«Burua martxan dabilen bitartean jarraituko dut idazten»

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 21a, 07:55

Tenplarioak eta bere historia «misteriotsua» hartu ditu gai bezala Iñaki Zubeldiak bere liburu berrirako. Bukaera bat baino gehiago eman dio argitalpenari.

Liburu berri bat kaleratu du Iñaki Zubeldia ikaztegietarrak. Tenplarioen altxorra izenekoa, gaztetxoei zuzendua da argitalpena.

Orain urtebete 'Zestoako loroa' liburua argitaratu zenuen. Urtero liburu bat ateratzeko asmoz?

Espero dut aurten beste bat aterako didatela, baina liburu elektroniko formatuan, Haur literatura aztergai izenekoa, hirugarrena. Erein argitaletxekoek erabaki dute internetez ateratzea, eta behar dutenek kontsultarako bertatik ateratzea. Badaukat beste nobela bat ere idatzita, Siberian gertatzen dena, eta martetarren hirugarrena idazten ari naiz.

Ez zara geldirik egotekoa.

Burua martxan dabil eta martxan dabilen bitartean, jarraituko dut.

Nori zuzendua da 'Tenplarioen altxorra' liburua?

10 eta 14 urte bitartekoei zuzendua da. Kontua da gaztetxoek gero eta gutxiago irakurtzen dutela; mugikor tonto horiek erabiltzen ikasi dutela eta horrekin pasatzen dute eguna. Liburua txiki samarra da; badaukat argumentua segitzeko eta luzeagoa egiteko, baina momentuz gorde egin dut, eta ez dakit jarraituko dudan gero, gaiak ematen baitu askoz gehiagorako.

Nolatan hartu duzu gai hori?

Tenplarioena gauza misteriotsua da, ordena militar eta erlijiosoa izan baitzen, biak batera. Elizak kendu egin zituen, Frantziako erregea zen Felipe IV.aren aginduz. Lehenengo bankua tenplarioek sortu zuten. Jerusalemera joaten zirenek ez zuten nahi dirua berarekin eraman eta orduan tenplarioei ematen zieten, adibidez Frantzian, eta gero Jerusalemen zerbait erosi nahi bazuten paperekin joaten ziren eta Jerusalemgo tenplarioek ematen zieten dirua. Bankeroen funtzioa betetzen zuten eta oso aberatsak ziren, bidean hiltzen zirenen dirua gero ez zelako erreklamatzen eta orduan beraiek geratzen ziren diru horrekin. Felipe IV.a Frantziako erregea erabat zorpetuta zegoen eta tenplarioei eskatzen zien dirua, baina ezin zien itzuli, eta erabaki zuen tenplarioak paretik kentzea. Ahal zuen gehiena lapurtu zien tenplarioei, baina uste da hauek diru eta altxor dezente gordetzea lortu zutela.

Hain justu, liburuak 'Tenplarioen altxorra' izena du...

Istorioan kontatzen dut niri etxera etortzen zaidala dokumentu bat Normandiatik, marokoar batek emana. Lehen N-1 errepidea Ikaztegieta herritik pasatzen zen, eta hortik hainbat auto igarotzen ziren eta tartean geratzen ziren errepide ondoan atseden hartzera. Nire etxe aurrean geratu da marokoar hau eta bere familia gonbidatzen dut nire etxera freskatzera, eta hark esker onez paper bat ateratzen dit esanez beste gizon batek eman ziola paper hori, garrantzitsua izan behar duela eta tenplarioei buruz dela, baina berari ez zaiola interesatzen. Paperean jartzen du tenplarioen altxorraren zati bat dagoela Oñatiko koba batean.

Bukaera bat baino gehiago eman diozu.

Laster Gianni Rodari jaio zela ehun urte beteko dira, eta haur literaturaz asko idatzi zuen, fenomeno bat. Honek ipuin asko egiten zituen hiru bukaerekin, eta hirurak ziren logikoak. Nik pentsatu dut liburu honetan bi ematea, eta hirugarrena irakurlearen esku utziko dut, berak beste bat bilatu nahi badu.

Desclée argitaletxearekin atera duzu liburua. Aurretik ere lan egin duzu beraiekin?

Aurretik lau bat badauzkat beraiekin. Joseba Landa da bertako kudeatzailea eta horrelako material batzuk berari pasatzen dizkiot. Berak eman dio forma misteriotsu hori, paper zahar itxura emanez orriei.

Alai Zubimendik egin ditu ilustrazioak.

Hernaniko mutil gazte bat da. Orain denda txiki bat dauka, espezializatua komiki, album eta horrelako ilustrazioetan. Oso mutil fina da, saiatua, eta marrazkiak fenomeno egin ditu.

Eskoletara joan izan zara ikasleekin solasaldiak izatera. Jarraitzen duzu horretan?

Hemendik eta abendua bukatu bitarte, baditut hamar saio Nafarroan. Lodosaraino joan behar dut, Agoitzera... Polita da, Nafarroan ez naizelako honetan hainbeste ibili. Nafarroako Gobernuak bultzatu duen gauza bat da eta ilusio handia egiten dit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!