«Oso anekdota kuriosoak sortu zituen 'Pepe' loroak Zestoako tren geltokian»

Iñigo Terradillos 2017ko ots. 2a, 10:47

Iñaki Zubeldia ikaztegietarrak Zestoako loroa liburua atera berri du Erein argitaletxearekin.

Gauza dezente elkartzen dira liburuan: Zestoako Balnearioa, tren geltokia, loro baten istorioa... Nondik iritsi zitzaizun hau dena kontatzeko aukera?

Gauza kuriosoa da. Karanbola bat izan zen. Zestoako masajista batengana joan nintzen, eta sesioan geundela kontatu zidan istorio zoragarri polit bat. Eta esan nion ea nolatan ez zuen idatzi istorioa, eta erantzun zidan ni nintzela idazlea eta nik idazteko.

Zestoako loro ezagun hori Hotel Estacion izenekoan zegoen, tren geltokiaren ondoan. Gaur egun zahar etxea dago bertan. Ikusi nuen istorioa oso kuriosoa zela, eta masajista honi eskatu nizkion datu batzuk eta gero nik Internetetik atera nituen dezente, eta horiek lotzen joan nintzen haurrentzat istorioa polit bat egiteko.

Pepe izena zuen loro horrek, Gineatik ekarri zutena. Dirudienez, ondo ikasten zuen entzundakoa.

Hori da. Hotel Estacionen bizi zen, baina aldamenean zegoen tren geltokira jaisten zen, Juanito Porturengana, liburuaren beste protagonista dena. Geltokiko burua zen Juanito Portu, eta askotan joaten zen berarengana loroa. Gosaltzeko ardo zopak ematen zizkion. Beraz, loroak eguna pozik hasten zuen, eta ikasteko ere askoz bizkorrago. Oso laguna zen Juanito Porturena, eta hau lanean ari bazen, eta ez bazion kasurik egiten, erdaraz eskatzen zion loroak: «Juanito, Juanito, ardo zopak!». Oso anekdota kuriosoak ditu Juanitorekin zerikusia dutenak, eta baita ere hoteleko tabernan gertatzen zirenak ere. Han loroak gauza itsusi asko ikasi zituen.

Erraz ikastekoa zen, beraz.

Bai, hala zen, eta anekdota oso kuriosoak sortu zituen. Geltokiko buruaren txilibituaren soinua ikasteaz gain, ikasi zituen hitz pila bat, tartean Guardia Zibilaren kontrakoak. Hauei esaten zien «Gora Euskadi», ezkutatuta zegoela. Ikasten zituen herrian gertatzen ziren gorabehera xelebre guztietatik, eta erakutsi egiten zioten apropos, tartean bertsoren bat, hitz itsusiak, irainak... denetik.

Herrian oso ezaguna izango zen loroa, ezta?

Pepe edo Pepito deitzen zioten, eta oso ezaguna zen herrian eta bailaran.

Garai batean tren geltokietan asko funtzionatzen zen txilibituekin, eta horren inguruan izan zen gertaera bat loroarekin, ezta ?

Bi anekdota kontatuko ditut. Lehenengoa, Aizarnako apaizarena. Apaiz hori zahar samarra omen zen, herritik bi edo hiru aldiz urtean ateratzen zen, eta horietako batean pentsatu zuen Azpeitira joan behar zuela. Jaitsi zen Zestoara, eta bazihoan geltokira, trena harrapatzeko. Ustez, ordu laurden bat lehenago zihoan. Baina non entzuten duen trenak egiten duen hotsa abiatzeko, eta pixka bat joan omen zen aurrera, baina esan omen zuen zertarako, alde egingo zuela dagoeneko trenak, eta Aizarnara bueltan joan zen. Loroa izan zen soinua egin zuena, eta gerora izan zuen horren berri.

Eta bigarrena?

