Hiru atxilotu Ikaztegietako enpresa batean zuloa eginda lapurreta egitera sartzeagatik

Ataria 2016ko azaroaren 17a

Ustez hiru gazteek Ikaztegietako enpresa batean paretan zuloa egin zuten, barrura sartu eta aluminioa lapurtu ahal izateko. Bart gauean bertan burutu zituzten atxiloketak. 

Oriako ertzainek hiru gazte (25, 24 eta 20 urte) atxilotu zituzten asteazkeneko goizaldeko 03:00ak aldera, ihes egiten ari zirela Gabiria parean. Atxilotuetako bi gaztek lapurreta aurrekariak badituzte.

Zainketa lanetan ari ziren ertzainek zaratak entzun eta enpresa baten atzealdetik hiru pertsona korrika ikusi zituztenez, gerturatu eta kotxe batean ihes egiten ikusi zituzten, segurtasun sailak jakinarazi bezala. Bertan zeuden ertzainek laguntza eskatu eta N-1 errepidean segika izan zituzten. Kotxea Gabiria parean gelditzea lortu zuten.

Ondoren, hiru gazteak Tolosako epaitegiaren esku geratu ziren.  

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!