Sei batzorde osatu dituzte festarako: ekonomia, zerbitzuak, ikuskizunak, salmenta, trafikoa eta garbiketa. Boluntario kopuru handia behar da eta antolatzaile taldetik banatu dute etxeetara orri bat herritarrek izena emateko. Bertan zehazten dira egin behar diren lanak, eta boluntario izan nahi duenak zein lanetan aritu nahi duen jarri behar du, bere izen-abizenak eta telefonoarekin batera.
Eskola Txikietako Festarako logotipoa egiterakoan, elkarlana islatuko zuen zerbait egin nahi zutela erabaki zuten. Eskolako haurrei logotipoan jartzeko marrazki bat egiteko eskatu zitzaien. Haietatik abiatuta osatu dute bi eskuek bihotza irudikatzen duten marrazkia. Bestalde, eskolako guraso eta aurreko belaunaldietako familiekin harremana azpimarratzeko, 1994ko festako eskola hankadunaren irudia berreskuratu dute.
«Eskola hankadunak Eskola Txikion lehenengo pausoei egiten die erreferentzia», azaldu dute antolaitzaile taldetik. «Hasierako saiakeretatik gaur gareneraino bide beretik heldu garela-eta, Eskola Txikien izpiritu hura ekarri nahi du gogora. Festa ere halakoa izango da aurten, xumeagoa eta haurrengan zentratuagoa. Azken finean, herriaren parte hartzeari esker antolatzen da egun hau, eta herria osatzen dugun guztion ahalegin handi bezain txikitik dator». Festarekin betiko aldarria nabarmendu nahi dutela diote: «Herri, eskola eta auzo txikiak bizirik!».
Festararen harira ateratako materiala saltzen aritu dira inguruko herrietan, baina festa iritsi bitarte ez dute beste posturik jartzeko asmorik. Beraz, egun erosketak egiteko modu bakarra eskolaren bidez da; bertan muestrarioa dago eta e-mailez eska daiteke. Arroparen eskari guztia egina dute, beraz komeni da aldez aurretik deitzea, 651707601 edo 639967130 zenbakietara, nahi den materiala dagoela ziurtatzeko.