Orduan hiru ikas talde zeuden Ikaztegietako eskolan. Gaur egun bost ikas talde daude, bi Haur Hezkuntzan eta hiru Lehen Hezkuntzan, eta guztira 55 ikasle. Denbora tarte honetan hainbat aldaketa izan dira bertan. Hamazazpi urte daramatza Inma Delgadok irakasle moduan Ikaztegietan: «Eskolara iristerakoan ikusten zen espazio falta zegoela». Bera egon zen hasierako gelan maisu-maistraren etxebizitza izandakoa zen. «Bainuontzia eta guzti genuen, baina hori ere aprobetxatzen zen. Garai hartan obra txikiak egiten hasi ziren, egokitzapenak. Psikomotrizitate gela egin zen».
Mendea igarotzearekin batera, «herri osoak, udala tartean, ikusi zuen ez zela nahikoa obra txikiak egitea, eta eskola handiagoa behar zela», azaldu du Delgadok. «Orduan bi aukera zeuden, eskola berri bat egin edo zegoena handitu. Eta apustua egin zen eskolak herriaren erdian jarraitu behar zuela, berria egitekotan kanpoaldean eraikiko baitzen». Egun Mendizabal zinegotzia da eta gogoan du prozesu hura: «Herri mailan bildu eta ikusi zen eskola txikien xarma zela herrian bertan egotea. Jolastoki ireki bat izatea, eta haurrak herriaren erdian egotea, herria bizirik zegoela ikustea».
Herriak apustua egin zuela gaineratu du Mendizabalek: «Herriak, gurasoek eta irakasleek eskatzen zuten eskola herrian bertan geratzea, eta eskola txikiak daukaten xarmarekin eta berezitasunekin jarraitzea».
Apustu handia izan zela diote Mendizabalek eta Delgadok: «Lan asko egin zuten orduan udalean zeudenek eta eskolan zeudenek. Bilera asko egin ziren eta ordezkaritzara ere askotan joan behar izan zen». Urte eta erdian proiektua onartzea lortu zen. Aurrefabrikatu batean izan zen ikastalde bat denbora batez, eta eskola handitzearen prozesua modu berezian bizitu zuten, Delgadok gogora ekarri duenez: «Egoera hori ere baliatu genuen ikasleekin, amesten zuten eskola lantzeko». Ikasleek parte hartu zuten eskola diseinatzerakoan. «Eskolaren aurreko parkea ikasleek aukeratutakoa izan zen. Kontuan hartuta eskolaren jolastokia dela, ikasleek bere ekarpena egin zuten».
Eskola herriaren erdian geratzearekin «asko irabazi» zela dio Mikel Goñik, eskola txikien irakasleen koordinatzaileak: «Administrazioarentzat normala da funtzionatzeko gako batzuk izatea, eskola berri bat egiten denean zer azpiegitura eta ingurune behar diren zehaztuta izatea. Baina guk, eskola txiki bezala, beste begirada bat behar dugu, bai arlo pedagogikoan, bai metodologikoan, baina baita ere herria bera ikusteko beste perspektiba bat».
Mendizabalek gaineratu du «aberasgarria» izan zela guztientzat prozesu hura, eta Delgadok herriaren inplikazioa nabarmendu du, eskola handitzerakoan egindako lanetan: «Orain 22 urteko festan herri osoa inplikatu zen, eta obra hasi zenean ere herri guztia aritu zen mudantza egiten, hasi hiru urteko haurretatik aitona-amonetaraino. Denok bizitu genuen orain daukagun eskola lehen pertsonan».
Eskola handitzeak, besteak beste, hainbat espazio berri izatea ekarri zuen, tartean jangela eskolan bertan egotea. Izan ere, haur kopurua handitzen hasi zenean, jangela zerbitzua jarri zen, baina kiroldegian. Kiroldegian bertan zegoen ere aurretik haurreskola, 0-2 urte artekoentzat. Egun eskolaren eraikinean dago. «Eskaera egin zen eskolan bertan egoteko, baina eraikina berritu berritan Hezkuntza Sailak ezezkoa eman zuen», azaldu du Delgadok. «Baina orain ikasturte pare bat lortu da. Denok ikusi dugu hobea dela».
Mendizabalek gaineratu duenez, «eskola herriaren erdian geratzearekin egin zen moduan, haurreskola eskolaren eraikinera ekartzeko ere borrokatu egin zen. Kiroldegian zuten espazioarekin alderatuz, pixka bat txikiagoa da, baina asko irabazten dute, orain ez baitaude bakarrik, herriaren parte sentitzen dira. Gainera, besteak beste, psikomotrizitate gela ere erabiltzen dituzte». Haurreskolatik eskolara pausoa ematerakoan, egokitzea ere errazagoa da, Itziar Lazkano irakasleak azaldu duenez: «Askoz ere lasaiago sartzen dira. Espazio asko ezagutzen dituzte, eta eskolako haurrekin eta irakasleekin hartu-emana dute. Alde guztietatik da positiboa».
