Sahararen kultura eta errealitatea, gertuago

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 5a, 10:00

'Amasahara' erakusketa ikusgai izango da gaur arratsaldean, eta herriko saharar familiek euren ohiturak erakutsiko dituzte.

Amasahara izeneko argazki erakusketa ikusgai izango da gaur arratsaldean Ikaztegietako udaletxeko erabilera anitzeko aretoan. 17:30ean zabalduko da eta 20:00ak arte egongo da irekita. Argazki erakusketaz aparte, herriko saharar familiek beraien ohituren berri emango dute. Miren Mendizabal zinegotziak azaldu duenez, «herriko saharar familiek tea eskainiko dute eta beraien kultura erakusteko asmoa dute».

Maiatzak 20 elkarteak jarri du martxan Amasahara erakusketa eta Ikaztegietako Udalari eskaini zioten herrian jartzeko aukera. 21 argazki izango dira ikusgai. «Ez genuen asko pentsatu», esan du Mendizabalek. «Mendebaldeko Sahararekin dugun harremana dela-eta parte hartzea eta erakusketa herrira ekartzea» erabaki genuen. Kultura batzordean ekimena aipatu zutenean, herriko sahararrak egitasmoetan parte hartzeko asmoz zebiltzala azaldu zen, eta erakusketarekin batera beraien kultura azaltzeko prest zeudela.

«Arratsalde batez Saharan sartuko gara», esan du Mendizabalek. «Ez dakigu nahikoa beraien kulturari eta errealitateari buruz, eta arratsalde batez errealitate hori ezagutzeko aukera izango da».

Bestalde, Mendizabalek nabarmendu du herriko saharar familien parte hartzea: «Eskertzekoa da. Beti saiatu izan gara hartu emana izaten, eta egia da familia bat dagoela prest gauzak egiteko eta parte hartzeko, eta kasu honetan ilusioz hartu genuen beraien eskaintza».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!