Hainbat arlo jorratuko dituzte Udazken Kulturalean

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 15a, 10:27
Xabat Ibarguren, Herri Krosaren kartelarekin, probaren irteera eta helmuga den lekuan.

Ostiralean eta larunbatean kirolarekin lotutako ekitaldiak izango dira, tartean Xabat Ibarguren herritarrak emango duen hitzaldia.

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Kultura Batzordetik Ikaztegietan, Udazken Kulturala osatuz. Aurreko ostiralean hasi zen eta aste honetan izango du jarraipena, hurrengo astean amaituz. Gaur, hain justu, ipuin txokoaren hasiera izango da.

Udalak eta guraso elkarteak elkarlanean, hilean behin ipuin kontalariaren saioak antolatuko dituzte ekaina bitartean, eta Ipuin Txokoa izena jarri diote ekimenari. Lehenengo saioa gaur izango da, eta bi emanaldi egingo dira, 0-3 urte artekoentzat lehenengoa eta 3 urtetik gorakoentzat bestea. Hurrengo saioa abenduaren 6an izango da.

Ostiralean eta larunbatean kirola eta jarduera fisikoa izango dira protagonista. Lehenengo ekitaldia pilotari profesionalen mahai ingurua izango da, Oinatz Bengoetxea, Iñaki Artola eta Beñat Urretabizkaiarekin. Xabat Ibarguren zinegotziak azaldu duenez, «Urretabizkaia gertukoa sentitzen dugu eta bera ere oso gertukoa da pertsona bezala. Herritar guztiak ondo konpontzen gara berarekin, oso mutil jatorra da, eta guretzat pozgarria da herrikoa izatea. Haur eta gazteentzat eredu polita da Ikaztegietatik horrelako pilotari bat atera dela ikustea. Eta Beñaten bitartez aukera izan dugu Artola eta Bengoetxea ekartzeko eta eskertuak gaude». Solasaldian gai ezberdinak jorratzen saiatuko dira, eta Ibargurenek herritarrak gonbidatu ditu bertara joatera.

27. HERRI KROSA

Larunbat goizean Ibarguren berak hitzaldia emango du kirola, osasuna eta jarduera fisikoa gaitzat hartuta. Arratsaldean herri krosaren txanda izango da. Aurten 27.a izango da. «Urte askotan Joxe Mari Garmendia herritarra izan da honen antolatzaile nagusia, eta meritu ikaragarria izan du 25 urtetan antolatu baitu», azaldu du Ibargurenek. «Aurreko urtetik aurrera herritarrei lekukoa hartzea eskatu zitzaien. Behobia ondorengo garaia nahiko aproposa izaten da korrika egiteko eta horrelako probetan parte hartzen dutenek dagoeneko ezagutzen dute krosa».

Haurrek ere bere aukera izaten dute, eta helduen proba hasi baino ordu laurden lehenago aterako dira. Bereziki herriko haurrei zuzendutako lasterketa izaten da.

Helduen proba hamar kilometrokoa da eta aurten berritasun bat izango du, Ibargurenek azaldu duenez: «Hiru itzulitan banatzen da hamar kilometroko ibilbidea, eta aurten, parte hartzea bultzatzeko asmoaz, aukera izango da itzuli bat, bi edo proba osoa egiteko. Beraz, korrikalariek ez dute zertan hamar kilometroak egin behar herri krosean parte hartzeko». Itzuli bat (3,3 kilometro) edo bi itzuli (6,6 kilometro) egiten dituenak ez du sailkapenik izango. Proban parte hartzeak 10 euro balio du eta www.herrikrosa.eus helbidean egin daiteke, edo egunean bertan 15:00etatik 16:00etara kiroldegian. Probaren ondoren mokadutxoa emateaz gain, hainbat produkturen zozketak egingo dira parte hartzaileen artean.

Herrigintza elkarteak antolatzen du Herri Krosa eta egun berezia izaten da elkartearentzat, bere festa antolatzen delako eta larunbat gauean afaria izango dute. «Herri kroseko gorabeherak komentatzen aritzen gara», esan du Ibargurenek.

Larunbateko kirol ekitaldien ondoren igandean Erretirodunen Eguna izango dute herrian. Mezarekin hasiko da eta elizan bertan Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek kontzertua emango dute. Ondoren bazkaria izango da Ostatun. Bazkarira joan nahi duenak izena eman beharko du udaletxean, bost euro ordainduz, eta gaur da azken eguna horretarako.

Azaroko ekitaldiei amaiera emateko, hilaren 24an hitzaldia izango da Indarkeria matxista: mikromatxismoari nola erantzun izenburupean.

 

Kirola, osasuna eta jarduera fisikoa, hizpide

Kirola, osasuna eta jarduera fisikoa izenburupean Xabat Ibarguren ikaztegietarrak hitzaldia emango du larunbat goizean. Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan lizentziatua eta Ibarrako Uzturpe Ikastolan irakaslea da Ibarguren. «Polita da herritarrok parte hartzea ekitaldietan», esan du Ibargurenek. «Gai honen inguruan oso aditua ez naiz, baina zerbait badakit eta galdetu zidaten ea prest egongo nintzen zerbait prestatzera, eta herritarrok ez bagara herriarentzat lanean aritzen, zein ariko da?».

Ez dela oso hitzaldi «sakona» izango dio, eta ez duela «errezeta milagrosorik» emango. Ikasitakoa transmititu nahi du eta hori izango da solasaldiaren helburua. «Lehendabizi garbi utzi nahiko nuke hiru kontzeptuak oso lotuta daudela baina bakoitzak baduela bere terminologia ezberdina. Bestalde, helburu nagusia da jendeari ikusaraztea zer-nolako garrantzia duen osasunean kirolak eta jarduera fisikoak». Horiek izan litzaketen «onurak» erakusten saiatuko da, eta baita ere jarduera fisikoa egiterakoan «denak ez duela balio» jakinarazten. «Jarduera fisikoa pixka bat pertsonalizatua izan behar du eta bakoitzaren gorputz ezaugarrientzat badira jarduera fisiko egokiagoak beste batzuk baino», azaldu du Ibargurenek. «Hitzaldian pixka bat bideratzen saiatuko naiz hasi nahi duenari, eta ari denari jakinarazi egiten ari dena egokia ote den».



EGITARAUA

Azaroak 15, asteazkena

Ipuin Txokoa

17:15. 0-3 urte bitarteko haurrentzat ipuin kontaketa saioa, liburutegian.

17:45. 3 urtetik gorakoentzat ipuin kontaketa saioa, liburutegian.

Azaroak 17, ostirala

19:00. Pilotari profesionalen mahai ingurua, erabilera anitzeko gelan. Oinatz Bengoetxea, Iñaki Artola eta Beñat Urretabizkaia ariko dira solasean.

Azaroak 18, larunbata

11:00. Kirola, osasuna eta jarduera fisikoa izeneko hitzaldia emango du Xabat Ibarguren herritarrak, erabilera anitzeko gelan.

16:30. Ikaztegietako Herri Krosa, Herrigintza elkarteak antolatuta. 16:15ean herriko haurren proba hasiko da.

Azaroak 19, igandea

Erretirodunen Eguna

11:15. Meza nagusia.

12:00. Alegiako Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzek emanaldia eskainiko dute, elizan.

14:00. Erretirodunen bazkaria.

Azaroak 24, ostirala

19:00. Indarkeria matxista: mikromatxismoari nola erantzun hitzaldia, erabilera anitzeko gelan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!