Hainbat berrikuntza lan Ikaztegietan

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 30a, 11:34

Farolak berritu, kiroldegia txukundu eta herri bide bat asfaltatzea dira egin edo egingo diren lanak.

Ikaztegietan hainbat berritze lanekin eta proiektuekin dabiltza. Batetik, farolak berritu dituzte. Bestetik, kiroldegian berritze lanak egiten ari dira, eta, azkenik, herri bide bat berrituko dute.

Farolei dagokionez, EEEren diru laguntza baliatu dute herrigunekoak aldatzeko. Hain justu, herria zeharkatzen duen errepidean ezker-eskuin dauden farola guztiak. Aurrekontuaren %20a finantzatu du erakundeak. «Aldatzearen arrazoiak argiztapena hobetzea eta aurrezpena izan da», esan du Bakarne Otegi alkateak. «Eremu horretan kontsumo handia dago, eta lehen sodiozko farolak zeuden eta orain led sistemara pasa dira». Pasa den urtean auzo batean aldatu ziren farolak, aurten 63 farola aldatu dira, eta datorren urterako aurreikusten dute beste gune batzuetan aldaketak egiten joatea.

Bestalde, kiroldegian zenbait berrikuntza egiten ari dira. «Frontoiak bazuen txukuntzeko premia eta aldundiko kirol departamendutik %50eko finantzaketa lortu dugu», zehaztu du Otegik. Beirateak aldatzen eta frontoia margotzen ari dira, eta laster izango da berriro erabilgarri. Lanek irauten duten bitartean, oztopo handiena frontoia ezin dela erabili izaten ari da. Arratsaldetan gehienbat Intxurre pilota elkarteak erabiltzen du eta beste herrietan antolatu dituzte beraien entrenamenduak. Bere aldetik, betiko erabiltzaileek egun batzuetan ezin dute erabili. Gimnasioari eta medikuaren gelari dagokionez, normaltasun osoz egon dira irekita.

Horrez gain, aldundiaren LandaGipuzkoa+ egitasmoaren finantzaketarekin, herrigunetik Orendainera doan bidearen zati bat asfaltatuko da. Kasu honetan aurrekontuaren %70 lagunduko da diruz, eta lanak urtea bukatzerako amaituko dira.

Otegik azaldu duenez, «gurea bezalako herri txikietan diru laguntzarik ez badago, gauza gutxi gauzatu ahal izaten dira. Ekimen batzuk aurrekontuetan izaten ditugu, laguntza batzuk normalean urtero ateratzen direlako, eta beste batzuk diru laguntzak atera ahala egiten dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!