Ekitaldiak eman dio hasiera festari, eta Alaitz Amundarain eta Nerea Pikabea ikasle ohiek aurkeztu dute. Eskola eta herri txikiak izanagatik, zein aberatsak diren nabarmendu dute, beraien esperientziatik abiatuta.
Bakarne Otegi alkateak hartu du hitza, eta "haurrek gurasoen babesa behar duten moduan, irakasleen inplikazioa eta udalaren elkarlana behar-beharrezko" direla adierazi du, eskola eta herri txikiek bizirik jarrai dezaten. Eta Ikaztegietako Udalak, herriko eskola babesten jarraituko duela. Eusko Jaurlaritzatik Kristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saileko kontseilaria eta Gipuzkoako Foru Aldunditik Markel Olano ahaldun nagusia ere Ikaztegietan bertan izan dira eskola txikiak eta bertako hezkuntza ereduak babesten.
Ilusio, gogo eta indar askoz antolatutako eguna da gaurkorako antolatu dutena, eta herritar asko eta asko hunkituta ibili da. Gaurkoa bizituz eta baita duela 22 urte bizitakoak gogora ekarriz.
Ikasle ohiak, guraso ohiak, aitona-amonak, ikasleak, gurasoak, irakasleak,... denek egin dute lana gaur. Eta gaurko eguna bikain atera dadin, urte oso batez aritu dira lan eta lan. Eta boluntarioen lana eskertu nahi izan dute, guraso elkartetik.
Haurrek lau gune izan dituzte goizean zehar, jolasetan edota tailerretan parte hartzeko. Jan eta edanerako aukera ere ugari izan da plazan. Paella edota bokatak eskaini dituzte.
Autoz nahiz trenez jende asko gerturatu da Ikaztegietara. Berrobitik, Alkizatik, Altzotik, Abaltzisketatik, Larrauldik, Gabiriatik, Lizartzatik,... eta eskola txikirik ez duten herrietakoek ere parte hartu nahi zian dute. Antolatzaileak "gustura" agertu dira goizak eman duenarekin. Beste behin, eskola eta herri edota auzo txikiak bizirik daudela erakutsi dute. Geroa ziurtatu dadin lanean gogor jarraituko dute, eta gizarteari harro esan diete txiki izan arren hemen daudela, eta ez direla ezkutatuko.