari elkartzeko aukera izango da, udaletxeko areto nagusian. "Adin ezberdinetakoak elkartu eta esperientziak trukatuz, besteak beste, egin nahiko genukeenaz hitz egiteko". 21:00etan, emakumeen afaria izango da Herrigintza elkartean. Ostatu tabernan dago izena emateko zerrenda, eta azken eguna martxoaren 7a izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!