Udalerri euskaldunek, Ikaztegietan egin dute urteko batzar nagusia

Tolosaldeko Ataria 2017ko abe. 16a, 13:15
UEMAko kide diren herrietako alkateak, zinegotziak eta udal ordezkariak, gaur eguerdian, Ikaztegietako udaletxearen atarian. UEMA

Amaitzear den urtearen balantzea egin, eta 2018rako ildo nagusiak onartu ditu gaur UEMAk, euskararen arnasguneak biziberritzeko neurri berriekin, Ikaztegietako udaletxean egin den bilkuran.

Ikaztegietan elkartu dira, gaur goizean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten 85 udalerri euskaldunetatik joandako ia ehun alkate eta zinegotzi, UEMAren batzar nagusian. Besteak beste, 2017an egindakoaren balantzea aurkeztu du UEMAk, zenbait kontu nabarmenduz. Batetik, UEMAko herrietan eta Tolosaldeko herrietan euskararen erabilera neurtzeko egin diren kale neurketen emaitzak aztertu dituzte. Bestetik, hizkuntzaren ezagutzatik erabilerara dagoen aldea zein faktorek eragiten duten aztertzeko egindako ikerketa ere gogoratu dute, bertan bildutako ondorioak giltzarriak direlakoan udalerri euskaldunetan euskara biziberritzeko.

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiak, kale erabilerako neurketen emaitzak eta ondorioak, nahiz ezagutzaren eta erabileraren arteko aldearen inguruko informazioa bateratzen ditu. Bertan ateratako ondorioei tiraka, 2018ko plangintzan UEMAk areagotu egin ditu udalerri euskaldunak zaintzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta euskara alor guztietan lantzeko lan-ildoak. Horien baitan, Euskaraldia ekimena udalerri euskaldunetan nola landuko duten ere aztertu dute gaurko batzarrean, UEMAk Euskaraldiarekin eta Topagunearekin adostutako ‘Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago!’ proposamena oinarri hartuta.

"Are gehiago eragiteko ildoak"

Batzar Nagusia amaitu ostean, UEMAko ordezkariek agerraldia egin dute hedabideen aurrean. UEMAko lehendakari Josu Labakak eta Orozkoko Euskara eta Kultura zinegotzi Begoñe Olabarriak hartu dute hitza.

Josu Labakak nabarmendu duenez, egun pozgarria da gaurkoa, “Orozko UEMAra gehitu delako, eta 85 udalekin inoiz baino sendoago dagoelako UEMA, ia 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuta”. Horrez gain ”arnasguneek euskararen biziberritzean duen funtzioak aitortza zabala eta sendoa jaso du 2017an, erakunde publikoen zein euskalgintzako eragileen aldetik, eta arnasgune horietatik are gehiago eragiteko ildoak onartu ditugu gaurko batzar nagusian”.

Labakaren hitzetan, “UEMAtik, arnasguneen inertzia baliatuz, eskualde-buruak diren herri handiagoetan ere eragin nahian ari gara. Galtzaundirekin Tolosaldeko herri guztietan elkarlanean aritzeko hitzarmena, edota Urola Kostako Udal Elkartearekin turismo eskaintzan euskara erdigunean jartzeko hitzarmena horren lekuko dira. Eskualdeko gainerako arnasguneek asko lagundu dezake herri handietan euskara biziberritzeko ahaleginean, beti ere inguruko erdara handien uholdeari aurre egiteko hizkuntza politika ausartarekin, noski”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!