Argiteria publikoa aldatzen jarraituko du aurten ere Ikaztegietako udalak

Imanol Garcia Landa 2018ko ots. 22a, 08:00
Ikaztegietako kiroldegiaren ondoko belardia.

2018ko udal aurrekontua 570.000 euro ingurukoa da. Kutturru eta Bentzuntzibar industrialdeetako argiteria publikoa aldatzea izango da aurtengo inbertsioetako bat.

Ikaztegietako Udalak aurtengo aurrekontua onartu zuen abenduaren bukaeran, eta 567.659 eurokoa da, iazkoa baino %1,92 txikiagoa. Inbertsioei dagokionez 33.800 euroko da oraingoz aurreikusitakoa, baina Bakarne Otegi alkateak azaldu duenez, «horrelako herri txikietan finantziazioen menpe izaten gara eta egia da inbertsio asko aurrera eramateko diru laguntzak lotuta eduki behar izaten ditugula. Egitasmo batzuk bideratuta ditugu, baina beste batzuk diru laguntzen ebazpenen menpe daude aurrera eraman edo ez ikusteko». Aurtengorako aurreikusita dauden bi proiektu argiteria publikoa aldatzearekin jarraitzea eta Orendainera doan bidearen asfaltatzearen bigarren zatia egitea dira.

Argiteri publikoaren berritzea urtez urte faseka egiten ari diren proiektua dela azaldu du Otegik. Lehenengo fasea Errotagain auzoan egin zen, eta iaz errepide nagusiko bi biribilguneen artekoa zatia burutu zen. Oraingoan Kutturru eta Bentzuntzibar industriaguneen farola-buruak aldatuko dira. 12.900 euro bideratuko dira horretara eta dagoeneko obra esleituta dago. «Enpresakoak euria noiz geldituko zain daude lanak egiteko», esan du Otegik.

Aurreko bi faseetan egin moduan, led motatako argiak jarriko dituzte, eta udalak asmoa du gainera frontoiko argiak mota horietakoak jartzeko. «Argiztapenean herri txikietan diru asko joaten da. Beraz, alde batetik aurrezteko egiten dugu aldaketa, eta bestetik kutsadurari dagokionez hobetzen joateko», esan du Otegik. «Herri mailan gehien dauzkagun farolak sodiozkoak dira eta orain led motatakoak ari gara sartzen».

Beste egitasmoari dagokionez, pasa den urtean foru aldundiak lagunduta, Orendainera doan herri bidearen zati bat asfaltatu zen, eta orain horri jarraipena egitea da asmoa. «Errepide guztia asfaltatzea da helburua», azaldu du alkateak.

Beste egitasmo batzuk egiteko ideiak badaudela dio Otegik, «baina finantziazioa ez badago proiektuak kolokan gelditu daitezke. Une honetan lanketa bat egiten ari gara kiroldegiaren ondoan dagoen belardiarekin. Belardi zabala da eta erabilera gutxi ematen zaio. Baditugu ideia batzuk, nolabait adin guztiei begirako aisialdi eremu bat osatzeko». Herritarrei ere eskaera egin zaie eremuaren erabileraren inguruko ekarpenak udalari jakinarazteko, eta horretarako epea bihar bukatzen da.

Erakundeetatik sortzen diren diru laguntzen bila ariko dira, beraz, udaletik. Bestalde, laster 2017ko likidazioa egingo dutela azaldu du Otegik eta 45.000 euroko gerakin bat izango dela aurreikusten dute. «Gastu orokorretarako erabiliko dugu dirua. Diru laguntzekin batera eta gerakin horrekin ea zer egitasmo eraman ditzakegun aurrera», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!