Hori ia istripua sortu zuenekoa izan zen. Zumaia aldetik badator tren bat, eta nonbait feria eguna zen Azpeitian. Zestoan geratu da trena, jaitsi da jendea, igo ere bai, tartean inguruko baserritarrak, bere untxi eta oilasko, eta barazkiekin. Orduan loroak txilibituaren soinua luze jo zuen, eta makinistak soinua egin eta martxan jarri zuen trena. Baina berez itxaron egin behar zion Azpeititik zetorren trenari, eta han orratzaz aldatu, trenbide bakarra baitzen. Eskerrak trenak nahiko geldo ibiltzen zirela, abiatu baitzen, eta konturatu zen aurretik zetorrela beste trena. Balaztari eman eta egundoko burdin hotsa eta zarata atera zuen trenak, eta justu-justu lortu zuten gelditzea elkar jo gabe. Makinistak izugarrizko haserrean jaitsi ziren, Juanito Porturi esanez ea erotuta zegoen, ia hil zirela. Eta Juanito Portuk esan zuen berak ez zuela txilibiturik jo. Loroak ere bazekiela jotzen esan zuten inguruan haur batzuk. Azkenean epaiketa batera joan zen kontua. Orduan, eraman zituzten hoteleko nagusia loroaren jabea zena, Juanito Portu eta loroa. Epaiketan, abokatuak azaldu zuen txilibitua ez zela martxan jartzeko abisua ematen zuena, geltokiko buruak altxatzen zuen bandera gorria baizik. Eta makinistak esan zuen ez zuela ikusi bandera gorririk, txilibitua entzun eta beti bezala abian jarri zela. Hala, epaileak errugabe izendatu zituen loroa, jabea eta Juanito Portu.

Gertaerak oihartzuna izan zuen komunikabideetan.

Izugarria. ABC, La Vanguardian eta beste egunkari batzuetan atera zen, eta ez zen hor bakarrik geratu, Parisko abeslari batek ere nonbait jakin zuen horren berri, eta atera zuen bolero bat Le train et le perroquet izena zuena. Kuriosoa da ia tren istripu bat sortu zuela, epaiketara eraman loroa eta irabazle atera. Irudituko zitzaion jendeari barre egiteko bolero polit bat aterako zuela.

Kontu guzti horiek liburuan sartu dituzu?

Apaizarena orain gutxi jakin nuen. Kuriosoa izan da: anekdota batzuk aurretik jakin ditut, baina beste batzuk geroztik jakin ditut. Ez dakit bigarren parte bat egon litekeen, baina lehenengo partearekin bukatu dut istorioa, orduan zaila izaten da bigarren parte bat egitea istorio berriak izan arren. Pena dut lehenago ez jakin izana anekdota horiek hor txertatzeko, baina dena ezin duzu momentuan jakin.

Eta beste kontu bat: loro hori hilda agertu zen. Baten batek dirudienez mendekua hartu zuen. Loroa Azpeitiko tren museoan bitrina batean dago. Afrikako yako bat zen. Nik liburuan ez dut hil. Pena ematen zidan haurrentzako hain istorio politak eta horrelako bizimodu polita zeraman loroa hiltzea, edo mendekuz hilda azaldu zela jartzea. Orduan idatzi dut zigorra jaso zuela, atzeko gela batean jarri zutela, ez estazio aldera jarrita dagoena, berari gustatzen baitzitzaion trenak eta jendea ikustea. Beraz, atzeko gela batean utzi zutela eta oso triste zegoela. Orduan, hori ikusterakoan, joan ziren Gineara eta ekarri zuten loro eme bat, Joxepa. Han, tren geltokiaren ondoan daude hiru astigar handi, berrehun bat urtekoak, eta hango punta batean jarri zituzten zulo handi batean Pepe eta Joxepa, eta lau yako kume izan zituzten. Istorioa pixka bat moldatu dugu.

Liburua kalean da, ezta?

Bai, atera da dagoeneko. Estibalitz Jalonek egin ditu ilustrazioak. Oso marrazki politak dira. Garai hartan, 1950 eta 1960 urte inguru haietan, jende chic ugari joaten zen Zestoara, eta hori islatu du marrazkietan.

Zein adin tarterentzat da gomendagarria liburua?

Gutxi gorabehera zortzi urtetatik 11-12ra bitarte izan daiteke, nahiz eta helduek ere barre pixka bat egingo duten istorio hauek irakurrita.

Ba al duzu esku artean beste ideiarik edo libururik?

Momentuan bi proiektu ditut. Duela gutxi atera nuen Martetarrak Zarautzen, Euskaldun bat Marten liburuaren bigarren partea. Hirugarren partea idatzi nahi dut, 2019rako, orduan beteko baitira 50 urte lehenengo liburua idatzi nuela-eta. Bestea, Arrikrutzeko koban beste lagun batekin pasa nuen gau baten ingurukoa izango da. Galduta egon ginen, eta haluzinazioak eta dena izan genituen, eta pentsatu genuen ez ginela handik bizirik aterako. Sentsazio horiek denak pixka bat azaldu nahi ditut gazteentzako liburu batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!