Etxegune, Atzegiren eguneko zentro berria Ikaztegietan

Mikel Iraola 2018ko mar. 1a, 17:12

Ikaztegietako Loperdi Berri etxearen beheko solairua eta alboko lursaila egokitu dituzte, eta Atzegik eguneko zentro gisa erabiliko ditu, adimen urritasuna duten pertsonen arreta integrala bermatzeko. Markel Olano diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak bisitatu dute.

40 urte baino gehiago daramatza Atzegik Loperdi Berri etxea erabiltzen, 1984tik, familia baten dohaintzari esker. Hiru etxebizitzak osatzen dute, eta 24 pertsona bizi dira. Beheko solairua gutxi erabiltzen zuten, eta etekin gehiago ateratzeko asmoz, espazioa eraberritu eta eguneko zentroa egin dute bertan.

Egonaldirako eta jardueretarako egokitu dute espazioa, eta sukaldea eta jangela ere egin dituzte. Kanpoan, lorategiko malda kendu eta ibiltzeko moduan ipini dute, ataripe eta guzti. «Tokan ibiltzeko aukera dugu orain, eta barruan kartetan jokatzen ematen dugu denbora gehien» azaldu du erabiltzaileetako batek.

Etxegune deitu diote eguneko zentroari. Azaroan zabaldu zuten, 12 plazarekin. Bederatzi plaza daude okupatuta bertako egoiliarrek bost eta eguneko arretako beste lauk eta apirilerako plaza guztiak okupatzeko helburua dute.

Adimen urritasuna duten pertsona batzuen 24 orduko arreta integraleko beharrei erantzutea da proiektuaren asmoa, Mitxel Lakunza, Atzegiko zuzendariaren arabera: «Gaitasunei eustea, autonomia eta garapen pertsonala sustatzea, gizarte partaidetza bultzatzea, eta, ahal den neurrian, narriadura fisikoa nahiz psikikoa saihestea da helburua. Erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzeko aurrerapauso handia da».

Aldundia, «ezinbesteko»

Gipuzkoako Foru Aldundiak 260.000 euroko inbertsioa egin du obrak egiteko, egindako lanen %50. Horrez gain, hitz eman du zerbitzu sarean sartuko direla sortzen diren plaza berriak.

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, berriz, nabarmendu du, erabiltzaileen eta zaintzaileen zahartzearen ondorioz «aldaketa handiak» eman direla urritasuna duten pertsonen kolektiboan, eta tesitura horretan kokatu du proiektua: «Familia-sarea ahuldu egin da, zaintzaileak zahartu edo hil direlako. Adimen urritasuna duten pertsonak ere erretiroa hartzen doaz. Sarea indartzen lagunduko du honek».

Markel Olano diputatu nagusiaren ustez, emaitza «borobila» izan da: «Aldundiak ez baitu obran soilik parte hartu, proiektuaren osotasunean, baizik. Harro gaude».

Bakarne Otegi, Ikaztegietako alkateak, halaber, nabarmendu du «honek jarraipen bat behar duela izan eta erabiltzaileen ongizatea bermatzeko laguntza garrantzitsua izango dela».

«Sakondu beharreko» eredua

Bestalde, Ikaztegietako proiektuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren gizarte politikaren eredua islatzen duela adierazi du Markel Olanok. «Hirugarren sektorearekin egiten dugun elkarlanean oinarritzen da eredua, eta gehiago sakondu behar dugu». Bide horretan, gizarte politikekin duten konpromisoak jarraipena izango duela nabarmendu du Olanok: «Aurrekontuaren 47a da. Gorantz doa diru partida, eta horrela jarraituko du. Behar berriak etorriko dira eta horiei erantzun beharko diegu».

43,5 milioi euro bideratuko ditu aurten Aldundiak, urritasuna duten pertsonen gizarte zerbitzuen sarea sendotzeko, iaz baino 2,25 milioi gehiago. 1.535 plaza eskaintzen ditu: horietako 847 plaza, 62 egoitza eta etxebizitzetan; eta beste 688 plaza, 31 eguneko zentrotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!