Frontenis txapelketa antolatu dute lehen aldiz

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 17a, 11:00

Gazte Taldeak jarri du martxan lehiaketa, eta urtarrilaren 29ra arte dago izena emateko aukera. Finala Gazte Egunean jokatuko da.

Ikaztegietako Gazte Taldeak lehenengo aldiz Frontenis Txapelketa antolatu du. «Aspaldidanik Gazte Taldean Gazte Egun bat antolatzeko ideia zegoen. Azaroa aldera hasi ginen hori antolatzeko lanetan eta ekintza ezberdinen artean Frontenis Txapelketa egitea pentsatu genuen», zehaztu du Eñaut Larrea Gazte Taldeko kideak. Gazte Eguna apirilaren 14an izango da eta bertan jokatuko da finala.

Frontenis Txapelketa antolatzerakoan, lehenbizi erabaki zuten binaka izango zela eta gero bikoteak nola osatuko ziren. «Berdinbidean egitasmoan sartuta gaude Ikaztegietan, eta ikusten genuen parekidetasuna lantzen ari ginela, eta bitxia izango zela horrelako lanketa egin eta ez bagenuen erabakitzen bikoteak mistoak izatea», azaldu du Larreak. Gehienak ados izan ziren txapelketa mistoa izan behar zuela erabakitzean, eta horrela antolatu dute.

«Izaera herrikoia» eman diotela dio Larreak: «Lehiakortasuna alde batera utzi nahi dugu; helburua ondo pasatzea da, eta jende ezberdina ezagutzea». Edozeinek parte hartu dezakeela azaldu dute antolatzaileek, eta ez duela zertan bikoteko kideetako batek ikaztegietarra izan behar. Hain justu, herri kanpoko bi bikotek eman dute izena dagoeneko.

Izena emateko epea irekita dago eta urtarrilaren 29a izango da azken eguna, eta Gazte Taldearen Facebook kontuaren bitartez edo 678 04 69 70 telefono zenbakira deituz egin daiteke. Partidak otsailetik apirilera bitarte jokatuko dira. Ez dute zehaztuta oraindik nola izango diren norgehiagokak. «Lehen aldia denez antolatzen duguna, eta ez dakigunez zenbat bikotek emango duten izena, urtarrilaren 29an izena emateko epea ixterakoan, dauden bikote kopuruaren arabera erabakiko dugu ligaxka bat egitea edo kanporaketa sistema bitartez izatea».

Parte hartzea bikoteko 10 euro dira eta sariei dagokionez, lau finalistek Gazte Eguneko bazkariko txartelak jasoko dituzte, eta irabazleei etxeko produktuekin egindako saskia emango zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!