Eskola Txikien Festa. Ikaztegieta 2016

Txikia ez dezaten inoiz ezkutatu

Ataria 2016ko ekainaren 9a

Eskola txikiak bizirik daude, eta horixe aldarrikatuko dute beste behin Ikaztegietan. Duela urtebete jaso zuten festa antolatzeko lekukoa Gabiriako eskolaren eskutik. Urte osoan ereindako lanak igandean, hilak 12, emango du bere fruitua, Ikaztegietan.

Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik lelopean, 10:30ean emango diote hasiera egunari plazan egingo den ekitaldiarekin. Herri txikia izanagatik trena pasatzen da bertatik, eta trenez gerturatzeko deia luzatzen zaie festan parte hartzera doazenei. Jarraian, ez da faltako jolasik haurrentzako.

Eta 13:30ean, plaza bete jenderentzat bazkaria prestatuko dute. 360 pertsonentzako paella egingo dute antolatzaileek. 15:00etatik 16:30era, ipuin kontalariak eta jolas libreak izango dira, batez ere, txikienen gozamenerako. Gorriti eta bere animaliek ere bisita egingo dute Eskola Txikien Festan, eta egunari amaiera ezin hobea emateko apar festa izango da. Apar artean galdu, dantzan egin eta jolasteko bi saio izango dira. Herriko plazaren bueltan eta kiroldegian banatu dituzte ekitaldiak.

IRRATI UHINETATIK ERE BAI

«Denok elkarrekin dezagun kantatu, txikia ez dezaten inoiz ezkutatu», dio eskola txikien kantuak. ATARIA irratiak ere ez du hutsik egingo, eta plazatik zuzenean emango du festaren berri. Mikrofonoetatik, berriz, Ikaztegietarekin eta Ikaztegietako Herri Eskolarekin lotura zuzena izan duten herritarrak pasako dira.

Bizirik daudela sentitzeko «batzuetan hobea izatea txiki, edozeinek daki», harro esaten dute, eta baita «eskola txikiak herri eta auzo, geroaren bila, pausorikan pauso!» oihukatu ere.

Amaia Heriz guraso elkarteko kideari elkarrizketa:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!