Eskola guztiak parte hartu du aurkezpenean: ikasle, irakasle, guraso elkarteko ordezkariak eta herriko alkateak ere. Bukaeran denek batera abestu dute eskola txikien abestia.
Ainara Etxenausia Gipuzkoako Eskola Txikien Gurasoen Koordinakundeko lehendakariak festa giroan egingo duten aldarrikapena nabarmendu du, eta leloa aipatu du horretarako: "Eskola herrian edo auzoan izateak duen garrantzia aldarrikatzen dugu, herri eta auzo txikiak bizirik izateko eskola txikiek duten garrantzia".
Imanol Zubizarreta Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioaren lehendakariak bide horretatik jarraitu du: "Gipuzkoan herri txiki dezente ditugu, eta herri hauek mantentzeko ezinbestekoa da herri bakoitzean bere eskola izatea. Herri batentzat eskola izatea altxorra edukitzea da, eta edozein altxor bezala maitatu, zaindu eta mimatu behar da". Zubizarretak esan du ez dela altxorra herriarentzat bakarrik, "hezkuntza sistema osoarentzat ere. Eskola Txikiek duten ezaugarriak ikusita, metodologia, parte hartzea, inplikazioa... edozein eskolarentzat eta hezkuntza sistema osoarentzat eredu dira". Eskola txikien ezaugarriak gizarteratzeko festa eguna momentu aproposa dela gaineratu du, eta festara joateko gonbita egin du.
Bere aldetik, Mikel Goñi Eskola Txikietako irakasleen koordinatzaileak eskola txikien aniztasuna nabarmendu du: "Aniztasuna aberastasuna da. Eskola txikiok aspalditik ikusi ahal izan dugu talde batek indarra izateko aniztasuna beharrezkoa dela. Beraz, Euskal Eskola Publikoaren barnean ere aniztasuna indartzen jarraitu nahi dugu". Gipuzkoan 26 eskola txiki daudela ekarri du gogora. "Eskola horien artean egon den koordinazioari eta urteetan barna egindako lanari esker nortasun propioa garatu dugu eta hezkuntza eta eskola ikusteko eta bizitzeko modu propioa".
Amaia Heriz Lagunak Guraso Elkarteko kideak aurtengo logotipoaren berri eman du. "Elkarlana islatuko zuen zerbait egin nahi genuela erabaki genuen", esan du, eta bide horretan ikasleak nabarmendu nahi izan dituzte eskolako protagonista gisa. Hori horrela, logotipoan jartzeko marrazki bat egitea eskatu zitzaien haurrei. "Haietatik abiatuta osatu dugu bi eskuak bihotza irudikatzen duen marrazkia". Horrez gain, "eskolako guraso eta aurreko belaunaldietako familiekin izan nahi genukeen harremana azpimarratzeko, 1994ko festako eskola hankadunaren irudia berreskuratu dugu". Herizek gaineratu duenez, "eskola hankadunak eskola txikion lehenengo pausoei egiten die erreferentzia. Hasierako saiakeretatik gaur gareneraino bide beretik heldu garela eta, eskola txikien izpiritu hura ekarri nahi du gogora".
Festa aurten "xumeagoa eta haurrengan zentratuagoa" izango dela azaldu dute aurkezpenean. Lau gune nagusitan banatu dute festa. Horietako bi eskolaren inguruan izango dira, eskulanak eta osasuna-baserria gai moduan hartuta, eta beste biak kiroldegiaren inguruan, gai moduan zirkua eta munduko jolasak izanik. Arratsaldean ipuin kontalaria, Gorriti eta bere animaliak, eta apar festa antolatu dituzte.
Itziar Lazkano Ikaztegietako Herri Eskolako zuzendaritzako kideak eskerrak eman ditu festaren prestaketan parte hartu duten babesle eta laguntzaile guztiei, eta ekainaren 12an Ikaztegietara joateko gonbita egin du.