Berdintasuna eta gazteak, eskutik

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 29a, 10:25
Berdinbidean egitasmoan parte hartzen ari diren gazteek gogoz hartu dute ekimena: argazkiren bat bidaltzeko eskatu eta goikoa da emaitza.

Berdinbidean egitasmoaren bitartez, hainbat tailer egingo dituzte herrian bertan gazte ikaztegietarrek.

Berdinbidean egitasmoa jarri dute abian Ikaztegietan, udalaren ekimenez. Bi izan dira arrazoi nagusiak horretarako, Miren Mendizabal zinegotziak azaldu duenez: «Batetik, herrian berdintasuna lantzea. Bestetik, gazteekin lanketa bat egiteko asmoa genuen, eta iruditu zitzaigun aukera ona bat zela gai hau aprobetxatzea horretarako».

Foru aldundiak bultzatzen du Berdinbidean egitasmoa, eta Ikaztegietara gizarte langilearen bitartez iritsi zen horren berri. Ikaztegietak, Altzok eta Alegiak gizarte langilea partekatzen dute, eta Alegia Berdinbidean dago sartuta orain urte batzuk.

Hasiera batean egitasmoa Altzo eta Ikaztegieta artean lantzea pentsatu zuten eta Josebe Iturriozekin jarri ziren harremanetan, plangintza diseinatzeko. Herri bakoitzean bost saio egitea zen asmoa, eta Iturriozek hainbat saio mutilak alde batetik eta neskak bestetik garatzea proposatu zuen. «Beraien arteko harremana ikusita, herriko gazteek gaiak batera lantzeko nahia azaldu zuten», esan du Mendizabalek. «Beraz, azkenean erabaki genuen bakoitzak bere herrian garatzea egitasmoa». Aurrera begira, Ikaztegieta, Altzo eta Alegiaren artean zerbait bateratuta lantzea aurreikusten dute, baina oraindik zehazteko dagoen gaia da.

HERRI MAILAN ERE

Ikaztegietan hamar saio edo tailer egingo dira guztira. «Diru dezente espero genuen ekimenak egiteko, baina diru laguntzen inguruko azken berriak ez dira hain onak izan», azaldu du zinegotziak. «Aldundiak aurten jarri duen dirua ez da hain handia. 19 herri gaudenez, 2.000 euroren bueltan ibiliko da. Gu herri mailan saiatuko gara gauzak ondo egiten, eta Ikaztegietako Udalari tokatuko zaio pentsatu baino ekarpen handiagoa egitea».

Mendizabalek garbi du herri mailan bultzatzen diren gauza guztiak «positiboak» iruditzen zaizkiola udalari: «Batez ere gazteen parte hartzearekin. Beraiek dira etorkizuna eta horrelako gauzak aurrera eramatea beharrezkoa iruditzen zaigu, eta gehienbat ikusten duzunean ilusioarekin hartzen dutela».

Berdinbidean egitasmoa, halere, ez da bakarrik gazteei zuzendua izango. «Berdintasuna herri mailan ere landu behar da. Beraz, Iturriozekin hitz egin dugu gai batzuk herri osoari begira lantzeko. Transexualitatea izango da horietako bat», esan du zinegotziak. Dagoeneko egin da herriari begirako lehen saioa, martxoaren 8aren inguruan egindako Aste Morearen barruan Zer da feminismoa? hitzaldia eman baitzuen Iturriozek.

Ikaztegietako Gazte Taldearekin abiatu zuen udalak Berdinbidean ekimena lantzeko asmoa. Lehenengo saioa gazteekin otsailean izan zen, eta egitasmoan zehar zer landu nahi den hitz egiteko erabili zuten. Gazteek ondoren hainbat proposamen bidali dizkiote Iturriozi eta orain zain daude berak bueltan zer esaten dien horien inguruan. Tailerrak edozein gazteentzako daude zabalik, Gazte Taldeko kidea ez izanik ere.

GOGOZ HARTU DUTE

Imanol Mendizabal da Berdinbidean egitasmoan parte hartzen duen gazteetako bat: «Niri ilusio handia egin zidan udalak aukera eskaini zigunean. Ikusten duzu beste herrietan hitzaldiak-eta antolatzen direla, baina agian ez zara animatzen. Herrian egitean, azkenean zure jendearekin zaude, eta irekiago zaude gai hauetaz hitz egiteko. Gai hauek oso pertsonalak izan daitezke ikuspuntuaren arabera». Bestalde, Gazte Taldean gaia lantzea «oso polita» iruditzen zaio: «Gazte Taldearen barne dinamika bezala, konfiantza handitzeko eta gehiago elkar ezagutzeko onuragarria da».

Alba Garmendia da parte hatzen ari den beste gazteetako bat, eta bere ustez «oso une onean» iritsi zaie udalaren eskaintza: «Gazte Taldeak lauzpabost urte ditu eta azken urte honetan, festak antolatu genituenetik, gehiago biltzen ari gara».

Feminismoa «modan dagoen gaia» dela gaineratu du Garmendiak: «Gazteen artean asko entzuten da, eta herrian bertan hori lantzeko aukera jasotzean, denon harrera oso ona izan zen, eta eskertu genuen».

Garmendiaren kuadrillan, esaterako, berdintasun teknikari izateko ikasten ari den kide bat dago, eta oso presente dute gaia beraien solasaldietan. Bere aldetik, Imanol Mendizabalek dioenez, «nire kuadrillan asko komentatzen den gaia da, baina ez da asko landu».

Hainbat proposamen helarazi dizkiote Iturriozi tailerretan lantzeko: transexualitatea, autoestima, maitasun erromantikoa... «Berak gero gaiak bideratuko ditu, eta erakargarri egiteko moduan landuko ditu», azaldu dute gazteek.

Gogoz hartu dute Berdinbidean ekimenean parte hartzea. «Udalak guri ematen ari zaigun aukera honetatik jasotakoa gero herriari itzultzea ikusten dugu Gazte Taldetik», azaldu dute. «Oraindik ez dugu pentsatu nola baina zerbait egingo dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!