Euskal Azoka antolatzeko laguntza eskatu die udalak herritarrei

Ataria 2017ko irailaren 14a

Orain bi urte Ikaztegietan egindako Euskal Azoka.

Irailaren 23an Euskal Azoka egingo dute Ikaztegietan eta hainbat deialdi egin dira udaletik antolakuntzarako. Egunean bertan jende asko behar dela lanerako azaldu dute eta herritar guztien laguntza eskatu dute hainbat zereginetarako.

Zehazki hauek dira zereginak: postuak muntatu eta plaza txukundu, mahaiak jarri, bazkaria zerbitzatu, garbitu eta plaza txukundu. Prest dagoenak udaletxean eman dezake izena edo zinegotziren batekin harremanetan jarri.

Bestalde, bere produktuak saltzeko postua jarri nahi duenak udaletxean izena eman eta zehaztu behar du zer eskainiko duen. Horretarako azken eguna bihar izango da. Horrez gain, bazkarirako txartelak salgai daude Herri Ostatuan, 20 euroren truke, eta azken eguna izena emateko irailaren 17a da.

Azoka Egunerako berritasunetako bat Lokotx Biltze Txapelketa Herrikoia izango da. Bikoteka egingo da, eta edozein adinetako neska eta mutilek hartu dezakete parte. Bikoteko partaide batek herritarra izan behar du. Arratsaldez egingo da txapelketa eta lana 30 lokotx biltzea izango da, txanda librean. Parte hartu nahi dutenek 618 03 47 74 edo 603 89 79 07 zenbakietara mezu bat bidali behar dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!