Ile apaindegi zerbitzua martxan, herrian bertan

Imanol Garcia Landa 2016ko mai. 26a, 11:46

Larraitz Alonso herritarrak ileapaindegi zerbitzua jarri du abian, Ikaztegietako Udalak utzitako kiroldegiko lokal batean

Ikaztegietan ile apaindegia jarri da martxan, eta bertako arduraduna Larraitz Alonso herritarra da. «Aurreko asteko astelehen arratsaldean egin genuen inaugurazioa, eta luntx moduko bat egin genuen. Jendeari ile apaindegia erakusteko eta ordutegiak-eta azaltzeko izan zen, eta gero asteartean dagoeneko lanean hasi nintzen», esan du Alonsok. Lehenengo astea betea izan du. «Buzoneo bat egin zen aurretik eta jendea segituan jarri zen martxan orduak hartzeko».

Kiroldegiaren atzealdean dago ile apaindegia, lehen haur eskola zegoen lekuan. Astearte eta ostegunetan egongo da irekita, eta ordutegia goizetik arratsaldera izango da, eguerdian itxi gabe. «Ile apaindegietako ohiko zerbitzuetatik aparte, depilazioa eskaintzen da, eta denborarekin ere laserra ekartzeko asmoa dago», esan du Alonsok. «Kolorea, mozketa, tratamendua, eta aholkularitza ere ematen da, jendeak nola landu behar duen ilea azaltzeko». Zerbitzua herritar guztiei zuzenduta dago, bai emakumezkoak, bai gizonezkoak, eta baita haurrentzat ere.

Haur txoko bat ere jarri du Alonsok. Baliarrainen ere aritzen da lanean, udalak jarritako lokal batean, eta konturatu da horrelako herri txiki batean garrantzitsua dela haurrek bere txokoa izatea. «Askotan gurasoek ez dute haurrak norbaitekin uzteko aukerarik, eta ile apaindegira etortzen dira lasaitasun guztiarekin. Beraiei ilea mozten diedan bitartean, haurrak beraien txokoan egoten dira». Bestalde, Alonsok ere ikusi du haurrak ilea moztera joaten direnean, askotan ez dutela nahi apain-mahaiaren aurrean geldirik egotea. «Orduan, beraien txokora joaten naiz eta margotzen ari direnean-eta mozten diet ilea. Eta askotan horrela lasaiago daude. Haurrak garrantzitsuak dira ile apaindegi batean, beraien denbora behar dute eta».

LASAITASUNA

Herrikoa izateak ere ematen ditu abantailak horrelako zerbitzua martxan jartzean. «Azkenean ezaguna izateak ere laguntzen du», esan du Alonsok. «Herriarekiko maitasun hori ere banuen, eta nahi nuen horrelako leku bat jarri bertan». Ikaztegietan herritar batek ile apaindegia izan zuen, eta emakume bat ere aritu zen ilea mozten, baina aspaldi ez zegoen herrian bertan zerbitzua. Alonsok Baliarrainen orain urte gutxi jarri zuen ile apaindegi zerbitzua. «Oso harrera ona izan du, eta gustura nago bertan».

Bai Baliarrainen eta bai Ikaztegietan ere ile apaindegia izatea ezberdina dela dio Alonsok, herri handi batekin alderatuz. «Batetik, ingurunea. Bestetik, beste lasaitasun bat dago. Nik neronek sumatzen dudana eta gero jendeak esaten duena. Askotan umeak bakarrik datoz ile apaindegira. Lasaitasun handia da bai lanerako eta baita bezeroentzat ere». Alonsok gaineratu duenez, «ez duzu trena edo kotxea hartu behar, eta hori ere bizi kalitatea da. Beti ordulariaren menpe gabiltza, eta herritik ez mugitze horrek ere beste lasaitasun bat ematen dizu».

Bakarne Otegi alkateak azaldu duenez, herritarrek eskatutako zerbitzua izan da ile apaindegiarena. «Legealdiaren hasieran udalean sartu ginenean, mahai gainean zegoen gai bat zen. Herritarren eskaerak jarraitzen zuen eta aurrera eraman dugu».

Aurretik haur eskola zegoen bertan, eta eskolara lekualdatzean, lokala hutsik geratu zen. «Irisgarritasun aldetik leku egokia da, eta lasaia, eta ikusi zen egokia zela ile apaindegia jartzeko», esan du Otegik. Hitzarmena bi urterako sinatu da, eta luzagarria da. Udalak lokala jarri du eta Alonso arduratu da hornitzeaz.

Otegik gaineratu duenez, «gero eta zerbitzu gehiago izan herrian, orduan eta herri biziagoa izaten da. Herritarrentzat edozein zerbitzu herrian bertan izatea oso garrantzitsua da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!