Egun guztirako egitaraua, biharko Euskal Azokan

Imanol Garcia Landa 2017ko ira. 22a, 10:59

Gero eta postu gehiago izaten dira azokan eta aurtengoan guztira 21 jarriko dira, horietatik bost herritarrenak.

Seigarren Euskal Azoka izango dute bihar Ikaztegietan. Bi urtez behin antolatzen dute ekitaldia herrian. «Lan asko suposatzen du aurretik, eta hain errepikakorra ez izateko eta ilusio gehiagorekin hartzeko, erabaki zen bi urtez behin egitea», esan du Miren Mendizabal Kultura zinegotziak.

Egun guztirako egitaraua antolatu dute, eta azoka izango bada ere protagonista beste hainbat ekitaldi izango dira. Txistulariak hasiko dira girotzen eguna, azkoitiarra izatez eta egun herrian bizi den Haritz Aranbarri txistulariak ekarritako taldearekin. Dozena bat txistulari ariko dira egunaren hasiera alaitzen.

Azokako postuak plazan jarriko dira eta guztira 21 egongo dira. Horietatik bost herritarrak izango dira. Bestalde, herri baratzetan ari direnek postu bat jarriko dute baina produktuak saldu gabe, erakusketa moduan. Horrez gain, DBHko 4. mailakoek barra bat jartzen dute, hamaiketakoa-eta emateko, eta dirua ateratzeko ikasturte amaierako bidaiarentzako. «Pozik gaude postu kopuruen aldetik. Urtetik urtera postu gehiago jartzen dira, bai kanpotik datozenak eta baita herritarrak», esan du zinegotziak. «Hasieran herritarren baratzeetako produktuekin hasi ginen, baina azkeneko urteetan eskulanak egiten dituztenak eta ukenduak egiten dituztenak ere animatzen dira». Beraz, elikagaiak, poltsak, eskulanak, baserritar jantziak... izango dira salgai. Azoka antolatzen hasi zirenetik egin izan da deialdia herritarrei baserritarrez jantzita joateko eta aurten ere hala egin dute.

Aurten berezitasunetako bat margotze tailerreko lanekin udaletxe azpiko aretoan jarriko duten erakusketa izango da. «Ikasturtean zehar egindako lanak erakutsiko dituzte. Aurreko ikasturtearen bukaeran azkenean ez genuen lotu erakusketa egitearena, eta pentsatu dugu azokaren aitzakian jartzea», dio Mendizabalek.

Haurrentzako tailerra ere antolatu dute Ekogunearen eskutik. «Beraiekin landu da herri baratzeen proiektua eta tailer bat egitea lotu dugu, Hazi bonba izenekoa», esan du Mendizabalek. Ez da izena eman behar, bertara azaltzea nahikoa da parte hartzeko.

80 pertsona inguru bazkaltzeko

Bazkarirako aurtengoan burruntzian erretako arkumea prestatuko dute. Orain arte txekorra jarri izan dute baina aurten aldatzea erabaki dute. 80 pertsona inguru izango dira bazkaltzen plazan atonduko duten jantokian. Giroa Azkoititik etorritako Attola eta Montte trikitilariek jarriko dute.

Bazkaldu eta gero iritsiko da aurtengo berritasunetako bat: herritarren arteko lokotx biltze txapelketa. «Gazteen artean arrakasta pixka bat izan du, eta dagoeneko bost bikotek eman dute izena», esan du Mendizabalek. «Nik uste dut zerbait polita aterako dela. Ikaztegietan ez da izan lokotx biltze txapelketarik eta uste dut saltsa pixka bat sortuko duela».

EGITARAUA

10:45. Txistulariak.

11:00. Azokaren irekiera. Era guztietako postuak egongo dira, produktuak erosteko aukerarekin.

11:00-14:00. Herritarrek egindako margoen erakusketa, udaletxe azpiko aretoan.

11:00-12:30. Haurrentzako Hazi bonba tailerra, Ekogunearen eskutik.

14:30. Bazkaria. Burruntzian erretako arkume jatea. Ondoren. Attola eta Montte trikitilariak.

17:00. Herritarren arteko lokotx biltze txapelketa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!