Baratze parkea erabiltzen hasteko unea iritsi da

Imanol Garcia Landa 2017ko api. 11a, 08:00

Hamabost lur-zati ditu parkeak eta horietatik bederatzi esleitu dira aurreko astean egindako zozketan.

Ikaztegietako baratze parkea erabili ahal izateko prozesua bukatu da. Aurreko astean egin zen zozketa eta lehen erabiltzaileek zabalik dute aukera baratzeetan lanean hasteko. «Baratze parkearen erabiltzaileak gogoz daude baratzeak erabiltzen hasteko», esan du Bakarne Otegi alkateak. «Landaketak egiteko garaia ere badator».

«Prozesu luzea» izan dela gaineratu du Otegik, eta gogora ekarri du baratze parkea osatzeko hainbat lan auzolanean egin dituztela. «Zozketarekin proiektuaren etapa bati amaiera eman diogu eta beste baten hasiera izango da. Ea oraingo etapa ondo hasten den eta jarraipena izaten duen. Ilusio horrekin gaude», esan du Otegik.

Baratze parkeak hamabost lur-zati ditu eta horietatik 14 herritarrei banatzeko aukera dago, bestea eskolarentzat utzi baita. Bederatzi herritar aurkeztu dira eta horien artea egin zuten zozketa aurreko astean. Behin zozketa egin eta gero, libre gelditzen diren bost lur-zatientzako jendeak izena eman dezake. Lur-zatiak libre dauden heinean, esleitzeko aukera izango da».

Lur-zati bakoitzak 60 metro koadro inguru ditu. Baratze parkean hainbat azpiegitura izango dira: ur askak, konpostagailu bat, etxola bat ere bai, eta erremintak. Erreminta horiek baratzeen erabiltzaileen artean elkarbanatuko dituzte.

Erabiltzaile bakoitzak kontratu bat sinatu behar udalarekin. Azpi-errenta kontratu bat izango da, eta iraupena 2021eko maiatza bitarte izango da. Erabiltzaile bakoitzak aukera izango du eskaera bertan behera uzteko nahi duenean. Urteko 20 euro ordaindu beharko ditu lur-zati bakoitzeko. Beste gastu batzuk ere izango dira: ur kontsumoa, baratze parkearen mantenurako gastuak... Baratzeen erabiltzaileek elkarte bat osatu behar dute, eta gastu horiek elkartearen bidez bideratuko dira.

Bestalde, hondakinen kudeaketa konpost bidez egingo da, eta erreminten mantenua ere erabiltzaileen esku egongo da. Elkartearen kontu ere izango da simaurra erostea.

Ikaztegietako baratze parkea Ekogunea sarearen barruan sartu da. Elkarlan bat sinatuta dute udalak eta Ekoguneak. «Horrek suposatzen du baratzeetan nekazaritza ekologikoa egingo dela. Beraz, ezingo dira ongarri kimikorik erabili eta ezta landare transgenikorik ere», azaldu du Otegik. «Ekoguneak bere aldetik aholkularitza eta hainbat ikastaro eskainiko ditu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!