«Emaitzak onak izan dira, eta nire aukera defendatzen saiatu naiz»

Asier Imaz 2018ko ots. 22a, 11:36

Pistako Munduko Txapelketarik gabe geratu da Leire Olaberria ikaztegietarra, Espainiako selekziotik kanpo geratu ostean; Raul Mena Espainiako selekzioko hautatzailearen aurkako salaketa jarri du, eta erantzunaren zain dago.

Leire Olaberria txirrindularitzara itzuli zenetik momentu garratzenak bizitzen ari da. Kirol arloan baina bulegoetan sortu zaio arazoa. 40 urteko ikaztegietarrak, Raul Mena Espainiako selekzioko hautatzailearen aurkako salaketa jarri du.

Komunikabideetan zeresana ematen ari zara azken egunetan, zoritxarrez, ez da kirol lorpenengatik.

Txirrindularitzara itzultzea polita eta motibagarria zela zirudien. Alde batetik, Gipuzkoa Ogi Berri taldean UCI pistako proiektu bat genuelako. Bestetik, Basque Team Fundazioak kirolari izaten jarraitzeko aukera eman zidalako. Talka, ordea, Espainiako selekziora itzuli naizenean etorri da, eta egun hauetan, azken aldian bizitakoa kontatu dut.

Zer bizitu duzu azken aldi horretan?

Madison proban Europako Txapelketara Eukene Larrarte eta biok iritsi ginen bikotea osatuz. Baina selekziorako, hautatzaileak niri bakarrik deitu zidan. Selekzioarekin Munduko Kopan aritzeko puntu horiek Eukene eta bion lana izan ziren. Kontzentraziora joan aurretik beste bikote batekin lan egin behar nuela esan zidan hautatzaileak. Behin lanean hasi ginenean, berehala konturatu nintzen bikote bezala gure maila teknikoa ez zela txapelketa handi batera joateko adinakoa. Horrela pentsatzen nuen eta horrela esan nion hautatzaileari. Horrez gain, nire egoera berria zegoen: amatasuna. Haurrak 9 hilabete zituen eta ni nengoen lekuan berak egon behar zuela iruditzen zitzaidan. Horrek gastu batzuk zituen niretzat, eta kirol aldetik genuen maila ikusita, Europako Txapelketan bikote lehiakorra ez ginela izango ikusten nuen.

Gatazka non lehertu zen?

Eroriko bat izan genuen entrenatzen ari ginen egun horietan. Hautatzaileari zer gertatu zen galdetu nion, eta berak nire errua izan zela esan zidan; ni nintzela erorikoa sortu zuena. Niretzat egoera oso gogorra eta desatsegina izan zen. Hurrengo egunean bilera bat egin genuen, eta nik bertan pentsatzen nuena esan nion. Bata, maila nahikoa ez genuela, eta bestea, ama izateak gastu batzuk zituela niretzat eta ez niola zentzu gehiegi aurkitzen horrela Europako Txapelketara joateari.

Madison proba nolakoa den azaltzea ere komeni da, teknikaz gain, bikotean konfiantza handia eduki behar delako.

Proba berria da. Olinpiar programan orain doaz sartzera, eta horregatik hartu du garrantzia. Maila oso altua duten neskak daude, bai teknikoki eta bai fisikoki, baina egia da bikote asko lehendabiziko aldiz ari direla proba hori egiten. Erorikoak gauza normala dira, bai entrenamenduetan eta baita lehiaketan ere. Baina Europako Txapelketa batean 52 orduko bataz bestekoan ibiltzen da, eta bizikleta gainean ibili denak badaki abiadura horretan erreleboan huts txiki bat arazo handi bilakatzen dela. Hori kontuan hartuta defendatu nuen gure maila ez zela txapelketa handi batera joateko modukoa.

Zein izan zen Raul Mena hautatzailearen erantzuna?

Hori edo ezer ez. Proba hau egiten duzu edo ez duzu egiten, ez dago besterik. Nik mailarik ez genuela esan nion, eta hor bukatu zen dena. Ez dut uste beste munduko ezer esan nionik. Batek bere buruarekin jatorra izan behar du, eta nik uste, bikote bezala, gure maila ez zen txapelketa handi batera joateko modukoa.

Zein izan ziren talka horren ondorioak?

Ondorengo deialdietara ez zidan deitu. Bost Munduko Kopa jokatu dira geroz, eta zain egon arren ez da deialdirik iritsi. Tartean, nire prestatzaile batek zuzenean deitu zion hautatzaileari, nire prestaketa nondik nora eraman jakiteko informazioa behar zuelako. Nirekin gehiago ez zuela kontatuko esan zion berari. Federaziora deitu genuen, orduan, ea nire aurkako isunik ba ote zegoen jakiteko; esan nuena esan nuelako edo joan ez nintzelako. Federazioko zuzendari teknikoak esan zigun ez zegoela inongo diziplina santziorik nire aurka. Orduan, abokatuarekin federaziora joan nintzen, eta bertako abokatuarekin hitz egin ostean, diziplina batzordean salaketa jartzea erabaki genuen. Urtarrilaren 2aren ondoren gertatu zen hori, eta helburua, Munduko Txapelketara iristea zen. Otsailaren amaieran hasi eta martxoaren hasieran bukatzen da.

Erantzunik gabe jarraitzen duzu.

Lehenago iritsiko zela espero genuen, baina badirudi hurrengo astean etorriko dela. Jada ez dago denborarik Munduko Txapelketarako. Bestalde, kontuan hartu behar da diziplina batzordean zure eskubide guztiak ezin dituzula defendatu, eta agian, beste salaketa mota bat egin beharko dugula ondoren. Baina lehenik, erantzunaren zain gaude hurrengo pausoak zein izango diren erabakitzeko.

Kirol maila bakarrik kontuan hartzen badugu, emaitzak mahai gainean jarrita, hautatua izan beharko zenuke; bosgarren postutik behera ibili zarelako lehia guztietan.

Goi mailako kirolak horrela izan beharko luke. Bakoitzaren ibilbidea eta bakoitzaren emaitzak hartuko beharko lirateke kontuan. Niretzat erronka bat zen amatasunaren ondoren maila on bat emateko gai nintzela ikustea. Erronka oso polita izan da. Aldi berean, poz handia izan da nire hankak, poliki-poliki, pedalei azkar emateko gaitasuna zutela ikustea. Emaitzak onak izan dira, eta horregatik saiatu naiz nire aukera defendatzen.

Eukene Larrarte zure taldekideak nola eraman du hau guztia?

Hasi berria da eta ikusteko esperientzia pixka bat gogorra da. Nik 14 urte daramatzat profesional bezala eta nire bizitzan ez da inoiz horrelako egoerarik izan. Zorionez orain gertatu zait, heldutasun bat eta erantzunak emateko beste gaitasun bat dudanean. Berari esan nion bezala, berak ez dauka inongo gatazketan sartu beharrik. Talentua duen txirrindularietako bat da, eta berari laguntzea niretzat ere ikasketa bat izan da. Azkenean, egoera guzti honi alde positiboa bilatu behar zaio, eta horregatik, gauza on asko daramatzat.

Hau dena pasatzean zer egingo duzu?

Ikusiko dugu. Gauzak uste dut hotzean erabaki behar direla. Orain emozioak eta bihotza berotuta daude, eta denborarekin gauzak lasaiago hartuko ditugu. Gertatu dena baloratu eta hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!