Leire Olaberriak Espainiako hautatzailea salatu du

Ataria 2018ko otsailaren 15a

Leire Olaberriak salaketa jarri du Espainiako Federazioaren Lehiaketa eta Diziplina Komitean, Raul Mena Espainiako hautatzailearen aurka, bere eginkizunak modu egokian betetzen ari ez delakoan.

Txirrindulari ikaztegietarraren iritziz, hautatzaileak "ez ditu hautaketa irizpide objektiboak erabili". Mena Euskadi-Eustrak taldeko zuzendaria ere bada, eta talde horren eta bere txirrindularien "aldeko tratua" ere salatu du Olaberriak.

Zortzi orrialdeko dokumentua aurkeztu du Komitean, eta bertan bildu ditu azkenaldiko datu eta sailkapen ugari. Halaber, hautatzailea kargutik kentzeko eskaera egin du, ikerketak irauten duen bitartean kautelazko neurri gisa, uste baitu "lehiaketaren aldaketa, prebarikazioa eta diru publikoa erabilera bidegabearen delitu zantzuak" daudela.

Olaberriaren ustez, Mena Euskadi-Eustrak taldeko txirrindulariak hautatzen ari da azkenaldian, emaitza okerragoak izan arren. Horrez gain, Munduko Kopan selekzioak parte hartu izan ez duen lasterketetarako plaza Eustrak taldearentzat izan dela ere salatu du. Kasu horietan, Eusko Jaurlaritzak eta BAT Basque Team-ek emandako diru-laguntzak baliatu dituela dio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!