Dantza ikastaroa eta kirol desafioa, festetarako

Ataria 2017ko uztailaren 3a

Ikaztegietako Gazte Taldea ari da dagoeneko herriko festei begira antolaketa lanetan. Batetik dantza ikastaroa antolatu dituzte eta gaur bertan hasiko dira. Bestetik, kirol desafioa berdinkideagoa izatea nahi dute.

Iaz antolatu zuen Gazte Taldeak dantza ikastaroa, festei begira. Uztaileko astelehen eta asteazkenetan ariko dira saioak egiten kiroldegiko gimnasioan, 19:30etik 21:00etara. "Oinarrizko dantza ikasi eta primeran pasatzea" da ikastaroen asmoa, eta Gazte Taldetik herritarrei parte hartzera animatzen die.

Bestalde, aurtengo festetarako kirol desafioa berdinkideagoa izatea nahi dute, eta "ilusio bereziarekin" ari dira brile jolasa antolatzen. "Urteroko parte hartzaileez gain, normalean plaza erdira animatzen ez den jendea gonbidatu nahi dugu jolasera", azaldu dute Gazte Taldekoek. Herritarrei parte hartzeko deialdia egin dute: "Lotsa ematen badizu, jolasten ez badakizu, gazteentzako gauza dela uste baduzu... edo aitzakia gehiagoren bila bazabiltza, zuretzat eginda dago hau!". Jolasa ezagutzeko saioa antolatu dute uztailaren 5erako, asteazkena, 19:30ean, kiroldegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!