Nola planteatuko duzu hitzaldia?
Herriko gazteekin denbora batez lanean gabiltza eta ikusten genuen gai hori zela ardura gehien ematen zuena. Pentsatu genuen garrantzitsua dela zehaztea zer diren mikromatxismo horiek, nola eragiten diguten, zein erabiltzen ditugun guk edo zeintzuk ditugun barneratuta. Film labur bat eta hainbat esketx ikusiko ditugu, eta horiei tiraka saiatuko gara gure eguneroko errealitatera jaisten.
Gazteei begira izango da edo irekia da nahi duen guztientzat?
Kasu honetan hitzaldi ireki bezala planteatu da, baitik bat azaroaren 25aren bueltan herriari begira ere gai hauek zabaltzeko asmoz. Egia da egitasmoa gazteekin lantzen joaten garela urtean zehar, baina kasu honetan herri guztiari begira da.
Ez da asmoa hitzaldia zapuztea, baina mikromatxismoaren definizioa emango zenuke?
Izen horrek askotan despistatu egiten du eta badirudi mikro horrek esan nahi duela ez dela matxismoa edo matxismo suabea dela. Eta ez da hori. Gehiago da gure egunerokotasunean ditugun jarrera txikietan, ohikoetan, erabiltzen ditugun matxismoak edo nola berresten ditugun egitura matxistan hain errepikakorrak diren gauzak. Ez dira indarkeria zuzenak edo gogorrak deitu ahal ditugunak, baina eragin bat daukate jendartea antolatzeko moduan. Gainera, beti esaten da nahiko normalizatua ditugun gauzak izan ohi direla.
Adibide bat eman dezakezu?
Hasi gaitezke konplimenduekin, edo gizona izanik ez fregatzea, edo lanen banaketan zaintza lanak emakumeengan erortzen direla, eta beste hainbat. Nahiko normalizatuak ditugun eguneroko jarrerak.
Agian ez gara konturatzen mikromatxismoan erortzen ari garela?
Askotan nahiko txertatuta edo normalizatuta dauden harremantzeko moduak dira, eta ez gara ohartzen erabiltzen ari garenik ezta bizitzen ari garenik ere. Intuitzen dugu agian egoera bat ez dena berdintasuna ematen ari, baina ez dakigu ondo zergatik. Gero, pixka bat arraskatzen bada, ikusten dugu badaudela jarrera mikromatxista batzuk. Oso interesantea da, askotan indarkeriaren aurrean esaten dugu badakigula zein den indarkeria zuzena edo muturrekoa, baina zer egin dezakegu horren aurrean galdetzen da, zer egin dezake norberak egunerokoan hainbat gauza ekiditeko. Bada, hau da hasteko puntu bat.
Zein dira zailtasunak horretaz jabetzeko? Bizi garen gizartea, heziketa, lagunartea...?
Dena lotuta doa. Zailtasun handiena da kulturaren parte edo jendartean parte diren arauak edota bromak. Norberak identifikatu behar ditu eta gero aldatu. Eta hor zailtasun handiena da aldatu nahi ez izatea. Kontzientzia hartu nahi izatea da lehenengo pausoa, eta behin ikusita ez dira horren zailak aldatzen. Gauza txikiak dira, egunerokoak, eta denok jarri dezakegu ale bat. Horretarako, esan bezala, nahi behar izaten da.