Egun 12 haur daude Baliarraingoak direnak Ikaztegietako eskolan. «Eskola handitzerakoan, jangela jarri eta espezialista guztiak izaterakoan, Baliarraingo familia batzuk nahiago izan zuten Ikaztegietara ekarri beren haurrak Alegiara eraman baino, gertutasunarengatik eta eskola txikia izateagatik», esan du Delgadok.
Festarako prest
Eginbeharreko guztiak eginda dituzte ekainaren 12an izango den festarako. Sei batzorde osatu dituzte eta koordinazioko beste batek denak biltzen ditu. «Ikasturte hasieratik lanean gabiltza, eta orain eguraldi onaren zain gaude», esan du Amaia Heriz eskolako Lagunak guraso elkarteko kideak.
Aurten festa «xumeagoa eta haurrengan zentratuagoa izatea» erabaki dute eskola txikietatik. «Azken urteetan dimentsio handia hartzen ari zen festa. Hasiera haietako esentzia pixka bat galdu da, eta horretara itzultzea zen ideia», azaldu du Herizek. Eskola txikietako guraso elkarteko koordinakundeko lehendakaria da Ainara Etxenausia, eta berak gaineratu duenez, «azkenean, modu batera edo bestera, herriarentzako karga bat suposatzen zuen festak». Festa ez antolatzeko ideia ere mahai gainean jarri zen. «Batzarrera eraman zen ideia hori eta ikusi zen herri bakoitzak bere festa izatea nahi zuela, baina apur bat errealista izanik, zer garen kontuan hartuta eta horren tamainako festa izanez», esan du Etxenausiak.
Hausnarketa prozesu batean sartu ziren gurasoen koordinakundea eta irakasleak. «Lan indartsu bat egin zen, eta urte eta erdi ondoren, arautegi bat sortu zen festak antolatzeko. Hori bozkatu egin zen eskoletan eta 26tik 24k aldeko botoa eman zuen», azaldu du Etxenausiak. «Ikaztegietari tokatu zaio lehenengo urtea arautegi berri honekin festa antolatzea, bere alde on eta txar guztiekin. Hemendik aurrera tokatuko zaigu balantzea egitea adostutako arautegiaren inguruan».
Goñik zehaztu duenez, «azken festetan betiko galdera izaten zen: zein da zuen helburua? Ematen zuen beste eredu batzuk bezala, dirua lortu nahian genbiltzala. Guk betidanik defendatu duguna da eskola publiko bat behar dela herri txikietan, eta bestelako herrietan ere bai. Beraz diru publikoarekin lagunduta izan behar du». Hortik aurrera galderak eta hausnarketak etorri ziren, eta «dena gure neurrira ekarri behar zela» erabaki zuten. «Ez badugu gure dimentsiora ekartzen, bertakoentzat agian galera ekonomikoa da, baina galera soziala ere bada, festa bihurtu daitekeelako lan karga astun bat, eta gure arteko ka-mikak sortu».
Herizek dioenez, «Ikaztegietan argi genuen helburua ez zela diru etekinak ateratzea, baizik eskola txikiok osatzen dugun komunitate guztiak elkartu eta egun polit bat elkarrekin pasatzea. Hemen gaudela, existitzen garela, esatea. Gure neurriko festa bat egitea». Horrek ez du esan nahi jendea ez denik behar aurten antolatzen ari diren festarako. Orain 22 urte herri guztiak parte hartu zuen, eta aurten ere antzekoa izango da. «Erantzunarekin oso pozik gaude: eskolako irakasleak, gurasoak, garai bateko gurasoak eta ikasleak, aitona-amonak, erretiratutako irakasle bat ere badabil... Perfil desberdin asko elkartu dira lanerako», esan du Herizek.
Festarako sortu den logoak bere esanahia du, Herizek azaldu duenez: «Logoa prestatzeko garaian argi genuen haurrei bere protagonismoa eman nahi zitzaiela. Eskolako haurrei esan zitzaien bere ekarpena egiteko». Hortik abiatuta bi eskuekin bihotza irudikatzen duen marrazkia sortu zen. «1994eko festatik eskola hankaduna berreskuratu genuen, guraso batek egin zuena, eta guzti horrekin ikasle ohi batek gauzatu du logoa. Eskola hankadunak eskola txikien lehenengo pausoei egiten die erreferentzia, eta bihotzak eskola maite dugula eta eskola diogunean herria ere maite dugula, denak esku beretik goazela».
Lau gune nagusi banatu dira festarako, eta bakoitzak bere kolorea izango du. «Ikasleak taldekatuko ditugu errotatuz denetatik igaro daitezen», esan du Lazkanok. Bi gune herriko kiroldegian izango dira, bat barruan eta bestea kanpoan, eta gaiak zirkua eta munduko jolasak izango dira. Beste bi gune, eskolaren inguruan izango dira, eta eskulanak eta osasuna-baserria izango dira gaiak. Hori goiz partean izango da.
Eguerdian bazkaria izango da, horretarako izena eman dutenentzat. «Ogitartekoak ere salgai jarriko dira, eta etxetik janaria eramango dutenentzat mahaiak izango dira bertan bazkaltzeko», zehaztu du Lazkanok. «Arratsaldean, ipuin kontalaria eta joko librea izango dira, eta adin guztietako jendeari erantzun nahiez, Gorriti eta bere animaliak». Egunari apar festarekin emango zaio amaiera.
Horrelako festetan izan ohi den moduan, oharrak ere izaten dira. Hala, garraio publikoari dagokionez, gogoan izan behar da trena herrian bertan geratzen dela. Norbere autoan joaten direnentzako, herriaren bi sarreretako industrialdeetan aparkalekuak egokituko dira.
Eskola txikien garrantzia
Mendizabalek argi du Ikaztegietako Udaletik duten ikuspegia eskolarekiko: «Guretzako eskola txiki bat izatea beharrezkoa da, eta berezia, eta herri guztiarentzako aberasgarria. Ahal den heinean saiatu behar gara herri guztiek bere eskola izan dezaten eta horrelako berezitasunak mantentzen».
Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik da komunitate osoak erabiltzen duen leloa, eta garbi dago guraso, irakasle eta udaleko kideek barneratuta dutela mezua. Herriaren erdian egoteak are gehiago nabarmentzen du eskolak ematen dion bizia herriari, Lazkanoren esanetan: «Jendeak eskola ingurutik pasatzerakoan ikasleen ahotsak entzuten ditu. Herria bizi mantentzen du». Mendizabalek horixe bera baieztatzen du: «Udan parkean egon ohi diren emakumeek eskola noiz hasiko den galdetzen dute. Faltan botatzen dituzte haurrak. Azkenean, herriarentzako bizia da». Haurrak “herri baten etorkizuna» direla gaineratu du Etxenausiak, «eta ume horiek herrian egoteak bermatzen du herri horrek bizirik jarraitzea. Herri baten biziraupenerako, eskola herrian izatea ezinbestekoa da».
Ezaugarri bereziak dituztela esan ohi da eskola txikien inguruan. Egun Gipuzkoan 26 daude. «Tamainak batzen gaitu, txikiak garela. Hori sekulako abantailan bihurtu zaigu denborarekin», azaldu du Goñik. «Adin aniztasuna da agian guretzako gauzarik bereziena. Irakasle bat datorrenean eta berria bada, lehenengo gakoa adin aniztasuna da. Bi, hiru, lau eta bost adin tarte ere kasu batzuetan, elkartuta ditugu». Goñik gaineratu duenez, «gero eta aniztasun handiagoa, orduan eta aberastasun handiagoa. Lan egiteko modua ere orduan eta konplexuagoa bihurtzen da. Ez berez adinak ezer banatzen duelako. Adina da gauza bat jaiotzeak ematen diguna, baina gero garapen intelektualean edo sozialean, denbora horrek ez du zeresan berezirik. Zazpi urteko haur bat Afrikan eta zazpi urteko haur bat Euskal Herrian, gaitasun guztiz ezberdinak izango dituzte».
Eskola txikiek gaur egun hezkuntza munduan garrantzitsuak eta abangoardistak diren fenomenoak berezko ezaugarri dituztela dio Goñik: «Horietako bat da adin aniztasuna. Bestea da familiekiko gertutasuna, herriarekiko gertutasuna. Ikas prozesua gauden lekuan egitea: interakzioa herriarekin eta herriko plazarekin oso garrantzitsua da. Kanpoarekin lotura zuzena izatea da herriarekin txertatuta egotea, ez eskolaren ateak itxi eta bertan egotea. Eta guk hori egin dezakegu eta aprobetxatu egiten dugu gainera. Gaur egun eskola bat ona izateko behar dituzun puntu guztiak, gai abangoardistenak, eskola txikietan jasotzen dira».
Bide horretatik, Goñiri garrantzitsua iruditzen zaio eskola txikien mugimendua nola joan den sortzen gogora ekartzea: «Orain 30-40 urte ahaztuta zeuden eskola txikiak. Espezialista falta, edo jangelarik ez izatea, garraio falta... Beste eskolek, handiak zirenak, bazituzten gauza batzuk eskola txikiak ez zituztenak. Horregatik hasi ziren irakasle batzuk elkartzen eta pentsatzen beraiek ere esku artean zutena ona zela eta gauza asko egin zitekeela horrekin». Gaur egun askok abantailak ikusten dituztela dio Goñik, «baina garai hartan bazen jendea herritik alde egiten zuena. Egin den lanari esker lortu da konfiantza gehiago izatea eskolarengan, nahiz eta txikia izan. Hortik sortu zen festa ere, eta horren ondoriotik sortu zen gurasoen koordinakundea ere. Irakasleon koordinazio guztia ere hortik sortu zen». Eta gaur egun eskola txikien egoera orokorra zein den azaldu du: «Osasuntsua eta oso baldintza onetan».
EGITARAUA
10:30. Hasiera ekitaldia plazan.
11:00. Guneetako jolasak.
13:30. Bazkaria, gune berdean.
15:00-16:30. Gune urdinean, ipuin kontalaria (bi saio) eta joko librea elizako aterpean.
16:30-18:00. Gune gorrian, Gorriti eta bere animaliak.
17:30-18:30. Gune urdinean, apar festa (bi saio).